Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eguerdian, web honetatik zuzenean, pandemiaren biktimen aldeko Eukaristia

created by On Mario Izeta gotzaina buru dala |
|   Komunikazinoa

Espainiako Gotzainen Batzarrak uztailaren 26an, domekaz, S. Joakin eta Sta. Ana gaixotasunak gogorren astindu dituan nagusien zaindarien egunez edo uztailaren 25ean, zapatuz, Santiago egunez, pandemiaren biktimen aldeko jardunaldia ospatzeko proposamena egin eban eta Bilboko Eleizbarrutiak gaurko egunez egingo dau bat ekimen horrekin. Eguerdiko hamabietan ospatuko da Eukaristia Bilboko Santiago katedralean, On Mario Izeta gotzaina buru dala eta, besteak beste, Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Gobernuko Azpiordezkaritzako ordezkarien partaidetzarekin. Eukaristia hau zuzenean eskainiko da web orrialde honetatik.

Gainera, Gizarte Pastoraltzarako Gotzain Batzordeak eta Familia eta Biziaren Defentsarako Azpibatzordeak mezua atara dabe egun hau dala-eta. Oharrean esaten danez, uztailaren 26an, Eleizak San Joakin eta Santa Ana Ama Birjinaren gurasoen eguna ospatzen dau, hain zuzen be, “bereziki nagusiei eskainitako eguna, izan be aitite-amamen zaindariak dira”.

Gotzainek azaltzen dabenez, askotan muga eta egia bako askatasuna aldarrikatzen dauan eta gazteei eta gaztetasunari garrantzi gehiegi emoten jakon gizartean, nagusiek funtsezkoa baloratzen eta iragankorrari uko egiten laguntzen deuskue: “Bizitzak erakutsi deutse senideen eta gizarteko gainerako kideen aldekomaitasun eta zerbitzua dirala bizitzako zailtasunen erdian besteak onartzeko, altxatzeko eta itxaropenez beteteko danok geure egin beharko geunkezan benetako oinarri”.

Gotzainek nabarmentzen dabenez, ez da nahikoa iraganari begiratzea, “une batzuetan guztiz mingarria izan bada be, aurrera begiratu behar dogu. Ez geunkez sekula Frantzisko Aita Santuaren berbok ahaztu behar: nagusiak bertan behera itzi eta euren jakituriari uko egiten deutsan gizartea gaixo dago eta ez dau etorkizunik, ez dau-eta oroimenik. Nagusientzat begirune, autortza eta ohorerik izan ezean, ez dago etorkizunik gazteentzat; horregaitik, ezinbestekoa da ume, gazte eta nagusien arteko belaunaldi-apurketa saihestea”.