Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bertan behera geratu da Begoñarako gaueko erromesaldia

created by Abuztuaren 16an San Rokeren omenez Artxanda eta Pagasarriko ermitetan ospatzen dan meza be bertan behera geratu da |
|   Komunikazinoa

Covid-19 pandemiari aurre egiteko indarrean dagozan osasun-neurriak betez, Bilboko Udalak, Gotzaitegiarekin koordinatuta, bertan behera itzi dau abuztuaren 15ean, Amatxuren egunez, urtero egiten dan Begoñako Aurreskua. Era berean, Begoñako Basilikara jente-kopuru mugatua sartuko da eta ezinbesteko garbitasun-neurriak zorrotz beteko dira. Hori dala-eta, eleizkizunetan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izen emotea, esate baterako, hemendik. Guztira zortzi Eukaristia ospatuko dira (lehenengoa seietan). On-line izen-emoteko zailtasunak dabezanek, telefonoz (94 412 70 91) egiteko aukera dabe, ordutegi honetan: goizez 12:30etatik 13:30etara eta arratsaldez, 17:00etatik 18:30etara, astegunez.

Datorren abuztuaren 15ean Begoñako Ama Birjinaren Zeruratzearen eguna ospatuko dala-eta, Eleizbarrutiko Bikaritza Nagusiak, jardunbideak koordinatze eta zehazte aldera Bilboko Udalarekin hartu-emonean jarri ondoren, oharra kaleratu dau jaiegun horren inguruko xehetasunak emonez. Arduradunen esanetan, eleiza barruan liturgi ospakizunetarako ezarritako neurriak zorrotz beteko dira eta jente-pilaketak saihestuko dira kanpoaldean, kutsatzerik egon ez daiten. Horretarako, ezohiko neurriak adostu dabez, besteak beste, urtez urte egiten dan gaueko erromesaldia bertan behera iztea eta eleizaren kanpoaldan izaten diran jarduerak (askotariko produktuen salmenta, kioskoak, musika, ekitaldiak,…) ez egitea.

Aurton, lehenengo aldiz itzi behar izan dau Udalak bertan behera Begoñako Aurreskua, Bilboko alkateak Bizkaiko Zaindariaren eleizaren inguruan batutako herritarrei eskaintzen deutsen omenaldia. Aurreskua larogeta hamarreko hamarkadaren hasieran berreskuratu eban Jon Pertika dantzari bilbotarrak eta 1995etik aurrera, Uribilduko ohiko ekitaldi nagusiekin batera ospatzen da urtez urte.

Guztira, 8 Eukaristia ospatuko dira. Bat, bezperan, abuztuaren 14an, barikuz, arratsaldeko zazpietan, eta zazpi zapatuz: 6:00etan, 8:00etan, 10:00etan, 12:00etan (Meza Nagusia), goizez, eta arratsaldez, 16:00etan, 18:00etan eta 20:00etan.

Eleizan 255 lagun sartu daitekez; aldez aurretik izena emon beharko dabe eta egunean bertan ezinbestez NANa aurkeztu nortasuna ziurtatzeko. Ospakizun bakotxa hasi baino ordu erdi aurretik zabalduko dan aldameneko atetik, Gotzaitegirako sarrerako burdin hesia dagoan lekutik, sartuko dira. Ospakizun bakotxaren ostean, eleiza desinfektatu egingo da.

Gotzaina buru izango da eguerdiko 12:00etan ospatuko dan Meza Nagusian eta Bilboko alkatea eta beste hainbat agintarik parte hartuko dau.

Abuztuaren 15ean, eleiz ataria zabalik egongo da egun osoan, otoitz egin edo ‘Amatxuri’ bisita egin gura deutsenek eleizara sartu barik egiteko aukera izan daien. Begoñako Kofradiak laguntza eskainiko detuso parrokiari antolaketaren inguruko hainbat gauzatan eta barri emoteko postua jarriko dau eleizaren inguruan.

Mezak komunikabideetan

Eukaristia guztiak stremingez eskainiko dira Eleizbarrutiaren web orrialdean: www.bizkeliza.org Begoñara joan ezin daben edo joaterik gura ez daben guztiek zuzenean jarraitu daiezan. Bizkaia Irratia eta Radio Popular-Herri Irratia eleizbarrutiko irratiek zuzenean emongo dabez goizeko 10:ooetako eta eguerdiko 12:00etako mezak. Telebilbao kateak be On Mario Izeta gotzaina buru dala eta Bilboko alkartea eta udalbatzako hainbat kide bertan dirala ospatuko dan 12:00etako Meza Nagusia emongo dau.

San Roke

Era berean, Covid-19 pandemiak eragindako egoera dala-eta, bertan behera geratu da abuztuaren 16an San Rokeren omenez ospatzen dan meza Artxanda eta Pagasarriko ermitetan.

 

 

Begoñako Basilika (Argazkia: Alberto Sanz)