Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

J. M. Ziarrusta: "Rankingean lehenen egotea bigarren mailako kontua da, garrantzitsuena Bizkaitarrakaz gardenak izatea da"

created by Alkarrizketea gerenteari gardentasunari buruzko txostenaren emaitzen inguruan |
|   Komunikazinoa

Compromiso y Transparencia deritxon erakundeak uztailaren 29an emon eban ezagutzera Eleiza Katolikoari gardentasuna dala-eta egindako ikerketearen inguruko txostena. Honetan ondorioztatzen danez, Estaduko 69 Eleizbarrutien artean Bilbokoa eta Burgosekoa dira gorengo mailan dagozanak rankingean. Biak ala biak 18 puntutik 13 daukiez. Bilboko Elizbarrutiko gerenteak, Jose Mari Ziarrustak txostenaren inguruko datuak emoten dauz alkarrizketa honetan eta era berean hobetu beharrekoen inguruko zertzeladak be emoten dauz.

Zer suposatzen dau emaitza honek?

Sailkapenean lehenengo egotea bigarren mailakoa da. Garrantzitsuagoa deritxot kristau alkartearen eta Bizkaiko gizartearen aurrean gardentasunez jokatzeari zerrenda horretan lehenen egotea baino. Gure gotzainaren lehentasunen arteko bat da garden jokatzea eta horixe da hain zuzen plangintza ekonomikoan daukagun lerro bat. Holan eskatu euskun baita Frantzisko Aita Santuak beragaz egon ginanean Erroman 2016an: karidade eta pastoral arloari gardentasunez eta parekotasunez oratzeko.

Txostenean 18 adierazle neurtzen dira. Zeintzuetan gagoz ondoen?

Lehenengo aldiz egin dabe honako azterketa bat Eleiza Katolikoan. Dana dala, beste erakunde batzuekaz alderatu dabe gure zeregina: fundazinoakaz, museoakaz, alderdi politikoakaz eta komunikabideakaz. Adin txikikoen babesean aurrera eroandako ekintzak zein finantza inbertsinoetan eukitako praktikak dira ondoen puntuatu dabenak. Bestalde, kontuan hartu dabez praktika on batzuk: komunikazino planarena edo plangintza estrategiko ekonomikoa, adibidez.

Eta zeintzuetan gagoz oraindino hobetu beharrean?

Informazino ekonomikoan zer hobetu daukagula oraindino adierazoten deuskue. Horretan sakondu beharko dogu aurrera begira.

Abuztua hasi dogu pandemiaren erdian eta ekiturte berezi baten aurrean. Zelan kokatzen gara?

Orokorrean egoera ekonomikoa konplexua da. Jarduera nabarmen jeitsi da, lanpostu ugari bertan behera geratu dira gure gizartean eta jaiotza tasa oso murritza da. Gure Eleizea be gizarte honetako zatia da, beraz, aldi honetan igarri dogu bai diru-sarreren jeitsiera nabarmena. Dana dala, martxan jarri doguzan kanpaina bereziei esker ' Zeugaz-Contamos contigo´ eta honen barruan dagoan gureelizari.eus webgunetik jasotako diru sarrera bereziak zeozelan lagundu deuskue. Dana dala, oraindino be kolaborazino guztiak gitxi izango dira datorrena ikusita. Zalantza ugari dagoz irailetik aurrera gertatu daitekenaz, baina beste alde batetik, itxaropentsu ekiten deutsagu ikasturte barriari.

 

 

Jose Mari Ziarrusta, Bilboko Elizbarrutiko gerentea