Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

"Etorkinak lana aurkitzeko oztopo legez hartzen dira"

created by Xabier Aierdi, Teologia eta Pastoraltza Institutuan |
|   Komunikazinoa

Xabier Aierdi soziologo eta Immigrazinoaren Ikerketarako Laborategiko (Begirune) zuzendariak eskaini eban atzo berbaldia “Pobretasunaren arpegi barriak” goiburupean ETPIak antolatuta ospatzen ari diran jardunaldietan. Irakasleak, immigrazinoaren, krisi ekonomikoaren eta herritarren arteko bizikidetasunaren arteko lotura konplexuak aztertu ebazan bere jardunean. Gaur egungo egoera sozialak erronka barriak aurkezten deuskuzala eta immigrazinoa “gure kontraesanak” aztertzeko espilu ona dala esan eban.

Xabier Aierdik Euskadin bizi diran biztanle etorkinen egoeraren argazki argitzailea erakutsi eban atzo, immigrazinoa krisiaren errudun bihurtu dan aztertzerakoan.

Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak (ETPI) antolatuta, soziologoak, kanpotik etorrita, azken urteetan gure artean finkatu izan dan biztanleriaren ezaugarriak eta bertoko jenteari eskaini deutsezan “zerbitzuak” aztertu ebazan. “Izan be –zehaztu eban- behar izan doguzalako etorri dira”. Historian zehar, dei-efektua da nagusi migrazino-korronteetan eta “bai gure arbasoak Amerikara joan ziranean eta bai hona etorri diran atzerritarrak be, lana aurkitu izan dabelako mobidu dira”, azaldu eban hizlariak. Bitxikeria emoten badau be, euskal gizarteak berak eskatu izan ditu “emakume latinoamerikarrak, gehien bat, menpetasun-egoeretan arreta emoteko”. Soziologoak adierazo ebanez, normalean, jatorrizko herrialdeetatik ateraten diranak gizonezkoak izaten dira eta gero familia barriro alkartzen dabe baina Euskadiren kasuan ez da holakorik gertatu, “beharrizanak desbardinak izan diralako”.

Immigrazinoaren inguruko ikuspuntuak

Xabier Aierdik bere berbaldian azaldu ebanez, krisialdiaren aurretik 15.ooo etorkin heltzen ziran bitartean, azken urtean kopurua sei milara jatsi da, “erdiak marokoarrak diralarik”. Aurrerago esan ebanez, “jatorri horretako personak aurrerantzean be etorriko dira, Marokok ez daukalako bere gazteria prozesu produktiboan txertatzeko gaitasunik”. Halanda be, zehaztu ebanez, “etorkinak lana aurkitzeko oztopo legez hartzen dira",  ikuspuntu birtuala da, “egia esan, atzerritarrek, guk geuk egingo ez geunkezan lanak egiten dabezalako”. Ideia honetan berretsi zan datu zehatz bat emonez: azkenaldian iristen ari diran Erdialdeko Amerikako  emakumeek “barneko behargin lez jarduten dabe, gehienak Bilbon eta Gipuzkoako herri batzuetan. Hilean 400 edo 500 euro kobratzen dabez eta ez daukie agiririk”.

Euskal gizarteak jarrera anbibalentea dauka immigrazinoaren aurrean, “beste gauza askotan lez”, esan eban Aierdik. “Talde tolerante bat dago, %40 ingurukoa, beste talde batek –beste %40- jarrera anbibalentea dau eta gainerako %20ak ez dau gustuko gertakari hau”. Soziologoaren esanetan, arriskua hauxe litzateke: persona toleranteak “taldez aldatu daitezala eta anbibalenteak kontrakoen taldera pasatu daitezala”.

Etorkizuna

Irakaslea gizarteratze eta migrazino-lekualdatzeetarako politika serioak egitearen aldeko agertu zan, horretarako, “euskal gizartearen immigrazino-beharrizanak sakon aztertuz”. Beste alde batetik, behar dan eskulana kualifikatzeari buruz eztabaidatu egin behar dala esan eban eta hausnarketarako gai bat aurkeztu eban: saiakuntza banku izan diran eta “behin behinekotasuna ezarri eta hasibarri-saria ordaindu daben” etorkinen kasua. Lana eta enplegua be bereiztu egin ebazan, “emakumea enpleguaren esparrura sartu danetik” norbaitek egin behar ditualako etxeko ordainsari bako lanak eta hau “norbait kontratatuz –ahal izan dan kasuetan- eta, bestela, dibortziatuz” konpondu izan da.

Gaur azken berbaldia

Jardunaldien azken eguna izango da gaur. Arratsaldeko zazpi ta erdietan, Jose Luis Segoviak emongo dau berbaldia. Hizlaria zuzendaria da Madrileko Goi Mailako Pastoral Institutuan. Berbaldia zuzenean emitiduko da barria telebistatik edo sare sozialetatik.

El sociólogo Xabier Aierdi.