Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolak 700 ikasle inguru hartuko ditu Derion

created by Aldi baterako kokapen barria |
|   Komunikazinoa

BAM Irakasleen Eskolak Derioko ‘Seminarioa’ eraikinean ekingo deutso 2020-2021 ikasturteari, atondu dabez-eta lokal barriak ikasleak hartzeko. Ikasturte honetako lehentasunetako bat jarduera akademiko pertsonala “ziurtatzea” da eta, horregaitik, “irakaskuntza berme guztiekin garatzeko osasun-neurriak jagoteko” egitasmoa prestatzen dihardue egunotan. Irakasleek atzo, irailak 1, ekin eutsen lanari eta 700 ikasleek mailaka hasiko dabe kurtsoa. Lehenengo aldiz doazan ikasleak irailaren 11n hasiko dira eta gainerakoak, 14an. BAM Deriora lekualdatu dabe aldi baterako, hain zuzen be, Bizkaiko Eleizaren egoitza nagusia jasoko dauan Barrainkuako eraikin barria eraiki arte.

Dana dago prest ikasle barriei harrera egiteko. Laugarren mailako ikasleek lehenengo seihilekoan egingo dabez praktikak eta irailaren 10ean, tutoreek praktiken aurkezpena egingo dabe Derion.

Eskolak atara dauan oharrean esaten danez, ikasturte barria “zalantzaz beteta” badator be, prest dagoz “datozan urteetan maisu eta maistra lez jardungo dabenen hasierako heziketa gaurkotzeko, sendotzeko eta martxan jarteko”. Orain, aldi baterako kokapen barritik, edo ez hain barritik, izan be, 1973etik 1993ra Derioko Seminarioa eraikinean izan eban bere egoitza Eskolak.

BAMeko palmondoak Derion sartu dabez

Aulkiez, liburuez, mahaiez eta oinarrizko beste gauza batzuez gainera, ikastetxeko patioan egozan arbola biak be eroan dabez Irakasleen Unibertsitate Eskolatik Deriora. Joan dan abuztuaren 28an, palmondoak Seminarioa eraikinaren inguruko ‘Adiskidetasunaren basoan’ sartu ebezan, gainerako 200 arbolen artean. Juan Manuel Seco Eleizbarrutiko idazkari nagusiak aurreko egunetan azaldu ebanez, hainbat hektareatako baso honetan inguruko enpresa eta erakundeek dohaintzan emondako arbolak dagoz eta egokitzat jo zan palmondoak ekosistema horretan txertatzea.

Derioko Seminarioa eraikina