Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Basauriko presoek egindako margoen erakusketea

|   Komunikazinoa

Bilboko Eleiz Museoan dago ikusgai, irailaren 24tik urriaren 2ra.

Joan dan astean “Y tu... ¿Qué pintas? Mundua zeuk margotu!” adierazpen eta sortze plastikorako tailerra egin zan Basauriko Kartzelan. Hamasei presok gizarte errealitatearen eta euren esperientzia pertsonalaren inguruko alderdi desbardinei buruzko gogoetan parte hartu dabe eta margo, bineta, mural eta buztinez irudikatu dabe. Elizbarrutietako Misinoen Ordezkaritzaren, Caritasen eta Kartzela Pastoraltzaren alkarlanari esker egin da ekintza hau.
Emaitzak, eta prozesuko zati batzuk, irailaren 19 eta 20an erakutsiko dira kartzelan; eta irailaren 24tik urriaren 2ra Bilboko Eleiz Museoan. Ondoren, gure elizbarrutiko leku desbardinetan jarriko da erakusketea.
“Artea errugabea al da?” izenburudun erakusketa hau irailaren 24an, zapatuz, inauguratuko da Eleiz Museoan (Gizakunde Plaza, 9b, Bilbao), arratsaldeko seietan eta urriaren 2ra arte, domekea, egongo da zabalik.

Mesedeetako Andra Mariaren, preso eta gatibuen zaindariaren eguna dala-ta, On Ricardo Blázquez Gotzainak ondorengoa idatzi deutse kristau alkarteei:

“Datorren irailaren 24an Mesedeetako Andra Mariaren, preso eta gatibuen zaindariaren eguna ospatuko dogu.

Hau dala-ta, gure elizbarrutiko Kartzela Pastoraltzarako Sailak hainbat ekintza antolatu dau aste osorako eta guzti honeek On Karmelo Etxenagusia Gotzain Laguntzailea buru dala ospatuko dan Eukaristiagaz burutuko dira.

Kartzela Pastoraltzari eta kartzelan ebanjelizatzaile izanez, laguntzen deutsoen guztiei eskerrak emoteaz batera zera gurako neuke: elizbarruti osoak ospatu dagiala egun hau.

Dei egiten deutsuet askatasun barik bizi diran eta baztarketa eta ahaztea jasateko zorian dagozan gizon eta emakumeon alde otoitz egin eta domekako Eukaristian euren alde eskatu dagizuen, kartzelako egoera mingarria gogora ekarriz”.