Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Ignacio Arregi jesuita hil da, Garate beatoaren kausa eroiana

|   Komunikazinoa

Ignacio Arregi Cendoya jesuita eta kazetaria hil da, 89 urteko zala, gaixotasun luzearen ostean. Aizindari euskerazko kazetaritzan, Eusko Irratia, Loiola Irratia zuzendu eban eta uste askotan Vatikanoko Irratiko zerbitzu informatiboen zuzendari izan zan. Bilboko Eleizbarrutiagaz behin baino gehiagotan alkarlanean jardun eban Arregik hainbat autorpen jaso eban bere ibilbideagaitik, besteak beste, ‘Ondas’ saria.

Ignacio Arregi Oñatin jaio zan 1931n; 1961ean abade egin zan eta 1966tik aurrera Jesusen Lagundiko kide zan. Filosofian lizentziatu zan 1955ean eta Teologian 1962an, Burgoseko Maximo S.J. de Oña Kolegioan eta 1965ean Gizarte Komunikazinoan diplimatu zan Milaneko Unibertsitate Katolikoan. Irakasle izan zan Erromako Pontifize Unibertsitate Gregorianoko Gizarte Komunikabideetarako Zentroan (1992-1999) eta laguntzaile hainbat agerkaritan.

Aita Santuak

Joan XXIII.a eta Joan Paulo II.a Aita santuak altarara goratzeko prozesuak zirala-eta, ohiz kanpoko lekuko eta, hain zuzen be, Joan Paulo II.aren aitasantutzan Vatikanoko Irratiko zerbitzu informatiboen zuzendari kargua izan ebanez, Vatikanoko bizitza ondo baino hobeto ezagutzearren, ahots zilegitu zan jesuita gipuzkoar honek, eleiz gertaera horren inguruko hausnarketa egin eban. Arregik azaldu ebanez, Joan XXIII.a aita santuaren biografia errepasatuta, zera pentsatu eitekean: 77 urte ebazala ezustean aukeratu ebenez eta Eleizako buru lez bakarrik bost urte iraun ebanez, trantsizio hutseko Aita Santua izango zala emoten ebala, baina “bere sasoian Vatikano II.a Kontzilioagaz danak harritzeaz gainera, 50 urteren buruan Frantzisko Aita Santuaren aitasantutzan ikusten doguzan barritasun batzuei aurrea hartu eutsen. Hain zuzen be, Joan aita santua, ontasunaren, alkarrizketaren gizona izan zan, mundura ontasun eta estimuzko sentimentuez hurreratu zana eta mundu horren aurrean ateak eta leihoak zabalduz Eleiza barritu gura izan eban Aita Santua, pobretasun ebanjelikoa eta bakea lehen mailan jarri ebazana eta balizko gerra nuklearraren aurrean izututa egoan munduari itxaropen barria emon eutsana”.

Joan Paulo II.a Aita Santuari dagokionez, 27 urteko aitasantutzan era guztietako markak hautsi ebazala gogoratu eban: 14 entziklika, 104 bidaia Italiatik kanpo, topaketa jentetsuak mundu guztiko gazteakaz, “Eleizari ordura arte ezagutu bako hedapen eta ikusgaitasuna emonez. Nik neuk, ez dot sekula ahaztuko 2000. urte santuko martxoan, Jerusalemeko Eguen Santua Afaltokiko goiz ha. Meza amaitu ondoren, otoitzean belaunikatuta geratu zan, ni neu izanik une haren ageriko lekuko bakarra. Munduko buruzagi ha, bakar-bakarrik, belaunikatuta, neu lekuko bakarra izanda otoitz eginez, ikusteak bere fede sakonaren benetakotasunaz jabetzen lagundu eustan”.

Topaketak

Arregi beste hainbat aldiz be egon izan da gure Eleizbarrutian, Abadeentzako Bikaritza Zerbitzuak edo beste erakunderen batek antolatutako topaketaren batean parte hartuz edo zuzenduz, esate baterako, 2013an abade erretiratuei berbaldia emon eutsenean: “Erronka barriak Eleizarentzat. Gure erantzuna”. Bertan, Benedikto XVI.a aurreko aita santuak karguari uko egin izana eta bere agurrra, Frantzisko Aita Santu izendatu aurreko konklabea, izendatu ebeneko konklabea eta bere nortasuna eta bere agintaldiko lehenengo jarduerak errepasatu ondoren, erantzukizun pertsonalaz jardun eban, esanez: “honek hausnarketa eragin behar deusku. Heldu da gure unea”. Aurreko aita santuak karguari uko egitea, berak adierazo ebanez, orokorrean, “ondo baloratutako jarrera izan zan, Benedikto XVI.aren adoreak harridura positiboa eragin eban eta bere irudiaren onerako izan zan”. Gainera, zabalik itzi eutsen atea balizko beste uko egite batzuei.

Frantzisko aita santuari dagokionez, Arregik bere apaltasuna, neurritasuna eta herriarenganako hurkotasuna nabarmendu ebazan. Aita Santu izendatu ondoren esandako esaldi batzuk be nabarmendu ebazan, esate baterako: “benetan gustatuko litxakit Eleiza pobrea, pobreentzako Eleiza izatea”.

2008an, Aita Arrupe dohatsu autortzeko prozesua zabaldu zala-eta –kausa horretan postulatzaileordea zan-, alkarrizketa eskaini eutsan eleizbarrutiko web honi prozesu horren ingurukoak azalduz. Alkarrizketa osorik, hemen.

Goian bego!

Ignacio Arregi, Begoñako Gogarte Etxean izan eban topaketa batean