Aldizkakotasun desbardinekin (hilean / hamabostean behin gehienetan), batzar honeek gure Elizbarrutiko hainbat lekutan batzen dira. “Kristinau bizitzaren nortasunaren ezaugarrietako bat –dino aurrerago Anak- Jaunaren Eguna alkartean, Eliza izanda, ospatzea da. Alkarte bizitzaren mamina Eukaristia da baina gaur egungo egoeraren eraginez, hori leku batzuetan ezin da domekero ospatu; horregaitik, ospakizun honeen bidez fedea ospatzeko asteko batzarra ziurtatzen da”.
Ze erronka aurkezten deusku, gaur, hamarkada biko ibilbidea daukan esperientzia honek? “Lehenengoa –azaltzen dau-, ‘ospakizunen maparen’ jarraipena egin lurralde bakotxean, egoerari moldatzeko eta erantzuna eskaintzeko: Eukaristia eta Jaunaren Eguna ospatzeko batzarraren arteko erritmoa. Bigarrenez, alkarteari ospakizunaren arloan zerbitzu hori beharrezkoa dala ikustarazo eta, ondorioz, taldea eratu, ardurakidetasuna ezinbestekoa dala ikusi”.
Ospakizun honeek sustatzeko, aldez aurretik batzar honeen inguruko berariazko gaiak lantzen diran heziketa prozesuan parte hartu behar da. “Hilean behin batzartuz, hausnartzen eta lantaldea sortzen laguntzen deuskuen gai desbardinak lantzen doguz”, dino Anak.
Elizbarrutiko web honetan, domeka bakotxeko ospakizunetarako liturgiarako ordezkaritzak eskaintzen dituan lagungarrietara zuzenean sartzeko aukerea dago.
Gaur egun, Jaunaren Eguna ospatzeko batzar honeek I. Bikaritzako meatze inguruan baten dira: Abanto-Zeierbena (5 parrokia); Trapaga (5); Urtuella (3); Muskiz (4). II. Bikaritza: Karrantza (2); Turtzioz (1); Alonsotegi-Sodupe (noizean behin); IV. Bikaritza: Arratia (3); Oiz-Anboto (5); Tabira (2); Ugao-Orozko-Galdakao (6); V. Bikaritza: Gernikaldea (24) eta VI. Bikaritza: Txorierri (7), Mungialdea (6) eta beste leku batzuetan noizean behin.