Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bakearen aldeko ibiltaldia

created by Bolibartik Ziortzara |
|   Komunikazinoa

Datorren zapatuz, apirilak 5, bakearen aldeko ibiltaldia egingo da, beste behin be, Bolibarretik Ziortzako monasterioraino. Antolatzaileak, mila lagun inguruk kilometro biko ibilpidea egingo dabelakoan dagoz. Gotzainak, parrokoak eta Markina, Gernika eta Galdakaoko hiru ordezkarik eroango dabe “Jesusen bidetik adiskidetzen – Reconciliándonos por el camino de Jesús” goiburua jasoko dauan pankarta.

IV. eta V. bikaritzek antolatzen daben ibiltaldia goizeko 10:00etan abiatuko da Bolibarko parrokiatik. Partaide gehienak autobusez helduko dira ibiltaldiaren hasierara eta oinez egingo dabe ibilpidea zistertarren Ziortzako monasterioraino. 

Bakearen aldeko ibiltaldi honen antolatzaileetako bat dan Martin Aranbarri abadeak azaltzen dauanez, euren asmoa ibilpidea hausnarketa eta otoitz giroan egitea da. Horretarako, bidean hiru geldialdi egingo dabez, lehenengoan, Lukasen liburutik hartutako Jaungoikoaren hitza entzuteko. “Judutarren eta samariarren arteko gorabeherak gogoratuko doguz, gure gaur egungo liskarretara eroanez”.

Bigarren geldialdian Jesusek apostoluak bialdu ebazanekoa gogoratuko da, “geuk be, edonora joanda be, bakea erein behar dogula jaubetu gaitezan”.

Monasteriora heldu baino metro batzuk aurretik egingo da hirugarren eta azken geldialdia eta orduan samariar onaren parabola irakurriko da, “gaur egun be makina bat biktima dagoalako bide bazterretan gure laguntzaren zain”, azaltzen dau Martinek.

Monje zistertarrek kurutzeagaz egingo deutsie harrerea ibiltariei monasterioaren sarreran eta han gotzainak berba batzuk esango ditu, Martzel Andrinua aita pasiotarrak zuzendutako bertso batzuk abestuko dira eta, amaitzeko sinbolo bat erabiliko da: koloretako lora solte batzuk lorontzi bakarrean batuko dira. Martin Aranbarriren esanetan, “lora-sorta berean bat egiten saiatu behar dogula” irudikatu gura da.

Imágenes de una marcha anterior.