Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Gaur ospatuko da Jose Maria Urlezaga ‘Belendizko abadearen’ hileta

created by A las 19 h. en la iglesia Andra Mari, de Gernika |
|   Komunikazinoa

Jose Maria Urlezaga Errigoitiko semeak Arratzun emon eban bere bizitza pastoralaren zati handi bat, Belendizeko San Pelayo eta Santo Tomas parrokietako eleiztarrakaz. Busturialdean, “danei laguntzeko eta gaixoen ondoan egoteko prest egoan” gizona zala dinoe. Gazteengandik gertu egoan eta “katekesia emoten eutsen edo sendotza hartzeko prestatzen ebazan”; nagusiengandik be gertu egoan, “domekero Gernikako Torrezuri egoitzan egozanak bisitatuz”. Gernikako mesedetakoen eta klaratarren kapilau izan zan. 2013an, osasun-arazoek eraginda, Begoñako Beneragarrien Etxera joan zan eta hantxe hil zan joan dan domekaz, abuztuak 30. Gaur, irailak 1, bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna ospatuko da Gernikako Andra Mari eleizan, arratsaldeko zazpietan.

Jose Maria Urlezaga 1958an egin zan abade Begoñan herri kide bigaz, Errigoitiko Pedro Omaetxebarria eta Martin Orbegaz batera. Pedrok gogoratzen dauanez, “alkarregaz egon ginan Seminarioan be eta bizitzan zehar makina bat bider alkartu izan gara han edo hemen”. Aurrerago dinoanez, “asko estimatzen neban, eta danei laguntzeko prest egoan gizon lez gogoratzen dot”. Baserritarren ondoan egon zan gizarte estaldura urria eukien sasoian. Pedrok gogoratzen dauanez, hainbat baserritarri lagundu eutsan Bilbora “Gizarte Segurantzan alta hartzeko ezinbesteko izapideak egin eiezan”.

Abade egin eta urte gitxira, Urlezagak maisu lez jardun eban Markinako Eskola Profesionalean eta, ostean, Pedroren lekua hartu eban erlejinoko irakasle lez Gernikako institutuan, hirurogeiko hamarkadako erdi aldera. “Gaixo edo behartsuengandik gertu egoan beti eta jakin badakit Arratzuko herritarrek asko maite ebena”.

Arratzuko Belendizeko auzotar batek horixe dino: “Orain dala 70 urte inguru San Pelayo eleizara heldu zanean ezagutu neban. Lehenengo jaunartzea egiteko edo sendotza hartzeko prestaketarik onena eben gazteak Arratzukoak zirala inoen, eta hori On Jose Mariaren meritua zan”. Gizon “on eta apala” zala dinoe. Arratzuko San Tomas parrokian gogoratzen dabenez, “barikuro bisita egiten eutsen gaixoei edo bakarrik bizi ziranei eta bere autoa eskaintzen eutsen eleizara joateko zailtasunak ebezanei”.

1989tik aurrera kapilau lez lagundu eutsen monja klaratarrek esaten dabenez, jenteak asko ezagutzen eban Jose Mari eta makina bat lagun erakarten eban: “ijitoei be laguntzen eutsen eta honeetako asko etorten zan ospakizunetara”. Komentuko nagusiak bere “hurkotasun eta maitasuna” bihotzez eskertu gura deutso.

Jose Maria Urlezaga “bihotz oneko” gizona zala dinoe ezagutu ebenek. Goian bego! Agur, Egun Handira arte!