Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Esku Elkartuak erakundea #BringBackOurGirls kanpainagaz bat

created by Nigerian bahitutako neskatoak aske iztea eskatzen dabe |
|   Komunikazinoa

Eleiza Katolikuko erakunde honek bat egin dau mundu osoan Boko Haram miliziak bahitu dituan 200 neskatoak aske izteko eskatzen dauan ekimenagaz. Esku Elkartuak erakundeak hausa hizkuntzan “Mendebaldeko hezkuntza pekatua da” adierazoten dauan talde islamista erradikalaren izenaz ohartarazoten dau.

Talde terrorista honetako kideek ez dabe neskatoak eskolara joaterik nahi eta beharbada horrexegaitik atera ebezan derrigortuta barnetegi erako ikastetxe haretatik, azaltzen dabe Esku Elkartuak erakundetik. Eleizako erakunde honek jakin badaki hezkuntza dana “arma baliotsu eta indartsu bakarra” emakumezko horreek bazterketatik eta ezjakintasunetik aterateko. Horregaitik babesten dabez munduko hainbat lekutan hekuntza egitasmo desbardinak.

Esku Elkartuak erakundeak dei egiten dau mundu guztian aurkeztu izan dan eta neskatoak berehala aske iztea eskatzen dauan ekimenagaz bat egiteko eta sare sozialak herri eta nazinoen arteko bake eta bizikidetasunaren aldeko aldarri bihurtu daitezala eskatzen dabe.

‘Caritas Internationalis’ Nigerian

Nigeriako Caritasek gizarte zibileko kideakaz jarduten dau kalidadeko hezkuntzaren eta ume guztiek oinarrizko hezkuntza jasotearen aldeko ekintzetan. Neskato honeen bahiketa dala-eta ‘Caritas Internationalis’ erakundeak gaiari lotutako barri batzuk argitaratu ditu. Informazino horreetako batean, Nigeriako Eleiza eta Gizartea saileko gotzain katolikuen presidenteak, bahiketa bera eta neskatoak “ustez Islamera bihurtu izana” gaitzetsiz esandakoak jasoten ditu. “hanka-sartzea da –dino gotzainak- erlijinoa arrazoi politiko, ekonomiko eta ideologikoak ezkutatzeko erabiltea. Une honetan, nigeriar guztiok gure ahaleginak batu egin behar doguz, ikasle honeek kalte barik aske geratu dirala ziurtatzeko behar dan guztia egiteko”.

Bahiketaren inguruan kaleratu diran azken informazinoen arabera, neskatoak talde bitan banatu dabez herrialde osoan zehar. Nigeriar ejertzitoak Sambisa basoan dihardu bahitutako neskatoak bilatzen. Gobernutik informazinorako ministroak esan dauanez, “ez dago gure neskatoak oraindik basoan dagozala erakusten deuskun aztarnarik. Herrialdetik kanpora atera dabezala adierazoten dauan aztarnarik be ez daukagu”.

Bilkura Durangon

Women with Future Nigeriako emakumeen Durangoko alkarteak, aurreko eguenetan legez protesta bilkurea egingo dau Andra Mari elizaren aurrean arratsaldeko zortziretan.