Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bilboko Eleizbarrutiak bat egin dau ‘Jubileua Lurraren alde’ ekimenagaz

|   Komunikazinoa

Gaur, irailak 1, hasi eta datorren urriaren 4ra arte, hainbat jarduera eta otoitz egingo da kreazinoaren alde. Bilboko Eleizbarrutiak bat egin dau orain dala berrogeta hamar urte Lurraren Eguna aldarrikatu zala gogoratzeko antolatu dan Eleizaren ekimen honegaz. “Kreazinoaren Zaintzaren aldeko Munduko Otoitz Egunak” emongo deutse hasiera aitatutako jardunaldi honeei.

Europako Eleizetako Presidenteek dei egin dabe aurton Kreazinoaren Aldia ospatu daigun “Jubileua Lurraren alde” goiburua ardaztzat hartuta. Izan be, ‘Jubileua’ dalakoaren kontua Biblian sustraituta dago eta gizarte, ekonomia eta ekologia errealidadeen arteko oreka zuzen eta jasangarria ezinbestekoa dala nabarmentzen dau. Bibliako jubileuak zera irakasten deusku: bizi-sistemak barriro orekatu behar doguzala, nahitaezkoa dala bardintasuna, zuzentasuna eta jasangarritasuna.

Agirian dei egiten jake Europako Artzain eta kristau guztiei, parrokiei, eleiz alkarteei eta borondate oneko gizon eta emakume guztiei, arreta jarri daien Kreazinoaren Aroari eta “sen ekumenikoaz” bizi daigun, “otoitzean eta ekintzan bat eginda”.