Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bilboko Gotzaitegiak Gaztelugatxeko San Juan santutegia `Monumentu Multzo´ legez sailkatzeko eskatu deutso Eusko Jaurlaritzari

|   Komunikazinoa

Bilboko Elizbarrutiak alegazinoak aurkeztu deutsoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Gaztelugatxeko San Juan Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzeko adierazpenaren inguruan. Tokia Monumentu Multzo izendatzea eta bereziki, `Gaztelugatxeko San Juaneko Santutegiaren Multzo Erlijioso Aparta´ modura izendatzea eskatzen da idazkian. Inguruaren izaera erlijiosoa kontuan hartzeko eskatzen da berau dalako “apartekotasuna eta ezaugarria” emoten deutsona. Horregaitik, hauxe litzateke babestu beharreko balio nagusia.

Bilboko Elizbarrutiak abuztuaren 24an aurkeztu ebazan alegazinoak Eusko Jaurlaritzara. Honeetan eskatzen da santutegiaren eta bere inguruko ondasun higigarriak eta higiezinak `Monumentu Multzo´ sailkapenean sartzea “multzo erlijjiosoaren biziraupena segurtatzeko”.

Era berean, tokiaren apartekotasun “nagusia aintzat hartzeko eskatzen da. Hau da, ondasun higiezina dan “santutegi erlijioso baten izaerea". Eusko Jaurlaritzak argitaratutako txostenarekin batera datozen agirietan lekuak “arkitektura eta paisaia naturalaren” arteko sinbiosia aitatzen da bakarrik.

Gaur egun bertan dagoan tenplua IX. mendean eraikitakoan oinarritzen da eta XI. mendeko agirietan azaltzen dira beronen ganeko lehenengo barriak. Hain zuzen be, kultu eta erlijio jarduerak dira “ingurumenari nortasuna” emon eta “ugarteari oinarrizko balioa” eskeintzen deutsienak.

Eleizbarrutiak beste arrazoi batzuk be emoten dauz bere idazkian: ugarteak Kantauri itsasoko ertzean dagozan beste antzeko irla edo irlatxo batzukaz alderatuta, berezitasun bat azaltzen dau gailurrean dagoan “toki sakratuak” emoten deutsona, hain zuzen. Berau da inguruan dagozan eta babestu behar diran ondasun higigarri eta higiezinen jatorria. Horrexegaitik eskatzen da hain zuzen, multzoaren izaera erlijiosoa izan behar dala babestu beharrekoa. Beste erabilerak, batez be gune honen zabalera publikoaren ingurukoak “ezin daitekez oinarrizko balio honen ganetik egon”, kontuan hartuta berau be badala babestu beharreko ondasun higiezina.

Elizbarrutiak aurkeztutako idazkiak batzen dauan beste eskabide bat zera da: “ondasun higiezinaren elementurik esanguratsuenen zerrenda egitea”. Horren barruan legokez santutegira, data esanguratsuetan, egiten diran erromesaldiak eta ospatzen diran mezak , exvotoen jartzea, Begoñako Amabirjinearen koroatzea, eta “multzoa zaindu eta babesteko kristinau alkarteak izan dauen ardurakizuna”.

Kristinau alkarteak babestutako lekua

Bialdutako idazkian aparteko multzo erlijiosoaren kristinau jatorria azpimarratzen da. Era berean, mendeetan zehar kristinau alkarte hori izan dala ugartearen zainketaz eta babesaz arduratu izan dana aitatzen da. Horrexegaitik iraun dau hain zuzen lekuak gaur egunera arte. Gaztelugatxeko San Juanen boluntarioen alkartea - 1978an santutegia erre ebenean sortu zan alkartea- , izan da santutegia eta beronen ingurua zaintzeaz arduratu izan dana.

Tenpluaren barrualdea