Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Artxandape eta San Viator ikastetxeen egitasmo bi saritu dabez

created by Barrikuntza eta Lanbide Heziketa Europa eta Afrika artean |
|   Komunikazinoa

Ikastetxe ez unibertsitarioen kategorian 133 egitasmo aurkeztu dabez STEAM Euskadi sariaren lehenengo ekitaldi honetan. Aurkeztutako egitasmo horreen artean onena, EBI sarean dagoan Artxandape eleizbarrutiko ikastolak aurkeztutakoa izan da. Egitasmorik barritzailearenari emon jakon STEAM Euskadi Sariak hezkuntza zientifiko-teknologikoko jarduerarik onenak autortzen ditu. Beste alde batetik, EBI sareko beste ikastetxe batek, San Viator ikastetxeak ‘Mundus’ alkarteagaz batera sustatzen dauan SAAM egitasmoari be saria emon deutse. Hain zuzen be, ‘Siena Educación’ eta ‘Magisterio’ argitaletxeek sustatutako ‘Irakasle-lan Saria Hezkuntzaren Protagonistei 2020’ saria, Europar Batasunak finantzatuta eta ikastetxe honek eta irabazi asmo bako alkarteak sustatuta, Europa eta Afrika artean garatzen daben Lanbide Heziketako egitasmo pilotuagaitik.

STEAM –Science, Technology, Engineering, Arts , Mathematics- sarien banaketa gaur, eguaztena, ospatu da, Jokin Bildarratz Hezkuntzarako Eusko Jaurlaritzako Sailburua bertan dala. ‘Neuronak martxan’ Artxandape ikastolaren egitasmo saritua DBHko 3. mailako azken hiruhilekoan garatzen da, ikasleak motibatzeko eta ikaskuntza praktikoa eragiteko, jakintzagai bakotxean ikasten dabezan edukien erabilgarritasuna ezagutu daien benetako arazo bati konponbide teknologikoa emonez. Matematikez, fisikaz, estatistikaz… baliatzen dira eta bideragarritasun eta marketing egitasmora be iristen dira.

SAAM egitasmoa

Batzorde Europarrak Sopuertako San Viator Eleizbarrutiko ikastetxea aukeratu eban Afrikan Lanbide Heziketarako mugikortasun-egitasmo pilotua burutzeko. Honen bitartez, Afrikako 17 herrialdetan LHko heziketa-sistemak hobetu gura dira eta heziketaren eta lan merkatuaren artean zubiak eraiki. Horretarako, besteak beste, 300 gazte afrikar ingururi euren praktikak europar enpresetan egiteko aukera emoten jake.

San Viator ikastetxeak, beraz, SAAM (Supporting Alliance for African Mobility) egitasmoa garatzeko agindua jaso dau eta ‘Mundus’ nazinoarteko mubikortasunerako espainiar alkarteagaz batera egiten dihardu. Europa eta Afrika artean hirurehun ikasle ingururi mobiduteko aukera emongo jake eta San Viator ikastetxeak koordinatzaile lez dihardu Europako zortzi herrialdetako –Belgika, Frantzia, Alemania, Grezia, Italia, Finlandia, Portugal eta Espainia- eta Afrikako 17 herrialdetako –Kamerun, Kenya, Liberia, Benin, Senegal, Eritrea edo Nigeria nabarmentzen dira- 32 erakundek osatzen daben alkartean.

Egitasmo honen arabera, lehenengo eta behin, Europako irakasleak Afrikako ikastegietara joango dira, banan-banan euren egoera ezagutu eta diagnostiko pedagogikoa eta azpiegiturena egiteko, egitasmoaren zirrara ahalik eta onuragarriena izan daiten ikastegi eta ikasleentzat. Horretarako, europar ikastetxeei afrikar ikastetxeak esleitu jakez eta San Viator ikastetxeari Angola, Benin eta Eritreakoak egokitu jakoz. Lehenengo urrats honen ostean, afrikar irakasleak etorriko dira Europara hilebetez heziketa jasotzeko mugikortasunaren edo inklusinoaren inguruko tekniketan. Beranduago, 300 ikasle afrikar inguru egitasmoan esku-hartzen daben Europako LHko ikastetxeetara joango dira. San Viator ikastetxeak, esate baterako, 22 ikasle jasoko ditu txanda bitan eta hilabete desbardin bitan.

Artxandape ikastolako ikasleak egitasmoa garatzen