Jaunaren Eguneko elizkizunak abaderik ez danean

ARGIBIDE ETA ARAU NAGUSIAK

JAINKO GURTZARAKO KONGREGAZINOA

 

SARRERA

 

1. Kristoren Elizea, Mendekoste egunetik, Espiritu Santuaren etorrerearen ondoren, ez deutso itzi «Jaunaren eguna» edo domekea deritzan egunean batzarrean biltzeari, Jaunaren biztuerearen oroimenez pazko misterioa ospatzeko. Domekako batzarrean Elizeak Idazteun osoan Kristori buruz idatzita dagoana irakurten dau[1] eta Eukaristia ospatzen, Jaunaren heriotza-biztueren oroigarri, Bera barriz etorri artean.

2. Gertatzen da, ostera, ez dala beti egin ahal izaten domekearen ospakizun betea. Izan ere, asko izan dira, eta gaur egun ere badira, «ministro ordenaturik ez dagoalako edo beste arrazoi larriren batengaitik, eukaristia ospakizunean parte hartu ezinean gertatzen diran fededunak».[2]

3. Herrialde batzuetan, lehenengo ebanjelizatzearen ondoren, Gotzainek katekisten esku itzi eben fededunak domeketan batzeko eta elizkizunen antzera otoitza zuzentzeko eginkizuna. Kristinauak, euren kopurua ugaritzean, leku desbardin eta, batzuetan, urrinekoetan sakabanatuta aurkitzen ziran, eta abadeari ezinezko gertatzen jakon eurekin domekero batzarrean batzea.

4. Beste leku batzuetan, kristinauen aurkako erasoaldiak edo erlejino askatasunari ezarritako beste mugapen zorrotzak dirala-ta, fededunek debekatuta dauke domekan kristau batzarra egitea. Sasoi batean domekako batzarrari, martiritzaraino leial erantzun eutsoen kristinauak izan ziran lez,[3] orain ere badira, euren artean ministro ordenaturik ez ziran arren, familian edo talde txikietan otoitz egitera domekan batzeko ahalegin guztiak egiten dabezanak.

5. Bestalde, gure egunotan, abade kopurua gitxitu dalako, badira hainbat lurraldetan domekero Eukaristiaren ospakizuna izaterik ez daben parrokiak. Gainera, ez dira gutxi sozial eta ekonomia arazoengaitik jente barik geratu diran parrokiak. Horregaitik, abade askori domekan Meza bat baino gehiago ospatzeko ardurea emon jako; Meza horreek, bestalde, alkarrengandik urrin dagozan eliza desbardinetan emon behar izaten dabez. Jokabide hau, ostera, ez da beti onuratsutzat joten, ez artzain barik geratu diran parrokientzat, ezta abadeentzat eurentzat ere.

6. Hori dala-ta, aipatutako egoeretan aurkitzen diran lekuan lekuko Eliza batzuetan, Gotzainek beharrezkotzat jo dabe abade gabeziari erantzuteko beste ospakizun batzuk jartzea domeketan, ahal dan erarik oneneko kristau batzarra eduki ahal izateko, eta domekearen kristau tradizinoa ziurtatzeko.

Ez hain gitxitan, batez ere misino lurraldeetan, domekeak dauan garrantziaz jabetuta, katekista eta erlijioso-erlijiosen laguntzagaz, fededunak berak batzen dira Jaungoikoaren berbea entzuteko, otoitz egiteko eta gure Jauna hartzeko.

7. Arrazoi honeek guztiak gogoan izanda eta Aulki Santuak argira emondako idazkien arabera,[4] Jainko Gurtzarako Kongregazinoak, Gotzain Batzarren nahiei ere bide emonez, egoki irizten deutso domekeari buruzko oinarrizko zenbait irakasgai gogoratuazo, elizbarrutietan ospakizun horreek legeztatzen dabezan baldintzak ezarri eta honeen jarduera zuzenerako oharpen batzuk emoteari.

Gotzain Batzarrei dagokie, egoki irizten badeutsoe, gero arau honeek eurek zehaztea eta herri desbardinen izaera eta egoerara egokitzea, horren berri Apostolu Aulkiari emonez.

 


 

 

 

I. ATALA

DOMEKEA ETA BERAU SANTUTZEA

 

8. «Elizeak, jatorria Kristoren Biztuera egunean bertan dauan, eta apostoluengandik datorren tradizinoari jarraituz, zortzi egunetik behin ospatzen dau pazko misterioa; arrazoiz ?Jaunaren eguna? edo domekea deritzan egunean ospatu ere».[5]

9. Itun Barrian argi aurkitzen dira, lehenengo eta bigarren mendeetako antzinako dokumentuetan,[6] «Jaunarena» lez izendatzen dan eguneko fededunen batzarraren testigantzak,[7] eta horreen artean san Justinorena nabarmentzen da: «Eguzkiarena deritzan egunean, bazarra egiten da, uri eta herrietan bizi diran (fededun) guztien batzarra?»[8] Orduan, kristinauak batzarrean batzen ziran eguna -domekea, hain zuzen ere- ez zan bat etorten greziarren eta erromatarren egutegiko jaiegunekin, eta, horregaitik beste uritarrentzat kristau nortasunaren zelanbaiteko ezaugarri bihutzen zan batzar egun hori.

10. Aurreneko mendeetatik, eliz artzainek etenbarik gogoratu deutsee kristinauei domekan batzarrean batu beharra; «Batzen ez zareela-ta, ez zaiteze Elizatik aldendu, Kristoren gorputzeko atal zaree-ta?; ez izan nagi, ez egizue Salbatzailea atalgabetu, ezta Haren gorputzari atalak kentzen esku hartu ere?».[9] Hori bera da azkenaldi honetan Vatikanoko II. Kontzilioak hitz honeekin gogoratu dauana: «Egun honetan batzarrean bildu behar dabe fededunek, Jaungoikoaren hitza entzunez eta Eukaristian parte hartuz, gogora ekarri dagiezan Jesus gure Jaunaren nekaldia, biztuerea eta aintza, eta Jaungoikoari eskerrak emon deioezan itxaropen bizirako sortu gaitualako barriro, Jesukristoren hilen arteko biztuerearen bidez (1 Pe 1,3)».[10]

11. Honela adierazoten dau Antiokiako san Inaziok domekearen ospakizunak fededunen bizitzan dauan garrantzia: «(Kristinauek) ez dabe dagoeneko zapatua ospatzen, domekearen arabera bizi dira-ta, egun horretan biztu da-ta gure bizia ere Haren (Kristoren) eta Beronen heriotzaren bidez».[11]

Fededunen kristau senak, orainaldian lez iraganean ere, estimu haundia izan dau domekeaganako, eta ez dau berori ahaztu nahi izan, ez erasoaldietan ezta kristau sinismenetik urrun, nahiz berorren aurka, dagozan kulturen erdian ere.

12. Domekako batzarrerako beharrezko diran baldintzarik nagusienak honeek dira:

  • fededunak batzea, hauxe adierazoteko: «Elizea» ez dala berariaz bildutako batzarra, Jaungoikoak deitutakoa baino, hau da, gorputz baten antzera eraikita dagoan eta Kristo Buruaren izenean abadea buru dauan Jainko herria dala;
  • pazko misterioari buruzko irakaspena, abadeak nahiz diakonoak irakurten eta argitzen dituan Liburu Santuen bidez;
  • eukaristia opariaren ospakuntza, Kristoren izenean abadeak egiten eta kristau herri osoaren izenean eskeintzen dauan ospakuntza, beronegaz pazko misterioa gertabarritzen dalarik.

13. Pastoral ardurak domeka bakoitzean Mezearen oparia ospatzea izan behar dau, batez ere, helburu; horren bidez bakarrik emoten jako-ta iraupena Jaunaren Pazkoari[12] eta berorren bidez azaltzen da Elizea bere osoatasunean. «Domekea da lehenengo jaia, fededunen jainko zaletasunerako aurkeztu eta azpimarratu behar dana? Ez bekio domekeari beste jairik aurretik jarri, bene-benetan garrantzi haundikoa izan ezik, domekea dalako liturgi urte osoaren oinarri eta muina».[13]

14. Kristau heziketabidearen hasieratik, behin eta barriz gogoratu behar dira oinarrizko gai honeek, fededunek bihotzez bete dagien jaieguna santutzeko agindua, eta ulertu dagien, domekan, Elizeak deituta, Eukaristia ospatzeko batzen dirala,[14] eta ez bakarrik norbere jaiera pribatuari erantzuteko. Horrela, giza ekintza ororen gainetik dagoan jainko ekintzaren ezaugarri lez bizi ahal izango dabe fededunek domekea, eta ez atseden egun huts lez. Sakontasun haundiagoz ulertu ahal izango dabe domekako batzarraren balioa, eta hobeto adierazoko dabe, kanpo aldera, Elizearen atal dirala.

15. Fededunek domekako batzarretan aurkitu ahal behar dabez, bai esku-hartze bizia bai benetako anaitasuna, eta Espirituaren gidaritzapean euren buruak espiritu bizitzan sendotzeko egokiera ere. Horrela errezago zaindu ahal izango dabez euren buruak, bakardadearen atsekabean arindura eta euren erlejino nahikundeen asebetetze osoagoa agintzen deutseen sekten erakarpenaren aurrean.

16. Pastoralgintzak, azkenik, indartu egin behar ditu, domekea «alaitasun eta alkartasun egun» izan daiten lortzera zuzendutako ekinbideak,[15] horrela gaurko gizartearen erdian askatasun ezaugarri lez azaldu daiten Jaunaren eguna eta, ondorioz, pertsonaren giza alderdiaren beraren onerako eratutako egun lez, honek dauan balioa irabazpide eta produkzino bilakaerena baino zinez haundiagoa danez.[16]

17. Jaungoikoaren Berbea, Eukaristia eta abade ministerioa Jaunak bere emazte dauan Elizeari eskeintzen deutsozan dohainak dira. Horregaitik, Jaungoikoaren grazia lez onartu eta eskatu behar dira. Dohain honeek batez ere domekako batzarrean gozatzen ditu Elizeak, eta bertan Jaungoikoari eskerrak emoten deutsoz, «Jainko aulkiaren eta Bildotsaren aurrean»[17] bete-betean gozatuko dituan Jaunaren egunaren itxaropenean.

 

 


 

 

 

II. ATALA

DOMEKAKO OSPAKIZUNEN BALDINTZAK ABADERIK EZ DANEAN

 

18. Leku batzuetan, domekako Mezea ospatu ezin danean, fededunek eukaristia misterioan parte hartzeko beste lekuren bateko elizara hurreratzerik ez ete dauken begiratu behar da lehenengo. Urtenbide hau gomendatu behar da gure egunotan ere eta, ahal dan neurrian, baita zaindu ere. Honek, ostera, fededunak domekako batzarraren esangura osoari buruz zuzen heziak egotea eta euren buruak egoera barrietara gogo onez egokitzea eskatzen dau.

19. Domekan Mezarik ez ospatu arren, ahaleginak egin behar dira, fededunei, era desbardinetako ospakizunetan batuta, Liburu Santuen eta Elizearen otoitzaren aberastasunak eskeintzeko, urtean zehar egiten diran irakurgai eta liturgi aldietako otoitz barik gelditu ez daitezan.

20. Meza ospatzea ezinezko gertatzen danean, liturgi tradizinoan ezagunenak diran jokaeren artean, Jaungoikoaren Berbearen ospakizuna da gomendagarriena,[18] aukerea dagoenean ondoren gure Jauna hartu daitekeelarik. Horrela, fededunek era berean Jaungoikoaren Berbeaz eta Kristoren gorputzaz euren buruak janaritu daikeez. «Jaungoikoaren Berbea entzunez ikasten dabe, aldarrikatzen diran jainko harrigarriek pazko misterioan dabela euren betea, honen oroigarria ospatzen da-ta sakramentuz Mezan eta horretan parte hartzen dabe gure Jauna hartzean».[19]

Gainera, egoera batzuetan, egoki batu daitekez domekearen ospakizuna eta sakramentu batzuen ospakizunak eta, batez ere, sakramentalenak, alkarte bakoitzaren preminen arabera.

21. Fededunek garbi ikusi behar dabe, ospakizun honeek domekako Eukaristiaren ordezko zerbait besterik ez dirala, eta ez daitekezala hartu zailtasun barrientzat urtenbiderik onena balitzaz lez, edo erosotasunari amore emon gura balitxako lez.[20] Era honetako bilera edo batzarrak ezin daitekez sekula ospatu aurreko eguneko arratsaldean Meza ospatu dan lekuetan, nahiz eta ospakizun hori beste hizkuntza batean egina izan; ez da egokia horrelako batzarrak errepikatzea.

22. Arreta haundia jarri behar da, era honetako batzarren eta eukaristia ospakizunaren arteko nahasketarik gertatu ez daiten. Batzar honeek ez dabe itzali behar fededunengan, gehitu baino, eukaristia ospakizunean esku hartzeko gogoa; eta Eukaristian sarriago parte hartzera prestatu behar dabez.

23. Fededunek ulertu behar dabe, ezinezkoa dala abade barik eukaristia opariaren ospakizuna, eta batzar honeetan hartu daikeen gure Jauna Meza-opariekin estu lotuta dagoala. Horregaitik, egoki da fededunei adierazotea, zein beharrezkoa dan «(Jaungoikoaren) misterioen zerbitzariak ugaritu daitezan eta beti Haren maitasunean iraun dagien» otoitz egitea.[21]

24. Elizbarrutiko Gotzainari dagokio, Abade Batzordearen eritzia entzunda, bere elizbarrutian domekako batzar honeek, Eukaristiarik ospatu barik, normalean egin behar diran ala ez erabagitzea, eta horretarako arau orokorrak eta bereziak emotea, pertsonen eta lekuen egoerak gogoan izanda.

Beraz, ez beitez antolatu honelako batzarrak, Gotzainaren deiaren bidez eta parrokoaren pastoral ministeritzaren babesean izan ezik.

25. «Ez da ezelango kristau alkarterik eraikitzen, Eukaristia Santuaren ospakizuna ez badau sustrai eta ardatz».[22] Horregaitik, Gotzainak Eukaristiaren ospakizun bako domekako batzarrak egitea erabagi aurretik, parrokien egoera aztertzeaz gain (ik. 5. zenb.), kontuan izan behar da, zuzenean arimen ardurarik ez daben abadeengana jo ote daitekeen, baita erlijiosoengana ere; kontuan izan behar da, era berean, eliza eta parrokia ezberdinetan ospatzen diran mezen kopurua ere.[23] Beste edozein pastoral ekintzaren gainetik, Eukaristiaren ospakizunak dauan lehentasunari eutsi behar jako, batez ere domekan.

26. Gotzainak, berak zuzenean edo beste norbaitzuen bidez, erabagi hau hartzera eragin deutsoen arrazoiei buruzko katekesi egoki bategaz eskolatuko dau elizbarrutiko alkartea, erabagi honen garrantzia azpimarratuz eta erantzukizunera eta alkarlaguntzara dei eginez. Ospakizunak zuzen egin daitezan arduratuko dan ordezkari edo batzorde berezi bat izendatuko dau; ospakizunak zuzenduko dabezanak aukeratuko ditu eta behar lez heziak izan daitezan arduratuko da. Gainera, horrelako egoeran aurkitzen diran fededunek urtean zehar eukaristia ospakizunean ahal dan gehienetan parte hartu dagien ahaleginduko da.

27. Parrokoari dagokio bere eskumeneko barrutian ospakizun honeek egitearen egokitasunari buruz Gotzainari barri emotea; fededunak horreetarako prestatzea; aste barruan eurei ikustaldiren bat egitea; une egokietan eurentzat sakramentuak ospatzea, batez ere Penitentzia. Horrela, somatu ahal izango dau alkarteak, batzarrean batzen dala domekan, ez «abade barik», «abadea eurekin izan barik» baino, edo, hobeto esan, noizbait «abadea izango daben itxaropenean».

28. Meza ospatzea ezinezko gertatzen danean, parrokoa gure Jauna banatzen ahaleginduko da. Alkarte bakoitzean epe jakinetan Eukaristia ospatzeaz ere arduratuko da. Ogi sakratuak maiz barritu behar dira eta leku seguruan gorde.

29. Domekako batzar honeek zuzentzeko diakonoei dei egingo jake, honeek dira-ta abadeen lehenengo laguntzaileak. Jaungoikoaren herria larratzeko eta haziazoteko sagaratua izan dan diakonoari dagokio otoitza zuzentzea, Ebanjelioa aldarrikatzea, homilia estea eta Eukaristia banatzea.[24]

30. Ez abaderik ez diakonorik ez dagoanean, parrokoak laikoak izendatuko ditu, eta euroi egotziko deutse ospakizunen ardura, hau da, otoitza zuzentzea, berbearen zerbitzua eta gure Jauna banatzea.

Lehenengo eta behin, aldarearen eta Jaungoikoaren Berbearen zerbitzurako eratuak izan diran akolitoak eta irakurleak aukeratu beharko ditu. Honeetakorik ere ez balego, beste laikoak izendatu daikez, gizonezko nahiz emakume, euren Bateoari eta Sendotzari esker gai dira-ta honeek eginkizun hori betetzeko.[25] Honeek Ebanjelioaren araberako bizi portaerari begiratuz aukeratuak izan beitez; eta fededunen aldetik ondo hartuak izango diran arreta ere izan bedi. Izendapena normalean epe jakin baterako egingo da, eta alkarteari horren barri emongo jako. Egokia izango da izendatutako horreen alde ospakizunen batean otoitz berezi bat egitea.[26]

Parrokoak bere gain hartuko dau laiko honeei heziketa egoki eta iraunkorra emoteko eta eurekin ospakizunak egoki prestatzeko erantzukizuna (ik. III. atala).

31. Izendatuak izan diran laikoek ez dabe eginkizun hau ohore lez hartuko, parrokoaren zuzendaritzapean bete behar daben eginkizun, eta senideenganako zerbitzu lez baino. Eginkizuna ez da eurei berez dagokiena, beste norbaiten ordez bete beharrekoa baino, «Elizearen beharrak eskatzen dauanean eta ministrorik ez dagoanean» beteten dabe-ta.[27]

Hartu daben eginkizunaren arabera «dagokien guztia eta hori bakarrik egingo dabe».[28] Euren egitekoa benetako jaieraz eta prestasunez beteko dabe, eginkizun honi dagokion lez eta herriak arrazoiz eskatzen deutsen lez.[29]

32. Domekan Jaungoikoaren Berbearen ospakizuna eta gure Jaunaren banaketea egiterik ez badago, biziki gomendatzen jake fededunei, «otoitzean egon daitezala, behar dan denporan, banaka, familian edo, egoki badator, familia taldean».[30] Horrelakoetan, egoki izan daiteke, irrati edo telebistak eskeintzen dabezan eliz ospakizunen emonkizunez baliatzea.

33. Kontuan izan bedi, batez ere, Orduen Liturgiaren zatiren bat ospatzerik ez ete dagoan, adibidez, goizeko Gorespenak edo Bezperak, honeetan domekeari dagokiozan irakurgaiak sartu daitekezalarik. Izan ere, «fededunak Orduen Liturgiarako deitu eta biltzen diranean, euren bihotzak eta ahotsak alkartuta, Kristoren misterioa ospatzen dauan Elizea jarten dabe agerian».[31] Ospakizun honeen amaieran gure Jauna emon daiteke (ik. 46. zenb.).

34. «Erasoaldiarengaitik edo abaderik ez dagoalako, epe laburrerako nahiz luzerako, Eukaristia Santua ospatu ezina gertatzen jaken fededun banakakoari edo alkarteei, ez jake horregaitik Eroslearen graziarik falta. Euren barruan Sakramentuaren gogo biziz eta Eliza osoagaz otoitzean bat eginda badagoz, eta Jaunari dei egin eta euren bihotzak Harengana jasotzen badabez, bat eginda bizi dira, Espiritu Santuaren indarrez, Kristoren gorputz bizia dan Elizeagaz eta Jaunagaz beragaz? eta Sakramentuaren frutuak hartzen dabez».[32]

 

 


 

 

 

III. ATALA

OSPAKIZUNA

 

35. Meza barik domekan egiten dan ospakizunaren egitarauak zati bi ditu: Jaungoikoaren Berbearen ospakizuna eta gure Jauna banatzea. Ez bedi sartu batzar honetan Mezeari dagokionik, batez ere oparigaien eskeintza eta Eukaristia otoitza. Ohikunearen egiturak lagundu dagiala benetan otoitz egiten eta agertu dagiala, ez batzar soilaren irudia, liturgi batzarrarena baino.

36. Domeka edo festaburu bakoitzeko otoitz eta irakurgaiak, normalean, Meza Liburutik eta Irakurgaien Liburutik hartuko dira. Horrela, kristinauek, liturgi urtearen hariari jarraituz, Elizako beste alkarteekin bat eginda egingo dabe otoitz eta entzungo Jaungoikoaren Berbea.

37. Parrokoak, horretarako izendatutako laikoekin ospakizuna prestatzean, egoki iruditzen jakozan moldaketak egin daikez, esku hartuko dabenen kopurua eta laguntzaileen gaitasuna gogoan izanda, eta kanturako erabili ahal izango diran tresnak eta musika-ahalbideak ere kontuan hartuz.

38. Batzarburua diakonoa danean, bere ministerioari dagokionaren arabera jardungo dau, agurrak egitean, otoitzean, Ebanjelioa aldarrikatzean eta homilian, gure Jauna banatzean eta batzarkideei bedeinkapenagaz azken agurra egitean. Bere ministerioari dagokiozan liturgi jantziak erabiliko ditu, hau da, alba estolagaz eta, egokieraren arabera, dalmatika; eta ospakizun buruari dagokion jarlekuan jarriko da.

39. Batzarra zuzentzen dauana laikoa danean, hau besteen maila bereko bat lez ibiliko da, Orduen Liturgian buru dagoana ministro ordenatua danean lez, hain zuzen ere, edo bedeinkapenetakoan ministroa laikoa danean gertatzen dan lez (Jaunak bedeinkatu gagizala?, Bedeinkatu dagigun Jauna?). Ez ditu erabiliko abadearentzat edo diakonoarentzat bakarrik diran hitz edo esaldiak, eta alde batera itzi behar ditu mezeagaz lotura zuzena daben ohikuneak, adibidez, agurra, batez ere Jauna zuekin, eta azken agurreko formula, honek zuzendari laikoa sagaratutako ministroa balitz lez agertzera eroango leuke eta.[33]

40. Bere janzkera eginkizun honi dagokionaren itxurakoa izango da, edo Gotzainak bere sasoian erabagi daiken erakoa.[34] Ez da jarriko batzarburuari dagokion jarlekuan, beste jarleku bat prestatuko da berarentzat presbiteriotik kanpora.[35] Aldarea, opariaren eta pazko otorduaren mahaia izanda, bertan ogi sagaratua ipinteko bakarrik erabiliko da, gure Jauna banatu aurretik.

Ospakizuna prestatzean, eginkizunak egoki banatzen saiatu behar da, esate baterako, irakurketak egiteko, abesteko, e.a., eta baita lekua egokitu eta apaintzeko ere.

41. Ospakizunaren egiturak atal honeek ditu:

  • hasierako ohikuneak: batu diran kristinauak alkarte egitea eta ospakizunerako egoki prestatzea da ohikune honen helburua;
  • Berbearen liturgia: berbearen bidez Jaungoikoak berak herriari erospen eta salbamen misterioa agertzen deutso; eta batzarrak fede autormenaren eta Jaungoikoaren herriaren otoitzaren bidez erantzuten deutso;
  • eskerrak emoteko ohikunea: otoitz honen bidez Jaungoikoa bedeinkatzen dogu bere neurrigabeko aintzarengaitik (ik. 45. zenb.);
  • jaunartze ohikuneak: honeetan Kristogazko eta senideekazko alkartasuna adierazoten eta egiaz gertatzen da; senideekazko alkartasun hau, batez ere, egun horretan bertan eukaristia oparian esku hartzen dabenengana luzatzen da;
  • amaierako ohikuneak: liturgiaren eta kristau bizitzaren arteko loturea adierazoten dabe.

Gotzainen Batzarrak edo elizbarrutiko Gotzainak berak, leku eta pertsonen egoerea gogoan izanda, ospakizunerako zehaztasun gehiago emon daikee Liturgiarako Nazinoko Batzordeak edo Liturgiarako Elizbarrutiko Idazkaritzak prestatutako lagungarrien bidez. Hala ere, egitura hau ez da, premina barik, aldatu behar.

42. Hasierako oharpenean, edo ospakizunaren beste uneren batean, zuzendariak gogora ekarten dau, domeka horretan, parrokoa buru dala, Eukaristia ospatzera batu dan kristau alkartea, eta espirituz beragaz bat egitera gonbidatzen ditu batuta dagozan kristinauak.

43. Ospakizunean esku hartzen dabenek Jaungoikoaren Berbea gogoan jaso dagien, egin bedi irakurgaiak argitzeko azalpena edo entzun dana barruratzeko isilunea. Homilia abadeari edo diakonoari bakarrik dagokionez,[36] parrokoak aurrez egindako homilia emon deikeo zuzendariari, honek batzarrari irakurri dion. Dana dala, bete bedi gai honi buruz Gotzainen Batzarrak agindu izan daikeena.

44. Jainko herriaren otoitza, ezarrita dagoan asmo ereduaren arabera egingo da.[37] Ez beitez itzi gogoratu barik, egokiera batzuetan Gotzainak elizbarruti osoaren alde jarrita izan daikezan asmoak. Era berean, sarri egin beitez abadetzarako bokazinoen aldeko, eta Gotzainaren eta parrokoaren aldeko eskariak.

45. Eskerrak emoteko ohikunea, bi eredu honeetako baten arabera egingo da:

  • Jainko herriaren otoitzaren ondoren nahiz gure Jauna emotea amaitzean; zuzendariak Jaungoikoari eskerrak emotera konbidatzen ditu batzarkide guztiak, Jaungoikoaren aintza eta Honen errukia goraipatuz. Hori salmo bategaz egin daiteke, 99, 112, 117, 135 edo 150 salmoekin, esate baterako, edo goratzarre nahiz kantika bategaz, esate baterako, Aintza zeruetan Jaungoikoari edo Nire arimeak Jauna goratzen dau (Magnificat), edo antzeko beste goratzarre bategaz; baita litania erako otoitz bategaz ere. Eskerroneko ohikune hau egiterakoan, zuzendaria bera ere zutik eta aldare aldera begira jarten da beste guztiak bezalaxe.
  • Eskerroneko ohikunea Gure Aita aurretik ere egin daiteke; zuzendaria sagrariora joaten da eta, belaunikatuz agurra eginik, Eukaristia santuagaz kopoia hartu eta aldare gainean ipinten dau; ondoren, aldare aurrean belaunikatuta, batzarkide guztiekin batean lehen aitatutako salmoa, goratzarrea, kantika edo litania otoitza esan edo abesten dau. Era honetara egiten danean, litania otoitz honek Eukaristia santuan dagoan Kristori zuzendua izan behar dau.

Beraz, eskerroneko ohikune honek ez dau, inola ere, Mezako Eukaristia otoitzaren tankerarik izan behar. Nahaste arriskua erabat uxatzearren, Meza Liburuan dagozan prefazio eta Eukaristia otoitzeko testuak ez dira erabili behar.

46. Jaunartzeko ohikunea egitean, Mezatik kanpo gure Jauna emoteari buruz Erromako Elizkizun Liburuan esanda dagoan guztia beteko da.[38] Noizean behin gogoratu bekie kristinauei, Mezatik kanpo gure Jauna hartzen daben bakoitzean bat egiten dabela eukaristia opariekin ere.

47. Jaunartzekoan, ahal bada, domeka horretan bertan beste leku batean ospatutako Mezan sagaratutako ogia erabili bedi. Meza emon dan leku horretatik, diakonoak edo laiko batek ekarriko dau ogi sagaratua, ontzitxo egoki batean, eta ospakizunaren aurretik sagrarioan itziko dau. Han bertan ospatutako azkeneko Mezan sagaratu zan ogia ere erabili daiteke. Aitagurearen aurretik, zuzendaria sagrariora edo Eukaristia dagoan lekura hurreratuko da, ontzitxoa Jaunaren gorputzagaz hartuko dau, aldare-mahai gainean utziko dau eta Gure Aita otoitzari hasierea emongo deutso, lehen aitatutako eskerrak emoteko ohikunea une honetan egiten ez bada.

48. Jaunaren otoitza, Gure Aita, hain zuzen ere, danek esan edo abestuko dabe beti, baita gure Jauna emoten ez bada ere. Bakearen ohikunea egin daiteke. Gure Jauna emotea amaitu ondoren, «egoki baderitza, isilune egin edo gorepsen salmo edo kantikaren bat abestu daiteke».[39] Edo lehen aitatu dan eskerroneko ohikunea une honetan egin daiteke.

49. Batzarra amaitu aurretik, parrokiako edo elizbarrutiko bizitzagaz zerikusia daben oharrak eta barriak emongo dira.

50. «Ez da behin ere behar dan beste balioztatuko domekeroko batzarrak dauan garrantzia, gizaki bakoitzaren eta alkarteen kristau bizi-iturri lez, eta gizon-emakume guztiak Semeagan batu gura dituan jainko asmoaren azalpen dan aldetik.

Kristinau guztiek jabeturik egon behar dabe, ez daitekeela norbere fedea bizi, ezta bakoitzari dagokion erara Elizearen eginkizunean esku hartu ere, eukaristia ogiaz nork bere burua janaritu barik. Era berean, jabeturik egon behar dabe, domekako batzarra Eukaristiak adierazoten dauan batasun misterioaren ezaugarri dala».[40]

 

Jainko Gurtzarako Kongregazinoak prestatutako Direktorio edo argibide eta arau honeek, Joan Paulo II.a Aita Santuak onetsi eta baieztatu ebazan 1988ko maiatzaren 21ean, eta argitara emoteko agindu eban.

Jainko Gurtzarako Kongregazinoaren egoitzan, 1988ko ekainaren 2an, Kristoren Gorputz-Odolen festaburuan.

 

___________ 

OHARRAK

[1] Ik. Lk 24,27.

[2] Eliz Araudi Kanonikoa, 1248. kan., 2. §.

[3] Ik. Abitiniako martirien agiriak, in Ruiz Bueno, Actas de los mártires, BAC 75, Madril 1951, 973. or.

[4] Ik. Ohikuneetarako Kongregazino Santua eta Consilium, Inter Oecumenici Irakaspena, 1964ko irailaren 26a, 37. zenb.: AAS 56 (1964), 884-885. or; Eliz Araudi Kanonikoa, 1248. kan., 2. §.

[5] Vatikanoko II. Kontzilioa, Sacrosanctum Concilium Liturgia santuari buruzko Konstituzinoa, 106. zenb.; ik., ibid., Eranskina: Vatikanoko II. Kontzilio Nagusiaren Adierazpena Egutegiaren azterketari buruz.

[6] Ik. Apk 1,10; ik., baita ere, Jn 20,19. 26; Eg 20,7-12; 1 Kor 16,2; Heb 10,24-25.

[7] Ik. Didaché 14, 1., F.X. Funk, Doctrina duodecim Apostolorum, Tubinga 1887, 42. or.

[8] San Justino, Apologia I, 67: PG 6, 430.

[9] Didascalia Apostolorum, 2, 59, 1-3, in F.X. Funk, 1, 170. or.

[10] Vatikanoko II. Kontzilioa, Sacrosanctum Concilium Liturgia santuari buruzko Konstituzinoa, 106. zenb.

[11] Antiokiako san Inazio, Ad Magnesios, 9, 1, in F.X. Funk, 1, 199. or.

[12] Ik. Paulo VI.ak Frantziako Gotzain talde bati ad limina ikustaldian egindako berbaldia, 1977ko martxoaren 26a: AAS 69 (1977), 465. or.: «Meza opariaren ospakizuna da beti ere helburua, bera dalako Jaunaren Pazkoa burutze dauan ekintza bakarra.»

[13] Vatikanoko II. Kontzilioa, Sacrosanctum Concilium Liturgia santuari buruzko Konstituzinoa, 106. zenb.

[14] Ik. Ohikuneetarako Kongregazino Santua eta Consilium, Eucharisticum mysterium Irakaspena, 1967ko maiatzaren 25a, 25. zenb.: AAS 59 (1967), 555. or.

[15] Ohikuneetarako Kongregazino Santua eta Consilium, Eucharisticum mysterium Irakaspena, 1976ko maiatzaren 25a, 25. zenb.: AAS 59 (1967), 555. or.; Vatikanoko II. Kontzilioa, Sacrosanctum Concilium Liturgia santuari buruzko Konstituzinoa, 106. zenb.

[16] Ik. «Le sens du dimanche dans une societé pluraliste. Réflexions pastorales de la Conférence des Évêques du Canada»: in La Documentation Catholique, 1935. zenb. (1987), 273-276 or.

[17] Apk 7,9.

[18] Ik. Vatikanoko II. Kontzilioa, Sacrosanctum Concilium Liturgia santuari buruzko Konstituzinoa, 35. zenb., 4. §.

[19] Mezatik kanpo gure Jauna emoteko eta Eukaristiaren gurtzarako Elizkizun Liburua, 26. zenb.

[20] Ik. Paulo VI.ak Frantziako Gotzain talde bati ad limina ikustaldian egindako berbaldia, 1977.eko martxoaren 26an: AAS 69 (1977), 465.or.: «Zentzuz jokatu, baina era honetako batzarrak gehiegi ugaldu barik, hori balitz lez urtenbiderik onena eta azken aukera!».

[21] Meza liburua, Abadegaiak Jaunari eskatzeko Meza, oparigaien gaineko otoitza.

[22] Vatikanoko II. Kontzilioa, Presbyterorum ordinis, abadeen ministerio eta bizitzari buruzko Dekretua, 6. zenb.

[23] Ik. Ohikuneetarako Kongregazino Santua eta Consilium, Eucharisticum mysterium Irakaspena, 1976ko maiatzaren 25a, 26. zenb.: AAS 59 (1967), 555. or.

[24] Ik. Paulo VI.aren «Ad pascendum» Apostolu-gutuna, «motu propio» eran emonda, 1. zenb.: AAS 64 (1972), 534. or.

[25] Ik. Eliz Araudi Kanonikoa, 230. kan., 3. §.

[26] Ik. Bendicional, Coeditores litúrgicos, 1986, V. atala: I., Irakurleen bedeinkapena, 392-408 zenb., 177-182. or.; II., Akolitoen bedeinkapena, 409-426. zenb., 183-188. or.

[27] Eliz Araudi Kanonikoa, 230. kan., 3. §.

[28] Vatikanoko II. Kontzilioa, Sacrosanctum Concilium Liturgia santuari buruzko Konstituzinoa, 28. zenb.

[29] Ik. ibid., 29. zenb.

[30] Eliz Araudi Kanonikoa, 1248. kan., 2 §.

[31] Orduen Liturgiaren Erakuntza Orokorra, 22. zenb.

[32] Fedearen Irakasbiderako Kongregazinoa: Sacerdotium ministeriale Gutuna, Eukaristiaren ministroari dagokion arazo batzuei buruz, 1983ko abuztuaren 6a: AAS 75 (1983), 1007. or.

[33] Ik. Orduen Liturgiaren Erakuntza Orokorra, 258. zenb.

[34] Ik. Mezatik kanpo gure Jauna emoteko eta Eukaristiaren gurtzarako Elizkizun Liburua, 20. zenb.

[35] Ik. Orduen Liturgiaren Erakuntza Orokorra, 258. zenb.

[36] Ik. Eliz Araudi Kanonikoa, 766-767.kan.

[37] Ik. Erromako Meza Liburuaren Erakuntza Orokorra, 45-47. zenb.

[38] Ik. Mezatik kanpo gure Jauna emoteko eta Eukaristiaren gurtzarako Elizkizun Liburua, 1. atala.

[39] Ik. ibid., 37. zenb.

[40] Joan Paulo II.ak Frantziako Gotzain talde bati ad limina ikustaldian egindako berbaldia, 1987ko martxoaren 27a.