Zelan kudeatzen zan informazinoa Mesedeetako ama parrokian?
Alkarte tradizionala eta gurtza haundikoa bada ere, hainbat talde eta ekimen ere badago. Caritas, bere egitasmo ugariekin, Kartzela Pastoraltza, sendotzarako prestatzen diharduen gazteen taldeak, sendotza hartu dabenen taldeak, Biblia aztertzen daben taldeak eta talde teologikoak, Iparralde-Hegoaldea taldeak, Mesedeetako parrokiak laguntzen deutsen Esku Elkartuak erakundearen egitasmoak Afrikan, e.a. Talde honeen bizitza, ekimen desbardinei buruzko barri emotea, parrokiako bizitza, parrokian jarduten dauan komunikazinorako taldeak ahalegin eta prestasun haundiz egin izan dauan aldizkarian jaso izan da hamar urte ingurutan. Aldizkari honetan, gainera, mezen ordutegiak, jardueren agenda, gogoetak eta beste gai batzuk jasotzen dira. Izan ere, garrantzitsua da batzuk eta besteek alkartean zer egiten dogun jakitea.
Zergaitik hartzen da Comunicación-Alkarren Barri aldizkariaren 500 harpidetza barri egiteko erabagia?
Arrazoi garrantzitsu bat, egia badinotsut, hemen egin doguna lako parroki aldizkaria hilero ataratea oso zaila dala. Ordu pila bat sartu behar dauan pertsona baten menpe egon behar beti… Gainera, parrokiako aldizkariaren 100. alea kaleratu behar genduala-ta, diseinua barritu eta beste aire bat emon gura geuntson. Eta beste arrazoi garrantzitsu bat, alkarteko kideei Elizbarrutiaren ikuspegi zabalagoa eskeintzea izan da. Jenteak jakin dagiala elizbarrutiko beste leku batzuetan gauzak egiten dirala, bere ikuspuntua zabaldu daitela. Eta, elizbarrutiko aldizkarian geure orrialdea sartzen dogunez, informazino orokorra eta parrokiako bertako informazinoa uztartzen doguz. Horixe proposatu geuntson Parrokiako Pastoral Kontseiluari, dana azaldu genduan eta erabagia hartu zan: aldizkaria parrokian euren datuak doguzan eliztarrei, gaixoei eta, alkartearen komuninoaz gainera, asko eskertzen daben informazinoa bialtzen deutsegunei. Eskatzen daben guztiek ere jadetsi ahal izango dabe informazinoa.
Ze erantzun jaso dau ekimen honek parrokian?
Oraindik goiz da esateko. Ez dot eritzi asko jaso, Parroki Kontseiluko kideena salbu eta honeena positiboa izan da. Beharbada batzuei kostatu egingo jake, orain arte Elizeaz izan daben ikuskereagaitik, baina uste dot laster ikusiko dala ez dauala ezer kentzen eta elizbarrutiko bizitzari, lurraldeei, Alkarren Barri aldizkariaren orrialdeetan leku esanguratsua daben misiolari senari buruzko ikuspuntu zabalagoa eskeintzen dauala.
Zure ustez, gure alkarteetan ondo kudeatzen da informazinoa?
Ez. Ez dogu ondo kudeatzen. Askotan, alkarte berean ere, ez dogu alkarren barririk. Eta gauza asko egiten da. Karitasen adibidea jarriko neuke. Parrokia honetako kide batzuek Caritasen ekimen interesgarriak sustatzen dabez eta beste kide askok seguru ez dabezala ezagutu ere egiten. Eta ez doguz ezagutzen, esate baterako, behartsuen aldeko arretan egon izan diran aldaketa, limosnatik banan banako arretara igaroz, e.a. Gauza askotaz ez gara jabetu ere egiten, alkarri kontatzen ez deutsaguzalako edo ez deutsegulako baliorik emoten. Normaltzat joten doguz, eta ez dira. Eta barri on, testigantza garrantzitsu izan daitekez. Parrokietako aldizkariek balio haundia dabe eta jente askok ahalegin eta ilusino asko jarten dabe horreek egitean, baina, ez dabe ikuspuntu zabalik.
Eta elizbarrutiari dagokionez, gauza bera gertatzen da. Askorentzat elizbarrutikoa, gotzainari eta Begoñako bulegoei dagokiena da, eta danok dakigu elizbarrutiko bizitza aberats eta anitzagoa dana. Horregaitik, hemen hartu dogun ekimen hau, informazinoari bideak zabaltzea, positiboa izan daiteke ikuspuntua zabaltzeko, Bizkaiko Elizan zer gertatzen dan jakiteko, alkarte eta elizbarruti sena sendotzeko.