Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Abade bizitza, pozez eta osotasunez betetako biziera da”

created by On Mario Izeta gotzainak Eleizbarrutiko Seminarioaren kurtso hasieran: |
|   Komunikazinoa

Joan dan zapatuz, irailak 26, Eleizbarrutiko Seminarioak kurtsoaren hasiera ofiziala ospatu eban. Kurtso barriaren hasierako ekitaldia, pandemiak eragindako osasun-egoera kontuan hartuta, ekitaldietan batu daiten jente-kopurua mugatua danez eta lagun arteko segurtasun tartea ezinbestez gorde behar danez, ezohiko lekuan egin zan, hain zuzen be, Begoñako basilikan, On Mario Izeta eleizbarrutiko gotzaina eta On Joseba Segura gotzain laguntzailea buru zirala ospatu zan Eukaristiagaz. Holan jente gehiagok izan eban parte hartzeko aukera. Eleizkizuna zuzenean eskaini zan web orrialde honen bidez.

Gotzainak kurtsoaren hasieran Seminarioari zuzendu deutsan gutunean dinoanez, “Jesusek bere adiskide izateko, bere bizitza eta misinoan parte hartuz, Beragaz bizitzeko dei egiten deusku. Misino honek berariazko ezaugarriak ditu abade bizitzarako bokazinoan”. Zapatuko homilian, “abade bizitza, pozez eta osotasunez betetako biziera da” adierazo eban.

Oroitza-txostena

Kurtso hasieran aurkeztutako oroitza-txostenean jasoten danez, pandemiaren eragina nabarmena izan zan aurreko kurtsoaren amaieran eta gaur egun be jasaten dihardugu eragin hori hainbat jardueratan. Martxotik aurrera, jarduera bat baino gehiago bertan behera geratu zan eta beste hainbeste aldatu behar izan eben baina dana dala seminarioak aurreikusitako egutegiaren zati handi bat burutu ahal izand au.

2020-2021

Kurtso honetan, aurreko urteko bederatzi abadegaiek jarraituko dabe Seminarioan, hainbat heziketa aldi batetik bestera igaroko bada be. Honan banatuta geratuko dira: Imanol Atxalandabaso, Jaime Pizarro, Txomin Alonso eta David Garrido, hirugarren aldian; Gorka Campos, Mario Diaz eta Marco Muñoz, bigarren aldian; Gaizka Egaña eta Aaron Laz, lehenengo aldian. Heziketa prozesuan jarraitzen daben abadegaiez gainera, lau lagun biziko dira Bokazino egoitzan: Juan, Albert, Javier eta Victor. Honeek, Aitor Uribelarrea Seminarioko errektorearen esanetan, “oraingoz eta kurtso honetan, esperientzia hori bizi izango dabe, bokazino galdera honi erantzuten saiatuz”.

Kurtso honetan, iaz hasi zan bereizketa-taldeak be ibilbidean aurrera jarraituko dau. Seminariotik dei egiten dabe, jenteak ekimen hau ezagutu eta kontuan hartu daian.

Seminarista bakotzak, eta bokazino egoitzako kideek, Eleizbarrutiko hainbat alkartetan bizi izango dabe pastoraltza, hain zuzen be, honan banatuta: Imanol Atxalandabaso (Tabira Pastoral Barrutia); Jaime Pizarro (San Miguel-Orozko); Txomin Alonso (Gernikaldea); David Garrido (Leioa Pastoral Barrutia); Gorka Campos (Uribe-Kosta Goikoa); Mario Diaz (Ermua-Mallabia); Marco Muñoz (Errekarte Pastoral Barrutia); Gaizka Egaña (Romo-Areeta); Aaron Laz (Otxarkoaga-Txurdinaga) eta egoitzan biziko diranek P. Artagan, Abando-Albia, Alen eta La Peñan jardungo dabe.

Beste alde batetik, kurtso hasiera honetan, Ordenaren sakramentua hartu aurreko bidezko txostenak jasoten dihardue. Kurtso honetan, Tabira Pastoral Barrutiko pastoral taldera joan dan Imanol Atxalandabaso abadegaiaren diakonogintza eta abadegintza ospatuko da.

Bikaritzak

Bikaritza bakotxeko pastoral barruti batera joateko asmoa dabe, “konfinamenduaren hasieran bertan behera itzi behar izan genduan jarduerari barriro ekinez”, Uribelarreak azaltzen dauanez: “programatutako barrakak egingo doguz eta falta diranak zehaztu eta burutu”.

Ateak zabalik - Puertas Abiertas

Segurtasun-neurriak bete ahal izateko, hilean egun bat ez ezik bi eskaintzea pentsatu dabe, hain zuzen be, lehen eta hirugarren eguena, “kaperan sartu daiteken jente-kopurua errespetatzeko”.

Beste jarduera batzuk

2020.eko abenduaren 20an, Abendu aldiko IV. Domeka, euren eskaera Gotzainari aurkeztu deioen hautagaien onarpena egingo dogu Katedralean arratsaldeko zazpietan.

Apirilaren 25ean, Pazko aldiko IV. Domekaz, Bokazinoen aldeko Munduko Otoitz eguenean, irakurle eta akolitoen ezarpena ospatuko da Katedralean, ordu berean, 19:00etan.

Bezperan –apirilaren 24a, zapatua-, “12 orduz otoitz eginez bokazinoen alde” jarduera ospatuko da Seminarioko kaperan, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara, eta Eukaristiaren ospakizunak emongo deutso amaiera.

Erretiroak liturgia urtean

Otoitz egiteko aukera emoten deutse liturgia aldietako bizipenean sakondu gura daben pertsonei. Lekua zehaztu barik dago, baina egunak honeek dira: Abendu-Gabon aldia: azaroaren 28an; Garizuma-Pazko aldia: martxoaren 6an eta Mendekoste-Urtean zeharreko aldia: ekainaren 5ean.