Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Labayruk Xabierko San Frantziskoren gutun baten XVI. mendeko kopia aurkezten dau

|   Komunikazinoa

Labayru Instituaren Euskal Bibliotekan altxor asko eta asko dago eta, aukera honetan, aurten San Frantzisko Xabierkoaren jaiotzaren V. mendeurrena dala-ta, bibliotekan dagoan harribitxi bat aurkezten da: Santuak 1544ko urtarrilaren 15ean Coimbrako josulagunei Indiako Cochinetik idatzitako eskutitz baten XVI. mendeko kopia bat. Gutuna Ingalaterran eskuratu zan, Oxfordeko denda baten, eta Euskal Herrira ekarri.

Gutunean San Frantziskok misinoetan egiten dabilen beharraren barri emonaz ganera, adierazoten dau zelango zailtasunak daukazan hango indigenen hizkuntza ulertzeko, fedebakoak fededun egiteko eta eurei kristautasuna zer dan eta zertan datzan irakasteko be adierazoten. Horrezaz ganera, bere hizkuntza euskera dala aitatuten dau hasieran: y siendo mi lengua vascuença y la suya Malauar indiana no era possible podellos instruir.

Labayrun, baliabide informatikoak euskerearen zerbitzura

Labayru Institutuak jakin egin dau sasoian sasoiko teknologia barrietara egokitzen eta, horregaitik, baliabide informatikoei ere ez deutse muzin egin eta ohikoa da hareen erabilera bere eguneroko eginkizunetan. Informatizazinoaren bidez, denpora, kalitate eta txukuntasunean irabazi izan da eta orain askoz ere errazago eta arinagoa da testuen tratamendua eta joan-etorria. Datu-base egokiak eratuz, materiala ordenatu egin da eta horrek asko laguntzen dau datuak eskura izateko. Datu-baseok ezinbestekoak dira, adibidez, hiztegi desbardinak osotzeko. Irudien zein ahotsen digitalizazinoak ere abantaila ugari dakar eta zer esanik ez interneten egoteak, erabiltzaileek, besteak beste, Euskal Bibliotekako ondarea kontsultatzeko aukerea dabelako.