Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Jainkoaren Hitza nork bere egin eta aldarrikatu”

created by 2009ko Garizuma-Pazkoko Pastoral Idazkia |
|   Komunikazinoa

“Jainkoaren Hitza nork bere egin eta aldarrikatu” goiburupean, Iruña eta Tutera, Bilbao, Donostia eta Gasteizko gotzainek Garizuma-Pazkorako Pastoral Idazkia idatzi dabe. Gaur, Hausterre eguna, argitaratzen da eta, oraingoan, kristau fedearen eta Elizearen bizitzaren osagai nagusienetako baten inguruan jarduten dau, Gotzainen azken Sinodoan landutako gaiari helduz.

Urte bian behin gertatzen danez, gotzainek pastoral idazki bateratua kaleratu dabe; aurreko hirurak, “Berri Ona bizi eta iragarri gaur egun” (2007), “Gure kristau elkarteak berriztatu” (2005) eta “Fedearen esperientzia bizi” (2003) izan ziran. Oraingoan, zazpi kapitulutan, Jaungoikoaren Berbeak bakarkako eta alkarteko fedearen esperientzian daukan edukina eta lekua ulertzeko funtsezko puntuak jorratzen ditu. Azken kapitulu biek Berbea sakon eta hurbiletik ezagutzera bultzatu gura gaitue, bere entzule eta testigu izan gaitezan. Honeetan, kristau alkarteari zein bertako talde batzuei dei egiten jake, euren bihozbarritzea sustatu dagien (51-62 zenb.), eta Elizearen historian tradizino haundia dauan bide bat eskeintzen da Jaungoikoaren Berban sakontzeko. ‘Lectio divina’ deritzana da (42-50 zenb.). Bakarka eta taldean egin daiteke eta honeek dira bere zatiak: irakurketa, hausnarketa, otoitza, begiespena eta konpromiso aktiboa.

Idazki honek, irakurketeaz gain, era askotako gauzatze praktikoetara garoaz. Horrela, ‘lectio divina’ deritzana egin daiteke domekako ebanjelioa hartuta. Horretarako, guztiz egokia da, Ebanjelizatzearen Elizbarrutiko III. Egitasmoaren haritik argitaratu barria dan ‘Bidean’ koadernoa. Liturgi urte desbardinetako Garizuma, Aste Santu eta pazkoko ebanjelioak abiapuntutzat hartzen dira bertan. Guztira, 16 testu dira eta bakarka zein taldean erabili daitekez eta, horregaitik, egokiak dira garizuma eta pazko aldiko alkarraldietarako.

‘Betania’ koadernoa ere argitaratu da, Bokazino Pastoraltzak aurkeztuta eta, batez ere, gazteei zuzenduta. Bakarkako otoitz lagundua sustatu gura da, bibliako testuak oinarritzat hartuz eta horreek hausnartzeko eta bizitzara eroateko urrats zehatzak aurkeztuz.

Garizuma-Pazkoko Pastoral Idazkia eta ‘Bidean’ koaderdnoa ‘Jakinbide’ Elizbarrutiko liburu-dendan jadetsi daitekez. ‘Betania’ koadernoa Gazteen Elizbarrutiko Idazkaritzan dago eskuragarri. Eta Pastoral Idazkiaren testu osoa orrialde honetan ere jasotzen da ‘agiriak’ sailean.