Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bihar hasiko da Bakearen aldeko Astea

|   Komunikazinoa

Bihar, urtarrilak 28, hasi eta datorren otsailaren 2ra arte, Bilboko Itaka-Eskolapioak Fundazinoak Bakearen aldeko astea ospatuko dau aurton be. Ekitaldi guztien amaiera lez, zapatuan, otsailak 2, “Bakearen aldeko globo-askatzea” egingo da eta ibilaldi bakezalea, hain zuzen be, 29. aldiz.

Urtero, urtarrilaren 30ean ospatzen dan Gandhiren heriotzaren urteurrenaren eta indarkeriarik ezaren munduko egunaren inguruan, Bakearen aldeko Astea izaten da Bilbon. Egun honeetan, hartzaileen adinaren araberako jarduera hezitzaileen bitartez, “gure munduan dagozan indarkeria-mota desbardinak ezagutzera emon gura doguz eta horreen inguruan eta gatazkei indarkeria barik aurre egiteko bideen inguruan hausnartu”, azaltzen dabe arduradunek.

Gai honen inguruan ikasleen sentiberatasuna bizteko jarduerak egingo dabez Itaka-Eskolapioko hezkuntza taldeetan zein Calasancio ikastetxeko (Bilboko Eskolapioak) geletan. Baina ikastetxearen hormetatik harago be heldu gura dabe, ikastetxeko ikasleen familiak eta, orokorrean, gizarte osoa sentsibilizatuz auzoan eta Bilbo osoan, jarduera desbardinen bitartez, esate baterako: gutunak bialduz, kartelak ipiniz, komunikabideetan azalduz, Bakearen aldeko globo-askatzea eginez,…

Globo-askatzea

Bakearen aldeko globo-askatzea 1985tik egiten dan jai-ekitaldia da. Bilboko kaleetara ateraten dira, Bakearen eta indarkeriarik ezaren balioaren inguruan sentiberatasuna bizteko eta hausnarketa eta lanerako astearen amaierea ospatzeko. Globoakaz egiten dan ibilaldi hau zapatu goizez izaten da eta Itaka-Eskolapioak Fundazinoko eta Calasancio ikastetxeko (Eskolapioak, Bilbao), gainerako ikastetxeetako, Bilboko eta inguruko aisialdiko eta parrokietako taldeetako ikasle, familia eta hezitzaileentzat eta, orokorrean, gizarte osoarentzat da deialdia.

Globada del pasado año.