Martxoaren erdialdetik hona, ezohiko eran bizi izan dogu 2019-2020 pastoral kurtsoa eta bide beretik amaitzen dihardugu. Udaldiko ohiko jarduerak, esate baterako, kanpamentuak, lan-kanpamentuak, heziketa-ikastaroak, alkartasun-esperientziak… bertan behera geratu dira kasu askotan, eta egiten ari diranei dagokienez, baldintza guztiz desbardinetan garatzen dihardue.
Seminarioko errektoreak azaltzen dauanez, bigarren seihilekoko azterketak amaitu ondoren, denporaldi honetan on-line ikastaro batzuk egin dabez eta san Joan Paulo II.aren gorputzaren teologiari buruzko heziketarako saioak Carlos Olabarri abadearekin. Euskerazko ikastaroetan be parte hartzen dihardue, bakotxaren mailaren arabera eta autoikaskuntza-erara. Uribelarreak esandakoaren arabera, “kurtsoko hainbat alderdiren inguruan hausnarketa egiteko be aprobetxatu dogu denpora hau: egitasmo pertsonal eta komunitarioak; erantzukizunak heziketaren hainbat alderditan eta seminarioaren egoitzan, geure etxean, alderdiren bat edo beste hobetzea. Orain, eta era bitxian bada be, atsedenaldirako aldiari ekingo deutsagu eta aire desbardina hartuko, indarbarritu eta konturatu baino lehen helduko jakun kurtso barriari ekiteko”.
Kurtso barria
Irailaren hasierako erromesaldiaren ostean, eguneroko bizitza berreskuratuko dogu: ikasketak, otoitza, pastoralgintza, alkarte bizitza… Kurtso barriari hasiera emoteko ospakizuna irailaren 26an, zapatuz, izango da. Oraingoan, Eukaristia ospatuko da lehenengo Begoñako Basilikan goizeko hamaiketan, “jente gehiagori parte hartzeko aukera emoteko. Holan, kurtsoaren hasiera hau desbardin bizi izango dogu geuk be”.
Datorren ekiturtean, heziketa-prozesuari beren-beregi dagokiona garatzeaz gainera, Imanol Atxalandabaso abadegaia diakono eta abade egingo da. Imanolek, hain zuzen be, Tabira Pastoral Barrutian jardungo dau irailetik aurrera. Errektorean esan dauanez, “uztailean eskatu doguz Imanoli buruzko txostenak, urrats hori ezinbesteko baldintza da-eta ordenazinoaren aurretik”:
Hainbat lagun joango da bokazino egoitzara hango esperientzia bizitzera, “gertutik” bokazinoa bereizteko, hausnartzeko eta seminarioko ohiko bizitzarekin bat egiteko aukera aztertzeko.
Era berean, hainbat ekimen eskainiko da Eleizbarrutian, orain arte egindakoaren haritik. Uribelarrearen esanetan, “hainbat aukera aztertu behar izango dogu, zelan jokatu ikusteko, ez dogulako galdu gura Seminarioaren eta eleizbarrutiko errealidade zabal baten artean sortu dogun lotura hori, baina kontu handiz gordez eta betez indarrean dagozan segurtasun-neurriak. Aurrerantzean emongo deutsuegu gure proposamenen barri”.