Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Asteburuan, askotariko jarduerak Eleizbarrutian

|   Komunikazinoa

Asteburu honetan, askotariko jarduera eta ospakizunak izan dira Eleizbarrutian, besteak beste: “Gizalegezko lanaren alde” kanpainari lotutako ibilaldia eta bilkura Bilbon eta Sestaon; Lehenengo Jaunartzeak hainbat Pastoral Barrutitan; Diakonoen Eleizbarrutiko Eguna; Begoñako Andra Mariaren bederatziurrenaren hasiera eta afrikar alkartearen hileroko meza San Anton parrokian.

Datorren eguaztenez, urriak 7, Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Eguna ospatuko dogu eta, hori dala-eta Langile Pastoraltzak “gizalegezko lanaren” aldeko ibilaldi-paseorako deia egin eban. Jarduera, Bilbon eta Sestaon garatu zan eta uriburuan, Areatzako kioskotik atara eta kalez kale ibili ziran barriro be bertara bueltatzeko. Sestaon, Kasko plazan bildu ziran. Langile Pastoraltzak deialdia egin dau, gainera, egunotan “ERAGILE, GIZALEGEZKO LANAREN ALDE” kanpainan parte hartu daigun, bere web orrrialdean eskuratu daiteken dortsala inprimatu eta aldean jarri eta ibiltera, arineketan egitera edo pedalei eragitera… atara gaitezan, argazkia atara eta pastoralobrera@bizkeliza.org helbide elektronikora edo 605764775 whatsappera bialdu daigun, egindako kilometro-kopurua adieraziz.

Lehenengo Jaunartzeak

Irailean era urrian ospatzen dihardue maiatzean, osasun-alertaren eraginez, atzeratu egin behar izan ebezan Lehenengo Jaunartze gehienak. Honako honegaz batera agertzen dan argazkian, atzo Ermuan Lehenengo Jaunartzea egin eben neskato-mutikoak azaltzen dira. Hemen, azken berrogeta hamar urteetan, ume guztiek tunikaz egiten dabe jaunartzea. Katekistak arduratzen dira tunika horreek egin eta konpontzeaz, urtez urte berrerabili daiezan. Alex Alonso parrokoaren esanetan, “bakuntasun, neurritasun eta bardintasuna” nabarmendu gura doguz. Aurton, gainera, Pastoral Barrutian maskara homologatuak egin dabez ume eta katekistentzat, “danak bardin joan daitezan”.

Zapatuan hasi zan Begoñako Andra Mari Bizkaiko zaindariaren bederatziurrena, bere eguna datorren domekaz, urriak 11, ospatzen da-eta. Aurton, jente-kopuru mugatuak parte hartu ahal izango dau ospakizunetan eta, hori dala-eta, aldez aurretik hartu beharko da lekua edozein eleizkizunetarako. Ordu honeetan ospatuko dira Eukaristiak: 8:00etan, 10:00etan, 12:00etan (On Mario Izeta gotzaina buru dala), 13:00ean, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan (On Joseba Segura gotzain laguntzailea buru dala). Ospakizunen batean parte hartu gura dabenek, barikura arte –urriak 9- gorde daikie lekua 94 412 70 91 telefonora deituz, eguerdiko 12:00eetatik 13:30etara eta arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara. Eukaristia guztiak zuzenean emongo dabez eleizbarrutiaren youtube kanaletik.

Atzo –urriak 4, domeka-, Eleizbarrutian Diakonoen eguna ospatu zan. Bizkaian 9 diakono dagoz, 3 hautagai eta hautagai izan daitekezan beste 5 lagun. Arratsaldez, diakonoak eta euren senideak On Joseba Segura gotzain laguntzaileagaz alkartu ziran Begoñako Gogarte Etxean eta zazpietan Eukaristia ospatu eben.

Eta atzo, Bizkaiko afrikar alkarteak hileroko Eukaristia ospatu eban Bilboko San Anton parrokian. Hilaren lehenengo domekaz ospatuko dabe Eukaristia, abenduan izan ezik, 20an izango da-eta. Hona hemen egunak: azaroaren 1a, abenduaren 20a, urtarrilaren 3a, otsailaren 7a, martxoaren 7a, apirilaren 11, maiatzaren 2a eta ekainaren 6a.

Gizalegezko Lanaren aldeko ekitaldia, zapatuz, Areatzan