Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak egitaraua aurkeztu dau

created by Aurton, berrogei urte beteten ditu |
|   Komunikazinoa

Kurtso hau berezia da Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuarentzat (ETPI), hain zuzen be, berrogei urte beteten ditualako. Urteurren hori datorren urriaren 29an ospatuko dabe, kurtsoari hasiera emongo deutsan ekitaldi ofizialean, “ETPIak 40 urte Bizkaian kristautasuna eta kultura lantzen” saioaren bitartez. Bertan izango dira, besteak beste, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederretako Museoko zuzendaria; Raquel Perez Hezkuntzarako Gotzainen Batzarreko zuzendariak; Lorea Bilbao Kultura Diputatuak eta Javier Vitoria teologo eta ETPIko zuzendari ohiak. Ekitaldia Bilboko Areatzan dagoan San Nikolas eleizan ospatuko da eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Egun horretan, gainera, komunikabideetarako Elezbarrutiko sailak prestatu dauan bideoa aurkeztuko da. Bertan, urte honeetan ETPIko eta Laikoen Heziketarako Eleizbarrutiko Zerbitzuko askotariko heziketa-prozesuetan eta jardueretan parte hartu daben laikoen eta zuzendaritzako kideen lekukotasunak aurkeztuko dira, euren artean ETPIko lehenengo zuzendaria izan zan Jose Angel Ubieta abadearena.

Egitaraua

Bizi dogun osasun-egoera dala-eta, egitarauan jasotako hainbat ekitaldi baleiteke iragarritako lekuan ez egitea eta dalako aldaketok sasoiz jakinarazoko dira. Osatu daben egitaraua, hemen ikusi daiteke.

Hona hemen jardueretako batzuk: Migrazinoak eta Eleiza gaiari buruzko jardunaldia azaroaren 11n, Barrian, Fabio Baggio Migratzaile eta errefuxiatuei zuzendutako Vatikanoko saileko idazkariordea bertan dala eta Karidade eta Zuzentasunerako Ordezkaritzak, Caritasek eta Eleizbarrutietako Misinoetarako Ordezkaritzak antolatuta. Gainera, azaroaren 26an, “Arizmendiarrieta Frantziskoren ekonomian” saioa ospatuko da, Javier Arellano Etika Aplikaturako Deustuko Unibertsitateko zuzendariak, Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak eta Juan Manuel Sinde Arizmendiarrieta Fundazinoko presidenteak esku-hartuko dabelarik.

Abenduaren 3an, Pablo Bilbao Aristegiri eskainitako jardunaldia ospatuko da eta bere memorien liburua egin dauan Seve Callejak jardungo dau. Urtarrilaren 21ean, Jokin Perea abadeak “Ministerio eta Erakunde sena XXI. gizaldiko Eleizan” gaiaren inguruan jardungo dau. Otsailaren 18an, On Luis Arguello Gotzainen Batzarreko idazkari nagusiak ministerio ordenaturako jardunaldia zuzenduko dau, “ekologia eta ministerioa” gaiaren haritik. Martxoaren 28ko konbidatua Jaime Tatai jesuita izango da eta honek “Laudato Si’; osoko aldaketaren zerumuga” entziklika izango dau mintzagai. Aitatutako saio eta jarduera horreez gain, kurtsoan zehar hainbat mintegi, tailer, e.a., garatuko da eta ondorengo estekan klikatuz izan daiteke horren barri.

Fabio Baggio