Urtero, Ebanjelizatze Egitasmoaren haritik, kristau alkartearen berariazko ikuskeratik, elizbarrutiak gizarte arazo jakin baten daukan konpromisoa adierazo eta sustatu gura dauan jarduera proposatzen da. Aurten eta datozan urteetan, krisiaren alderdiren bati heldu gura jako eta horren eraginak gordintasun beteaz jasaten dabezan pertsona eta taldeen aldeko alkartasun zeinua egin. Honen haritik, pastoral ekiturearen hasieratik aurreikusitako egunean, barikuz, maiatzak 7, dei egiten jako elizbarrutiko alkarteari barau solidarioa eta jantoki sozialetara joaten diranen aldeko otoitza egin dagiezan. Aukera honetan, elizbarrutiak pertsona horreengan jarten dau arretea, gure arteko talderik babesgabe eta ahulenetakoa dalako.
Egun horretan ez da agortzen Zeinuaren asmoa, indarrean dagoan Ebanjelizatzearen Elizbarrutiko Egitasmoan esaten danez, “bizitza pertsonal eta komunitariorako jokamoldeak” sartu gura ditualako. Horregaitik, aurrera doan Garizuma aldi honetan kontsumoaren eta ondasunen erabileraren aurrean daukaguzan jarrerak aztertzea proposatzen da. Parrokia, alkarte eta ikastetxeei lagungarriak eskeiniko jakez eta, materialok, aldi berean, gotzaitegiaren web orrialdean (www.bizkeliza.org) eta Caritasen web orrialdean (www.caritasbi.org) jasota egongo dira: otoitza eguneroko edo domekako mezetako uneren batean egiteko; liburuxka erraza gogoeta eta alkarrizketarako; “Albergandia” Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetakoentzat; power-pointa aterpe bakoen egoerari buruz; “Bizileku bakoak, geure artekoak” power-pointa gazteentzat, dagokion aurkezpenagaz; jantoki sozialen inguruko bideo laburra eta informazinoa (Eskeiniko diran lagungarrion artean, une honetan otoitza eta bideo laburra ez dagoz eskuragarri, baina laster aurkeztuko dira).
Gainera, Caritasen gizarte jantokiei lotuta dagozanak parrokien, ikastetxeen eta beste talde batzuen esanetara dagoz, aldi honetan eta behar danean, eskeintzen daben zerbitzuaren barri emoteko. Horretarako, bisitak antolatu daitekez edo Caritaseko laguntzaileek informazino eta sentsibilizatzerako alkarraldietan parte hartu daikee. Jakin-mina izan ezkero, zerbitzu honen arduradun dan Joseba Gayagana jo: jgaya@caritasbi.org