Gotzainak azpimarratu dauanez, bere bizitza eta pentsamentuaren barri emotea pentsatu eban, ez hainbeste “aparteko interesik” daualako, esperientzia eta hausnarketa batzuk batera jarri gura ditualako baino, “batzuentzat lagungarri izan daitekezalakoan”. Izan be, liburu honetan, On Mario Izeta gotzainaren biografiako hainbat alderdi ezezagun jasoten da, besteak beste, familia erlijosokoa dala, “baina nabarmentasun barik”. Zalantzak izan ebazala medikuntza ala fisika ikasketen artean aukeratzean, trafiko-istripua jasan eta hilebetez ospitalean egon behar izan ebanean, fisika aukeratu ebalarik. Fisika ikasiz Madrilen urtebete eroiala, bere bizitzak “alderdi humanistagoa” behar ebala sentitu eta Iruñara joan zala medikuntza ikastera eta han pisu batean bizi izan zala beste ikasle batzukaz batera. Bokazinoari dagokionez, bere esanetan, kostatu egin jakon erabagitzea eta egun batean pisura konbidatu eben abade batek lagundu eutsala. Andaluziari deutsan maitasuna Kordobara iritsi zanetik, bere debozinoa Rocioko Ama Birjinari… Gotzainak hainbat xehetasun eskaintzen dau On Ricardo Blazquezen gotzain laguntzaile izendatu aurreko bere esperientzia pertsonalen inguruan.
Gotzaingintza
Egun horretan giro “abegitsua” izan zala gogoratzen dau eta Bilboko eta Kordobako jentea batu zala. On Ricardo Blazquez gotzainak beren-beregi eskatu eutsala Seminarioa, bokazino eta gazte pastoraltza eta familia pastoraltza zaintzea eta horretaz arduratzea. Gotzain izendatu ondoren, zerk kendu deutsan loa galdetu deutso idazleak eta gotzainak hauxe erantzun: “azkenaldian, osasun kristia eta krisiaren aurretik, batez be, pederastiaren gaiak”.
Bilboko Eleizbarrutiaren bereizgarriei dagokionez, gotzainak zera nabarmentzen dau: “beti agertu izan dala euskal kultura eta hizkuntzaren eremuan. Hainbat ikastola sortu zan, parrokiak titular zirala”. Beste alde batetik, Derioko Seminarioaren garrantzia aitatzen dau, abadeentzat zein gizartearentzat eta laikoek eleiz erantzukizunetan dauan parte hartzea be azpimarraten dau.
Gainera, beste hainbat gairen inguruko eretxia be emoten dau, esate baterako, zelibatua, homosexualitatea, abortua, e.a.