2019.eko uztailaren 31n, On Mario Izeta gotzainak onartu eban aginduaren bitartez, adin txikikoen babeserako eta sexu gehiegikerien prebentzinorako Eleizbarrutiko Batzordea eratu zan. Urte bereko irailaren 13an, Batzordea lehenengo aldiz batzartu zan gai honen inguruko hainbat auzi lantzeko. Eleizbarrutiko auzitegiko justiziaren sustapenerako fiskal dan Carlos Olabari abade eta zuzendariak, Maria Fernandez abokatuak, Lagungo familia biderapenerako eleizbarrutiko fundazinoko kide dan Maria Gomez psikologoak, Julia Moreno Somorrostro Ikastegiko irakasleak eta Teo Santos ertzainak osatzen daben batzordeak prestatu dau agiri hau eta euron gain egongo da ezarritako neurrien “zabalkunde eta garapena ikuskatzea” eta beteten diran ala ez ebaluatzea.
Arautegi hau “nahitaez bete beharko dabe” euren jarduera Bilboko Eleizbarrutian garatzen daben pertsona, talde eta erakunde guztiek eta honeek dira bere oinarri eragileak: “zero tolerantzia; adin txikiekiko eta pertsona ahulekiko konpromisoa; biktimekiko konpromisoa; konpromisoa egiaren, justiziaren eta erreparazinoaren alde; konpromisoa adin txikikoen eta pertsona ahulen familiakaz, konpromisoa gizarteagaz eta agintariakaz”. Gidaliburuan azaltzen danez, ezinbestekoa da adin txikikoei lagunduko deutsen pertsonen heziketa eta egiteko horretarako aukeratutako pertsonak egoki ebaluatzea.
Prebentzinoa eta eranzunak
Gidaliburuan, prebentzinorako neurri zehatzak jasoten dira eta hainbat jarraibide eskaintzen da balizko gehiegikeriei erantzuteko “aparteko arreta jarriz holakoak egon daitekezala erakusten deuskuen arrastoei”. Gehiegikeriaren barri emon ondoren dagozan betebeharrei dagokienez, barne komunikazinoaren bidea aitatzen dabe, “adierazpena eleizbarrutian jakitera emonez”, eta kankokoa, “pertsonak berak edo, dagokionean, eleizbarrutiak Fiskaltzari gehiegikeriaren barri emoten deutsanean”.