Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Esku Elkartuak erakundeak alkartasuna “kutsatu” gura dau goseari aurre egiteko

|   Komunikazinoa

Reyes Villanueva Esku Elkartuak erakundearen Bizaiko presidente-ordezkariak ohikoa danez otsailaren bigarren domekaren inguruan ospatzen dan gosearen aurkako kanpaina aurkeztu dau. Aurtengoa, giza eskubideei eskainitako hirurtekoko azken urtea da. Gaur, barikua, borondatezko barau eguna da eta etzi –otsailak 14, domekea- parrokietan garatuko da kanpaina, sentiberatasuna biztuz eta dirua batuz. On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzaileak gutuna idatzi dau kanpainarako eta, bere esanetan, “gizadi lez aurrez aurre doguzan erronkei urtenbidea aurkitzeko ezinbestekoa da emakumearengandik jaiotako gizon eta emakume guztiok duintasun bera daben anai-arreba garaneko uste sendoa indartzea”.

On Joseba Segura gotzainak adierazi dauanez, “erronka larririk egotekotan, gosearena da nabarmenena. Han eta hemen irakurri daikeguz arazoaren hedaduraren inguruko datuak, baina ez da erraza zenbaki honeen atzean dagoan egundoko zoritxarra ikustea. Egia da mundu-mailako hainbat arazok gainditu egiten gaituana, baina danok egin daikegu zerbait, eta batzuetan asko, konponbideak bilatu eta gauzatzeko”.

Eleizbarrutiko gotzain administratzaileak Frantzisko Aita Santuaren Fratelli tutti entziklika be aitatu dau bere idazkian, hemen sinistedun eta sinisgabeen artean ideia ebanjeliko sakona zabaldu gura dauala azalduz: “ez dago salbazinorik bakarrik euren buruaz arduratzen diranentzat”. Hain zuzen be, gaur arratsaldez, On Joseba Segura gotzainak berbaldia eskainiko dau Fratelli tutti entziklikaren inguruan Ermuko Santiago Apostolua parrokian, arratsaldeko seietan.

Alkartasuna kutsatu

Urte honetan, makina bat bider entzun edo irakurri dogu “kutsatzea” berbea. Eta kutsatze hori positiboa be izan daiteke, kutsatzen dana, alkartasuna bada, Esku Elkartuak erakundetik gogoratzen eta eskatzen deuskuenez: “ezin doguz ahaztu munduko pandemiarik handiena dan GOSEA jasaten daben guztiak”. Esku Elkartuak erakundearen Bizkaiko presidenteak adierazi dauanez, bizi dogun egoerak gure konpromiso eta egitekoa sendotzera eroan behar gaitu, izan be, “munduan hedatuta dagoan gosea bizi dogun desbardintasunaren ondorio da eta bata zein bestea ezabatzeko, nahitaezkoa da guztion konpromisoa kultura eta alkartasunaren bidez guztion ona zabaltzeko”.