Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Leioako San Bartolome eleizako kolunbarioa

|   Komunikazinoa

2013ko maiatzean zabaldu zan Leioako San Bartolome eleizako kriptan kolunbarioa eratu zan 2015ean 100 nitxo ingururekin. Hainbat neurritako kolunbarioak jasoten dituan leku zabala da. Txikietan, errauts-kutxatila bi sartu daitekez eta handienetan, lau. Inaxio Fernandez San Bartolome parrokiako parroko eta VI. Bikaritzako gotzain bikarioak azaltzen dauanez, parrokia horretan lokala diseinatu eta atondu zan “errautsak bertan izteaz batera, gure senide eta lagun maiteen gomuta egiteko eta euren alde errezatzeko”. Zerbitzu honen inguruan gehiago jakin gura dauanak parrokoarengana jo daiala helbide elektroniko honetara mezua bialduz: p.sanbartolome.leioa@bizkeliza.org.

Kolunbarioa zer dan galdetuta, Inaxio Fernandezek azaltzen dauanez, ‘columbarium’ hitzak, berez, usategi esan gura dau eta eraikin honek usategiaren antza dauanez, kolunbario izena jarri jako: “Hasieran, ehorztoki kolektibo honeek errektangularrak izan ziran. Hormen barrualdean zirkuluerdi-formako makina bat nitxo egoan, ganga erara biribilduta goiadean, usategi bateko nitxoak balitzaz lez, eta hortik dator izena. Laburbilduz, kristau kolunbarioa, gure senide eta lagun maiteen errauts-kutxatilak izteko leku sagaratua da; bertan, gainera, hildakoen gomuta eta euren alde otoitz egin daiteke”. Esteka honetan, Inaxiok, 2015ean, kolunbarioa zabaldu zanean, egin ebazan adierazpenak gogoratu daikeguz.

Kolunbarioa eraikitzeko arrazoiak

Erlejino eta kultura guztietan, hildakoen aldeko begiruneak gizatasun, santutasun eta transzendentziazko sentimentuak islatzen ditu. Israel herriak bere hildakoak errespetatu egiten ebazan, eraspenaren adierazle eta jainkozko bedeinkapenaren zeinu. Horregaitik, betebehar santutzat eukan hareek hilobiratzea eta zoritxartzat eban gorpuzkiak ehortzi barik iztea (Is 34, 3-4a; Sal 79, 2; Si 6, 3). Itun Zaharrean ikusi daitekenez, Abrahamen sasoian hasita, makina bat adibide dago hildakoak hobiratzeari dagokionez.

Kristautasunean ohikoa izan da apostoluek eurek hasi eben jarduera hori oraintsu arte. Gorpuak araztu eta begirunez tratatu ohi dira, santutzat jo izan diralako Espiritu Santuaren presentziagaitik eta, kristau fedearen benetako ardatza kontuan hartuta (1 Kor 15, 14), euren xede nagusia berbizkundea zala uste izan dalako. Testuinguru honetan, hildakoen gomuta eta gorpuen jaiera euren alde otoitz egiteko eta Jainkoari gorespen-sakrifizioak eskaintzeko aukera da.

Makina bat urtetan, kristauek ez ebezan gorpuak errausten. Sarritan, errausketa aukeratzen ebenek, heriotza gizakiaren erabateko eta behin betiko amaiera zala sinisten ebala adierazteko egiten eben.

Azken hamarkadetan, urteen buruan, gora egin dau gorpuen errausketen kopuruak. Gure eleizbarrutian, esate baterako, gehikuntza hori dala-eta, gaur egun, errausketen kopurua hobiratzeena baino handiagoa da eta jardunbide honek guztiz hedatzeko itxura dau. Jarduera barri honek huts pastoral garrantzitsua dakar, oraindik ez dago-eta hedatuta hildakoen errautsak leku santuren batean izteko ohitura eta Eleizbarrutiko parrokia gehienetan ez dabe Eleizak bateatu guztien gorpuzkiei emoten deutsen duintasunarekin bat erraustutako pertsonen errautsak jasoteko lekurik atondu.

Beraz, Fernandezen esanetan, “arrazoi honeengaitik ezinbestekoa da pastoral ikuspuntutik parrokietan leku batzuk eskaintzea, senide eta lagun maiteak erraustea erabagitzen daben familiek hareen hautsak itzi daiezan, Eleizak hildako fededunen gorpuzkientzat ezarritako tratamentuaren arabera”.