Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Elizbarrutietako Misinoek Angolatik urten dabe

|   Komunikazinoa

Bilbo, Donostia eta Gasteizko ehun bat misiolari batu ziran atzo Urkiolan. Urteroko topaketan Mutrikuko abadeak, Andoni Illarramendik, martxoaren 10ean Gazengan (Angolan) egon dan Bihotz Sakratuaren parrokia itxi beharraren arrazoiak zeintzuk izan ziran azaldu eban.

Santutegiko arduradunak, Josu López Villabak Elizbarrutietako Misinoak antolatzen daben urteroko topaketan batu ziran ehun bat laguni egin eutsen ondo etorria.

Andoni Illarramendi gipuzkoarra, azken urte honetan bizi izan dauazan gora beheren barri emon eban. Azaldu ebanaren arabera, azken urte honetan gertatu diran iskanbila batzuk izan dira misinoa bertan behera iztearen arrazoia.

Nazinoan dagoan ustelkeria egoeraren ondorioz, misinoan bertan be egoera latzak bizi behar izan dabez. Zentzu honetan, Cazengako parrokian bertan be egon dira gora behera tamalgarriak.

Giro nahaspilotsua ikusita, gotzainak eta Vianako elizbarrutiko bikario nagusiak, parrokia iztea erabagi eben aurreko hilean. Zehaztu barik geratu da aurrerantzean zabalduko dan ala ez.

Azken urte honetan Illarramendiren ondoan lan egin dauan Juan Antonio Rodriguez Pesquera bizkaitar laikoak, misinoan lanean diharduen monja apostolikoak misiolarien alde idatzitako mezua irakurri eban.

Beste lurralde batzuk

Lehenengo barri honeen ostean, misiolari ohiek beste lurralde batzuetatik ekarritako albisteak entzun ebezan. Holan, Ekuatore, Kongo edo Rwandako misinoetako nobedadeak kontau ebezan.

Batzarraren amaieran, bideo baten ekiturtean zehar egindako ekintza batzuk aitatu ziran. Era horretara, Euskal Misinoetako kanpainea, heziketea, udaldietako esperientziak edo Los Rios aldizkaria izan ziran aipagai batzuk.

Topaketeari amaierea emoteko, Malanjeko gotzain emeritua, Luis Maria Perez Onraita eta on Mario Izeta gotzaina buru zirala ospatu zan mezea.

Andoni Illarramendi, explicando los motivos para dejar la misión.