Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Jubileu-urte hau grazia eta bedeinkapenezko aldia da Mirabeentzat”

created by Alkarrizketa Martina Espinal Karidadeko Jesusen Mirabeen Ama Nagusiari |
|   Komunikazinoa

Orain dala egun batzuk web orrialde honetan iragarri genduanez, Karidadeko Jesusen Mirabeek gertaera garrantzitsu bi ospatzen dabez egunotan: alde batetik, euren sorreraren 150. urteurrena eta Jubileu-urtearen hasiera. Bigarren hau bihar –uztailak 26, domeka- izango da, On Mario Izeta eleizbarrutiko gotzaina buru dala eguerdiko hamabietan Santiago katedralean ospatuko dan eta web orrialde honen bidez zuzenean eskainiko dan Eukaristian. Gainera, uztailaren 10ean, Frantzisko Aita Santuak baimena emon eutsan Santuen Kausetarako Kongregazinoari Jesusen Mirabeen ordenaren sortzailetako bat dan On Mariano Jose Ibarguengoitia eta Zuloaga bilbotar abadearen bertute heroikoen dekretua aldarrikatu daian. Informazino ugari emon deuskun Jesusen Mirabeen postulazioko kide dan Blanca Alonso Merayori eta dokumentazio grafikoari esker Martina Espinal ordenako Ama Nagusiarekin hartu-emonean jarri gara eta honek kongregazinoak bizi dauan unearen eta euren sorreraren 150. urteurrenean jubileu-urtea ospatzearen esanahiaren inguruan jardun dau.

Martina Espinal 2018ko urrian izendatu eben Jesusen Karidadko Jesusen Mirabeen Ama Nagusi. 1971n jaio zan Santiago de los Caballerosen (Errepublika Dominikarra) eta 20 urterekin sartu zan kongregazinoan. Burgosen, Bilbon, Gasteizen, Madrilen eta Erroman egon izan da, baina Bilbon igaro ditu bizitza erlijiosoko urte gehienak, besteak beste, Basurtuko Ospitalean laguntza erlijiosorako taldeko kide lez, sasoi hori atseginez gogoratzen daualarik.

Ze garrantzi dauka kongregazinoarentzak bere sorreraren 150. urteurrenean jubileu-urtea ospatzeak?

Jubileu-urte hau grazia eta bedeinkapenezko aldia da Mirabeentzat; bihotzez geure esker ona adierazi gura deutsagu Jainkoari bere Mirabeak biziki maite izan ditualako urte guzti honeetan. Eskerrak emoten doguz Espirituaren dohain lez Eleizaren zerbitzurako karisma jaso izan eben Santa Maria Josefa gure sortzailearen eta On Mariano Jose abade bilbotar eta sortzaileraren presentzia bizi eta iraunkorragaitik.

Guretzat, batez be, barritze espirituala da, bultzada barria eta egunez egun saiatu gura dogu, hitzetan bakarrik geratu ez daiten eta egunez egun Jesus Berbiztuaren lekukotasun alai eta sinisgarri izan gaitezan, bizimodu apal eta eskainitakoaren bidez Jainkoaren erruki eta samurtasuna agertzera emonez.

Ze jarduera egingo dozue guzti hau ospatzeko?

Jarduera nagusienetakoa, kasu honetan espirituala, Vatikanoaren aldetik parkamen osoa emongo jakela, asmo honekin eta ezinbesteko baldintzekin, Jesusen Mirabeen eleizak (Bilbon lau dira) eta Jesusen Bihotzeko Santa Maria Josefa gure sortzailearen izenpeko diran parrokiak (Bilbon, Miribillako parrokia) bisitatu daiezan fededunei.
Covid-19a pandemia dala-eta bizi dogun egoerak ez deusku ospakizun deigarririk egiten, baina aparteko egoera hori be gertaera hau sakontasun eta apaltasunetik bizitzeko Jainkoaren doe lez hartzen dogu.

Dana dala, Gotzaitegiarekin, Katedralarekin eta Santa Maria Josefarekin batera, hainbat argitalpen eta jarduera prestatzen dihardugu eta bere garaian emongo da guzti horren barri. Bilbao da kongregazinoaren sorlekua, Naja kalean dago Etxe nagusia eta bertako eleizan dago sortzailearen hilobia eta leku guzti horreek esanguratsuak dira jubileu-urtearen ospakizunean, hementxe hasi zan-eta dana!

Kongregazinoaren datuak

Ebanjelioko parabolan lez, lur onean jausi zan gari-aleak frutu ugari emon eban eta Bilboko hazi txikia gaure gun 16 herrialdetan hedatuta dago eta 700 erlijiosa inguruk osatzen dogu Jesusen Mirabeen ordena. Txilen, Argentinan, Paraguain, Kolonbian, ekuadorren, Perun, Mexikon, Errepublika Dominikarrean, Kuban, Estatu Batuetan, Filipinetan, Vietnamen, Kamerunen, Italian eta Portugalen gagoz eta leku guzti horreetan Ama sortzailearen ametsa beteten dihardugu: “mundu osora joatea da nire nahia eta, kosta ahala kosta, Jainkoaren ezagutza eta maitasuna gizon eta emakume guztiei eroatea”.

Jarduera nagusiak

“Jesusen Bihotzetik sortzen da gure kongregazinoa” eta samurtasun eta errukizko maitasun hau gure anai eta arreba behartsuenen –gaixoak, nagusiak, umeak, behartsuak eta sufritzen dagozan guztiak- aldeko zerbitzuan zehazten da. Gure eginkizuna ez da deigarria, askok eta askok ezagutu be ez dabe egiten, baina pertsonarengana iritsi egiten da eta pertsonaren sakon-sakonean ikutzen dau, atsekabean, bakardadean, makaltasunean… Hortxe izan gura dogu Jainkoaren presentzia, beretzat “kutun” diranen artean.

Bilbon lau alkartetan gagoz: Etxe nagusian gaueko laguntza eskaintzen da etxeetan edo egoitzetan eta goizez gosariak eskaintzen dira; harrera-etxeko alkarteak VIH daben gaixoei arreta eskaintzen deutse, Bilboko gaixoetxekoak apostolutza garatzen dau gaixoekin eta Deustuko egoitzan nagusiak zaintzen doguz. Gure ahizta bat, gainera, laguntza erlijiosorako Basurtuko ospitaleko taldeko kide da.

Zer nabarmenduko zeunke etorkizunari begira?

Gure karisma bizirik eta gaurkotasunez beteta jarraitzen dau Eleizan eta munduan. Atzo eta gaur, Jesusen Mirabeok Ama sortzailearen legatua garatzen eta gauzatzen dihardugu: “maitasuna eta sakrifizioa”. Gaurko munduak erronka barriak aurkezten deuskuz eta geure karisma eta espiritualtasunetik erantzuten saiatzen gara.

Jesusen Bihotzeko Santa Maria Josefak bere egin ebazan Jesusek gaixoen alde egiten zituan zeinu errukitsu eta sendatzaileak eta, gaur be, bere izena daroagun Mirabeok, Haren ahotsa eta Eleizak gaixo, ume, nagusi eta behartsuen alde jarduteko egiten deuskun deia entzun eta erantzuten saiatzen gara.

Eta gure bizitzaren edertasuna hots egiteko biderik onena euren kontsakrazinoa itxaropenez eta poztasunez, Jainkoz beteta, familia handia osatzen dogunon senide bizitzaren lekukotasuna emonez bizi diran emakume izatea da.

 

 

Martina Espinal Karidadeko Jesusen Mirabeen Ama Nagusia