Joan dan astean iragarri zan aldi berean Erroma, Kordoba eta Bilbon Mario Iceta Bilboko Gotzain Laguntzailea izendatu dabela. Mario Iceta Gavicagogeaskoa, gaur egun Kordobako Elizbarrutiko Bikario Nagusia, Gernikan jaio zan orain dala 42 urte eta Kordoban egin zan abade 1994an. Doktore da Teologian eta Medikuntzan eta tesi bi ditu funtsezko moralari eta Bioetika eta Etika medikuari buruz. Gainera, masterra dau Ekonomian eta hainbat lan argitaratu dau kristau moralari eta medikuntza leungarriari buruz eta gaztelania, euskera, ingelesa, italiera, frantsesa eta alemana darabiz.
Komunikabide guztien aurrean ospatutako ekitaldian, on Ricardo Blázquez gotzainak ondo etorria adierazo eutson izendatu barriari: “neure eta Elizbarrutiaren izenean, nire zorionik beroenak eta ondo etorria adierazoten deutsodaz On Mario Icetari, Gotzain Laguntzaile izendatu dabelako. Gure Elizbarrutian jaio zan, hemen bateatu eben eta hemen jaso eban kristau hezkuntza; eta gaur Jaungoikoaren opari lez hartzen dogu”. Ekitaldi berean, karguan hamabi urte inguru emon dituan Karmelo Etxenagusiak zera esan neban: “pozik nago Elizan bizi dodan egoera barriagaz eta, indarrak laguntzen deusten neurrian, bizitzaren azkeneraino lagundu gurako neuskio”.