Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Mikel Zarateri buruzko dokumentala aurkeztu zan atzo Zinebin

|   Komunikazinoa

Zinebi–Nazioarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdiak Mikel Zarate bihotz zabaleko ameslaria dokumentala proiektatu eban atzo, azaroak 17, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko Arte Ederren Museoan. Josi Sierrak zuzendutako dokumental honetan Mikel Zarate idazlearen figura da ardatza. Zinebiren Bertoko Begiradak sailaren barruan proiektatu zan Mikel Zarate bihotz zabaleko ameslaria filma luzea. Josi Sierra izan da dokumentalaren zuzendaria eta lanean Jon Gonzalez Patiñok animazioak egin ditu, eta bertako musika Mixel Labegerie, Joseba Ibarra eta J.R. Mon Facorro musikagileek jarri dabe. Filmean, familia eta auzokideak, ezagunak eta lagunak, ikaskideak eta lankideak, ikasleak eta irakurleak hartzen dabe protagonismoa, izan be, horreek dira Mikel Zaraten bizitzaren zertzelada interesgarriak eskaintzen dabezanak. “Mikel Zarate Lezaman jaio zan, Txorierrin ikasi eban eta Derion zein Deustun emon ebazan eskolak. Holan, Bilborantz hurbilduz joan zan, umorea eta luma zorrotza baliatuta hiriburua euskalduntzeko asmoz. Izan be, hogei urtean bi liburu euskaratu ebazan, hiru karrera ikasi, lau literatura-sari irabazi ebazan eta hogeita zazpi liburu idatzi: haren aititak izan ebazan iloba kopurua gainditu gura eban, antza (ia hogeta hamar)”.

Lontzo Zugazagak azaldu dauanez, DOKUMENTALA: MIKEL ZARATE, BIHOTZ ZABALEKO AMESLARIA JOSI SIERRA, nire ikasle ohiak eta gaur hemen nagusi dogunak, atzo arratsaldean dei egin eta konbidapen hau egin eustan: “Zu, Lontzo, bihar zuk berbatxu bi esatea gurako neuke, eta eskertuko neuskizu esango bazenduz”. Beraren erregua kontuan izanik, hona hemen, lagunok, nire burura etorri jatana: Begira! Behinola, aspalditxu, jakitun handi batek, hauxe adierazo eban: “Norbait maitatua danean, ez da hilten”. Egia da, izan be, maitatua izateak bizirautea emoten deutsala edonori. Beste alde batetik, ezaguna dogu gure egunotan beste esaldi hau be: “Bizitza, oihartzuna bezalakoa da: emondakoa bihurtzen deutsu”. Gure MIKEL maitatua izan da, eta maitatua da gaur be. Berak, aurretiaz, asko maitatu eban, eta asko emon eban. Zelan ez bera maitatu? Maitale gartsua izan zan eta maitasuna ugari jasoten dau. Mikelek maite eban natura bere edertasun anitzean. Maite eban itsasoaren zabalaren, zabalaren zabala. Maite eban mendiaren handiaren, handiaren handia. Maite eban pertsonearen sakonaren, sakonaren sakona. Maite eban herriaren arimearen, arimearen arima. Eta hil zanetik berrogei urtetik gora joan diran arren, ez dago betiko hilda, bizirik dago, bizirik irauten dau hainbeste eta hainbeste lagunen oroimenean eta bizipenetan. Eta hori argi eta garbi azaltzen da gaur hemen “Dokumentalaren” eskutik ikusi eta entzungo doguzan berrogei lagunen bihotzetan eta esanetan. Horixe dogu orain eskeiniko jakun “Mikel Zarate, bihotz zabaleko ameslaria”, JOSI SIERRAK arduraz batu eta begirunez josia.