Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Etnozentrismoa saihestuz baino ezin da alkarrizketea sustatu”

|   Komunikazinoa

Hauxe da orain dala urte batzuk Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak (EPTI/IDTP) eta Hezitzaileen Elizbarrutiko Eskoleak (EDE) antolatu eben “Kulturaniztasun eta erlejinoarteko arazoak” mintegiko ondorioetako bat. Atzo, “Ardo barria zahagi barrietan” goiburupean, ETPIak antolatu dauan berbaldi-sortako lehenengoan, Izaskun Sáez de la Fuente soziologoak eta Pedro Marcos filosofoak etorkinek gure lurraldean bizi daben egoerea aztertu eben.

     “Herritar, erlejino eta kultura barriak” izenburua aukeratu eben hizlariek, gure gizartean egunez egun hazten doan (azken urte bietan %40 gehitu da Euskal Herrian etorkinen kopurua) gertakaria azterteko. Javier Oñate ETPIko zuzendariak esan ebanez, horren “tratamendu egokian jokatzen da gure gizartearen eta gure Elizearen geroa”.

     Iaz ‘Ikuspegi’ Immigrazinorako Euskal Behatokiak Euskal Herrian egindako makroazterlanean, Izaskun Sáez de la Fuenteren eritziz, euskal gizarteak gertaera honen aurrean dauan jarrerearen argazkia egiterakoan, guztiz garrantzitsuak diran ondorio batzuk lortu ziran. Horrela, hizlariak hauxe nabarmendu eban: “Autonomia Erkidegoan bizi diran etorkien benetako kopurua gainetik balioztatzen da eta herri segurtasunaren inguruko ardurea ere gehiegizkoa da. Beste alde batetik, etorkinaren ikuskera positiboa antzeman daiteke, ekonomia, kultura eta erlejino ikuspuntutik”.

     Datu orokor honeen eraginez antolatu eben ETPIak eta EDE fundazinoak kulturaniztasunari buruzko mintegia, eta alde bien eritziz, lan nekeza izan da. “Gure lurraldean etorkinen arazo eta kezkak ezagutzeko alkarrizketa pertsonalak izan genduzan eurekin eta atara genduzan odorio batzuk, baina eragile asko geunkan gure aurka”, esan eban Izaskunek. Honeek ziran, besteak beste, hizlariek aitatu ebezan eragileak: hizkerea edo “politikoki zuzen jardutea” euren erantzunetan.

Ikuskera antropologikoa

     Pedro Marcosek gure gizartearen barruan aztertu eban immigrazinoa, “zibilizazinoen talka deitutakoa, erlejinoa ulertzeko era biren arteko gatazka baino ez dala” ziurtatuz. Filosofoak gizabanakoa eta taldea edo arrazoia eta Fedea jarri ebazan aurrez aurre, eta kulturen arteko alkarrizketan ezarri leikezan mugak azaldu ebazan. “Eskubide erlijiosoetatik hasi gaitekez, tolerantziatik igaroz eta funtsezko eskubideak punturik gorenentzat hartuz, horixe dalako nahitaezko muga”. Horregatik, hizlariak herritar guztiek parte hartuko leukeen alkarrizketea bultzatu behar dala esan eban, gertakari hau hobeto ulertu ahal izateko.

     Zenbakiz eta datu antropologikoz betetako azalpenen ostean, Izaskun Sáez de la Fuente eta Pedro Marcosek azterlanaren ondorioak azpimarratu ebezan. Euskal Herriari dagokionez, beste korapilo bat gehitzen jako immigrazinoaren gaiari: etorkinen guztizko kopurua altuegia ez bada ere, hazkundea arina dala. Beste alde batetik, atzerritarren adinaren batez bestekoa 25 eta 44 urte bitartekoa da; “lan egiteko adinean dagoan gizataldea” da, beraz eta horrek eragin haundia dau ekonomian. Azkenik, gero eta etorkin gehiago egoteak dakarren aniztasun erlijioso eta kulturala nabarmendu eben hizlari biek, aniztasun honek kultura anitzen eta erlejino anitzen arteko alkarrizketa bihurtu behar dauala zehaztuz.

Izaskun Sáez de la Fuente y Pedro Marcos