Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

‘Bizkaia isilik’ bilkura isiletan, pertsonen salerosketaren biktimak gogoan

created by 19:30etan |
|   Komunikazinoa

Hilaren azken eguaztenez ohikoa danez, ‘Bizkaia isilik’ ekimenagaz bat egiten daben pertsonak kalera atarako dira, beste behin be, etorkin eta errefuxiatuek jasaten dabezan bidegabekeriak salatzeko. Otsaileko bilkura isilean, pertsonen salerosketaren biktimak izango dabez gogoan. Azken hilebete honeetan, ‘Bizkaia isilik’ ekimenaren eskutik egiten diran bilkuren formatu aldatu egin da, unean uneko osasun murrizketak kontuan hartuta. Gaur arratsaldeko zazpiak eta erdietan, bilkurak egingo dabez Bilbon (Areatzako kioskoa), Galdakaon (Iturrondo plaza) eta Durangon (Andra Mari eleizpea) eta Balmasedan, Portugaleten eta Barakaldon, online modalitatean batuko dira. Bilboko bilkura kulturarteko taldeek antolatzen dabe eta ezinbestekoa da ohiko segurtasun neurriak betetea: lagun arteko tartea, maskara eta eskuak garbitzea.

Antolatzaileek azaltzen dabenez, “Bizkaia isilik ekimenaren eskutik otsailean egingo dogun bilkuran itxaropena agertu gura dogu eta mundu zuzenagoaren alde borrokatzen jarraitu. Gure mugak zeharkatzeko saiakeran biktima bihurtu diran pertsonei gure babesa erakutsi gura deutsegu, Europako hegoaldeko mugan zoritxar honek okerrera egin dauala salatzeaz batera”. Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen datuen arabera, urteko lehenengo hilebetean bakarrik 161 etorkin hil dira Mediterraneoa (munduko hobi komunik handiena) zeharkatzeko saiakeran.

Oraingoan, pertsonen SALEROSKETAREN biktimak ekarriko dabez gogora: “Datuek agertzera emoten dabe gertaera gaitzesgarri hori. Europan, Espainia ei da salerosketaren biktimen hartzaile nagusia. Beste alde batetik, bizi dogun pandemia egoera honetan, are eta gatxagoa da egileak identifikatzea eta atxilotzea”.

Pertsonen salerosketaren biktima diran mutiko eta neskatoen kopurua hirukoiztu egin da azken 15 urteetan eta mutikoen portzentaje bostez biderkatu da, Droga eta Delituaren aurkako Nazino Batuen Bulegoaren (UNODC) txostenaren arabera. Neskatoak, gehienetan, sexu-esplotazinorako darabilez eta mutikoak, bortxazko lanetarako.

 

 

Irudia: Asim Alnamat