Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuaren proposamenak udan irakurteko

|   Komunikazinoa

Beste urte batez, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak (ETPI) udaldirako irakurgaiak hautatu eta zerrenda interesgarria aurkeztu dau. Institututik azaldu dabenez, “normaltasun barriko aro honetan be bada gorputzarentzat zein arimarentzat seguru eta osasungarri eta onuragarria dan jarduera, hain zuzen be irakurketa. Eremu honetan kokatzen doguz ziurgabetasunaren zama arintzeko, beste zerumuga batzuetara begiratzeko eta hausnartzeko lagungarri izan daitekezan liburuen zerrenda”. Galo Bilbaok, Carlos Garcia de Andoinek, Sebastian Garcia Trujillok, Jaime Lopez de Eguiluzek, Estrella Morenok, Javier Oñatek, Joaquin Pereak eta Maite Valdiviesok esku-hartu dabe zerrendaren osaketan.

Generoari dagokionez, olerkia, eleberria, biografia, hausnarketa eta entseguak dagoz eta gaiak be askotarikoak dira: pandemiari eta bere ondorioei buruzko lanak; bizitzako esperientzia esanguratsuak; teologia eta espiritualtasuna; ekonomia; historia; etika… Horrezaz bainera, jaiotza edo heriotzen urteurrenak aprobetxatuz, autore klasikoak –Camus, Delibes, Galdos…- gogoratzen dabez eta euren idazlanak aldarrikatu, 2020ko udarako be formula, hausnarketa eta ideia interesgarriak eskaintzen dabezala-eta.

Hona hemen gomendatutako liburuen zerrenda:

KASPER, Walter, e.a., Dios en la pandemia, Sal Terrae, Maliaño (Kantabria), 2020. Liburu argitaratu barri honen hitzaurrea Frantzisko Aita Santuarena da. Walter Kasper, Bruno Forte, George Agustin, Tomas Halik, Jose Carlos Bermejo eta Mark-David Janusek pandemiaren esperientziaren inguruan idazten dabe hainbat ikuspuntutatik. Azken hilebeteetan izan dogun bizipenari buruz hausnartzeko eta ikaskuntza guztiak aberasteko lagungarri izan daiteke. Ez da ondorioa, ibilbidearen erdian egiten dan ekarpena baino.

PRAT, Ramon, El recuerdo de Dios. En camino hacia el sentido de la vida, Secretariado Trinitario, Salamanca, 2019. Errespetu handiz irakurri beharreko liburua. Ramon Prat da, inongo mozorro barik. Kontzientzian, bizitasunez bizi izandako bizitzaren esperientzia laburbiltzen daben idazkiak. Orain sendatuta dan tumoreak bizitzearen funtsezkoarekin aurrez aurre jarri dauan goitik beherako sinistedunarengandik tantaz tantako isurketatik ateratako entsegua. Barruko kristautasunaren jakinduriazko testamentua, adeitsua, erabatekoa.

PEREA, Joaquin, Un giro radical. Ministerialidad e institución en la Iglesia del siglo XXI, PPC, Boadilla del Monte, 2020. “Kontzilio osteko bigarren aroan”, ministerialtasunaren –batez ere laiko ministerialtasunaren- gaiaren inguruko jakin-mina itzali egin da hainbat arrazoirengaitik. “Eratutako laiko ministerialtasuna” bultzatu behar dala da tesi nagusia. Pastoral ardurak eta izendapen ofiziala daben laikoek eleiz sare erabakigarria osatzen dabe eta honek, Espirituaren bultzekin, kristau alkartearen bizitza eta misino ebanjelizatzailea sustatzen dau”.

LUCIANI, Rafael eta Mª Teresa COMPTE (koord.), En camino hacia una Iglesia sinodal. De Pablo VI a Francisco, PPC, Fundación Pablo VI, Madril, 2020. Hainbat autoreren azterketa Eleizaren sinodo-senari buruz, ikuspuntu historiko, teologiko, pastoral eta ekumenikotik.

URRUTIA, Victor, Camino de Emaús, Verbo Divino, Lizarra, 2020. Bere garaiarekin konprometitutako eta giza alderdi bakar bat be baztertzen ez dauan gizonaren olerki erlijioso aukeratuak dira. Bizi izandako inguruabar guztietan Jainkoaren gertuko agerpena izan dala erakusten deusku. Rafael Aguirreren hitzaurre sutsuak jarten ditu testuinguruan “lurrari atxikita goitik hegan egiten daben olerkiok”.

GOMEZ ACEBO, Isabel, Agua, San Pablo, Madril, 2019. Bizitzako esperientzia pertsonaletik Ebanjelioari eta Jesusi lotutako irakurketa pertsonala egiten dau. Orrialdeok irakurten dabezan guztiei dei egiten deutse euren esperientziaren inguruko galdera egin daien. Irakurgai bakun eta sakona da.

LOPEZ VILLANUEVA, Mariola, Madeleine Delbrêl. Una mística de la proximidad, Sal Terrae, Maliaño (Kantabria), 2019. XX. gizaldiko mistiko handi deitu dabe. Egunerokotasunean sustraitutako espiritualtasuna bizi izan eban, ahulenekin konprometituta. Barruko bizitzak eta zuzentasunaren aldeko jarduerak naturaltasunez bat egiten dabe berarengan. Jainkoa esperimentatzekoe ra barriak sartu ebazan sekulartasunaren bihotzean. Gizarte langile lez, jentearengana adeitasun eta begirunez hurreratzen zan, Jainkoaren aurpegia gardentasunez agertzera emonez.

RABATE, Colette eta Jean-Claude, Miguel de Unamuno, 1864-1936. Convencer hasta la muerte, Galaxia Gutemberg, Bartzelona, 2019. Biografia honek bost hamarkada inguruz Espainiako bizitza politiko eta kulturalari estu lotutako bizipen eta ekintzak izan eta garatu ebazan intelektual konprometituaren nortasun liluragarria barriz zehazten dau.

CABALLE, Anna, Concepción Arenal. La caminante y su sombra, Taurus, Madril, 2018. Merezi dau Espainia erreformatu nahi izan eban, aurkako aldeen artean adiskidetze eta bizikidetzarako puntuan aurkitzen ahalegindu zan emakume hau hobeto ezagutzea. Ekologista, bakezalea eta giza eskubideen eta emakumeen defendatzailea; kartzelen erabarritzean saiatu zan (berea da, “gorrotatu delitua eta errukitu gaizkileaz” esaldia). Beneratua izan zan bere sasoian klase kaltetuenen aldetik. “Errukiaren filosofia da bere legatu nagusia”.

ROSA, Hartmut, Remedio a la aceleración. Ensayos sobre la resonancia, NED, Bartzelona, 2019. Entsegu soziologikotik harago, autoreak jasaten dogun azelerazinoaren aurkako proposamena egiten deusku: munduarekiko eta besteekiko erresonantzian sartu. Gai garrantzitsua da fedearen atarikoak ulertzeko. Zelan gerturatu abiadurak eta betigoak aurrean daroan, bestearengana eta Jainkoarengana irekitzeko ezinbesteko patxada falta jakon pertsonari?

HOLLAND, Tom, Dominio, una nueva historia del cristianismo. Ático de los Libros, Bartzelona, 2020. Kristautasuna da Antzinatasuneko legaturik eraginkor eta iraunkorrena eta bere sorrera da Mendebaldeko historiak ezagutu izan dauan iraultzarik erradikalena. Bere zirrarak giza garapenaren arlo guztietan itzi dau arrastoa. Ondorioz, gaur, fedea izten daben pertsonen koputuak etenbarik gora egin, herrialde modernoan bizitzea bere instintu eta usadioek kristau sustrai sakonak dabezan gizarten bizitzea da.

LLUCH Frechina, Enrique, Una economía para la esperanza. PPC, Boadilla del Monte, 2020. Paradigma ekonomiko barria aurkezten dau, oinarri desbardinak egiteko ekonomikoa ulertzeko: zelan emon norabide barria gure gizarteari, zelan aldatu arrazionaltasun ekonomikoaren kontzeptua eta enpresen, merkatuen, sektore publikoaren… funtzionamendua. Guzti hori kreazinoaren, gizartearen esanetara jarriko dan eta etorkizunerako itxaropena eskainiko dauan ekonomia xedetzat hartuz.

BILBAO, Galo eta Izaskun SAEZ DE LA FUENTE, Por una (contra)cultura de la reconciliación, CyJ, Bartzelona, 2020. Adiskidetzea, gure gizarte eta kultura testuinguruan nekez onartzen dan errealidadea da, besteak beste, beste gauza batzuen artean, euren ulermen teorikoaren eta gauzatze praktikoaren oinarrian dagoan hainbat elementu –damua, autokritika, errua, parkamena edo egia- ez dagoalako gure inguruan nagusi dan joeran. Euskal Herriko esperientziatik abiatuta, autoreek benetako zuzentasun eta adiskidetzerako biktimak ezinbesteko abiapuntu dituan proposamena garatzen dabe.

DOMINGUEZ PRIETO, Xose Manuel, 25 lecciones para ser infeliz, PPC, Boadilla del Monte, 2018. “Geure bizimoduaren eraginez gara zoritxarreko –gitxi-asko-“. Baieztapen honetatik abiatuta, autoreak umorez agertzen ditu bere buruarengan antzeman dituan eta zoritxarrerako bide lez identifikatu dituan jarrera eta inertziak. Autoreak ispilu baten antzekoa eskaintzen deusku, eroso izan arren, azkenean bizimodu oso eta zorionekoa galarazten deuskuen bizimoduak ikusi daiguzan. Atsegina da irakurteko eta ze pentsatu emoten dau.

JIMENEZ LOZANO, Jose, El mudejarillo, Anthropos, Bartzelona, 1992; Guía espiritual de Castilla, Ámbito, Valladolid, 2004. Kazetari, idazle, pentsalari… Historian zehar isilik igarotzen diran gizon eta emakumeei begiratzen deutsen sinisteduna da. Joan dan martxoaren 9an hil zan. Hainbat lan interesgarri itzi deusku, esate baterako, Kurutzeko San Joanen “biografia” eanguratsua edo gida, artez txipriztindutako paisaia zeharkatzen dauana, non harrian zizelkatutako teologiak beste mundu bat somatzeko aukera emoten deuskun, geure barruan durundi egiteaz batera. Bidaiarako bidelagun egokia.

KALLIFATIDES, Theodor, Otra vida por vivir, Galaxia Gutemberg, Bartzelona, 2019. Hausnarketa sakona, herrialde biren eta gizaldi biren artean bizitako historia pertsonalaren balantzea, bizitzako ibilbideari, hartu-emonei, ogibideari… zentzuna emonez eta, holan, zahartzearekin adiskidetzen lagunduz. Intolerantzia, aurreiritziak eta desbardintasunak guztiz hedatuta dagozan Europa garaikideko joera kezkagarriez be arduratzen da. Liburu laburra eta gustura irakurten dana.

CAMUS, Albert, La peste. Lehenengo aldiz irakurteko eta pandemia aldi honetan barriro irakurteko. Oraneko peste izurriteko aldi desbardinetan izandako erantzunak (gure erantzun eta jarreren antzekoak): isolamendua, mediku eta boluntarioen eskaintza eskuzabala, jente-ilarak, hildakoen eguneroko kontaketa, heriotza bakardadean. Bere hausnarketa bat: Gizon eta emakumeen handitasuna maitatzeko gaitasunean datza eta izurrite baten erdian, hori gizakiaren alde borrokatzea da.

DELIBES, Miguel, El hereje. Kristau humanista honen jaiotzaren mendeurrenean, askatasun erlijiosoaren eta katolikotasun barri eta barrituaren alde egiten dauan eleberri hau irakurtea proposatzen dogu. XVI. gizaldi inguruan, Valladoliden alkartzen diran Cazalla doktorearen eta luteranoen talde baten bizitza kontatzen dau. Eta sutan hiltera eroan eban fede-autormena.

PEREZ GALDOS, Benito, Nazarín. Liburu hau irakurtea gomendatzen dabe idazlearen heriotzaren mendeurrenean. Lan honetan, idazleak benetakotasuna –baita fedearen bizipenean be- maite dauala erakusten dau. Intolerantzia eta fanatismoa salatzen ditu eta Ebanjelioari leialtasun handiagoa deutsan eta agintetik aldenduago dagoan kristautasuna aldarrikatzen. Antzeko gaia jorratzen daben beste eleberri batzuk: Halma eta El abuelo.

ATXAGA, Bernardo, Etxeak eta hilobiak, Pamiela, Nafarroa, 2019. Bernardo Atxagaren liburuak beti dira garantia bat. Irakurketa aberasgarri, interesgarri eta entretenigarriaren garantia. ‘Ibai bakarrera jotzen duten errekak dira Bernardo Atxagaren azken nobela hau osatzen duten piezak… Badoaz urak, eta badoa, irakurlea Ugarteko herritik Pauera, edo Baionara, edo… Etengabea da mugimendua…’

ALZOLA, N. ”Bitaño”, Kantuz eta itxaropenez, Labayru Fundazioa, Bilbao, 2019. Labayruk Nikolas Alzola salletarraren liburu bi argitaratu ditu: Mugarrapetik kontu kontari (prosaz) eta Kantuz eta itxaropenez (olerkiz). Alzolak bizkaiera herrikoi eta ederrean idatzi zituen bere liburuak. Istorio (historia) xume guztiz herrikoak euskara bizian. Irakurri beharreko liburuak pobretzen ari zaigu geure eguneroko euskarari grazia pixka bat gehitu nahi badiogu.