Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Pertsonen beharrizanek ez dabe oporrik hartzen”

created by Ana Sofia Telletxea Bizkaiko Caritaseko oinarrizko gizarte ekintzarako programar |
|   Komunikazinoa

Ana Sofia Telletxea langile soziala eta, azken hamabi urteetan, Bizkaiko Caritaseko oinarrizko gizarte ekintzarako programaren arduraduna. Bilbon bizi dan bermeotar honek uda asko pasatu ditu beste kide batzuekin batera, guk atsedenaldiaz gozatzen dogun bitartean, zailtasun larriak jasaten dabezan pertsonei lagunduz. Caritasek udan ere egoera horreei erantzun gura deutse.

 

Caritasek oporrak hartzen ditu?

Caritas urteko 365 egunetan zabalik dagoala esan daikegu. Egia da udan ez dagoala urtean zehar besteko jarduerarik, baina, geratu barik gabiz. Egitarau bakoitzak funtzionamendu eta antolamendu desbardina badauka ere, Caritasen ateak beti dagoz zabalik. Ez dago oporrik.

Ze zerbitzu dago beti zabalik?

Batez ere egoitza-erakoak, hau da: harrera pisuak, drogazaleen gizarteratzerako pisuak, tutoretzapeko adin txikikoentzako pisuak, Hontza, ‘Egunon Etxea’ nagusientzako zerbitzua… egoten dira zabalik. Baita zerbitzu orokorrak ere eta hemen, Erriberan, guardiako Zerbitzu Soziala: hona datozanei arretea eskeini, elkarrizketea egin euren beharra ezagutzeko, emon beharreko urratsen barri emon eta, beharrezkoa izan ezkero, bidezkoa dan lekura bideratu.

Lurraldeetan, harrerarako taldeek jai hartzen dabe edo uztailean edo abuztuan. Lurraldeko Caritas itxita dagoan hilabeteetako batean, esku-hartzea ezinbestekoa bada, lurraldetik Erriberako egoitza nagusira bialtzen dabez pertsona horreek eta hemen eskeintzen deutsegu arretea.

Zenbat lagun geratzen zaree “guardian” Caritasen?

Egoitza-erako pisuetako eta beste programa batzuetako beharginez gaineta, guardiako Zerbitzu Sozialean lagun 2 geratzen gara datozanei harrerea egiteko eta hiru edo lau behargin sozial “denda-ostean”, lagutnza emoteko. “Udako ordutegia” uztailaren 15etik irailaren 15era izaten da eta orduan goizez gagoz bakarrik.

Beste alde batetik, pertsona batzuentzat udaldia da sasoirik egokiena Caritasen boluntario lez jarduteko. Eta hori nabaritzen da, esate baterako, sasoi honetan koloniak egiten dituan eta monitoreak behar dituan umeen programan jarduten daben pertsonei dagokienez.

Eskaera aldatu egiten da kopuruari, eskari motei… dagokienez?

Ez da ez eskaera mota aldatzen ezta asko jaisten, nahiz eta sasoi desberdina izan. Esate baterako, goizeko zortzietan zabaltzea, Bilboko jaietan, txosnez, “gautxoriz” eta gaueko jaiaren hondarrez beteriko Areatzan eta, aldi berean, zailtasun larriak bizi dabezan pertsonei harrerea eginez, bitxia eta, batzuetan, etsigarria da. Adibidez, uda batean, Aste Nagusian, atari bateko atezainaren garitan bizi behar dauan kaleratutako familia bat aurkitu genduan. Han eta hemen begiratu arren, ez egoan familia horri aterpea aurkitzeko modurik, ostatu guztiak beteta egozalako aste horretan. Horrela, kanpoan jai egiten diharduen bitartean, etxe barik geratu zan eta goizero Erriberara joaten zan familia geunkan hemen. Egoera zailek ez dabe etenik abuztuan. Pertsonen beharrizanek ez dabe oporrik hartzen, ezta geuk ere.

 

Ana Sofi Telletxea: "Cáritas no se va de vacaciones"