SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Egun oro zaitut, Jauna, bedeinkatuko, eta zure mirariak ditut zabalduko. Pazko aldian: Hain maite izan baitu Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman dio, alleluia. 144 Salmoa Jainko handi eta onari goratzarrea Zintzoa zara Zu, Jauna, bazaren eta bazinen Hori (Apk 16, 5) I Goraipatuko zaitut, ene Jainko, ene Errege, bedeinkatuko dut zure izena betiere. Egun oro zaitut bedeinkatuko, zure izena menderen mende dut goretsiko. Handia da Jauna, guztiz goresgarri, Haren handitasuna ez daiteke igarri. Gizaldik gizaldiri zure lanak adierazten dizkio, zure indarra iragartzen dio. Zure aintza handiaren dirdira zabal aipatzen dute, zure mirariak zabaltzen dituzte. Zure lan izugarrien ahala diote, zure handitasuna jalkitzen dute. Zure ontasun handiaren oroipena dute zabaltzen, zure zuzentasuna poz-oihuz goratzen. Kupibera da Jauna eta errukiorra, berant haserre eta guztiz onbera. Ona da Jauna guztientzat, errukior Berak egin dituenentzat. Jauna, zure lan guztiek ospa zaitzaten, zure zintzoek bedeinka zaitzaten. Zure erregetza zein bikain den aitor bezate, zure ahal-izateaz hitz egin bezate. Ezagutarazi biezaie gizasemeei zure bizkortasuna, zure erregetza ospetsuaren bikaintasuna. Zure erregetza, mende orotako erregetza, gizaldiz gizaldi zure nagusitza. Urtean zehar: Ant. Egun oro zaitut, Jauna, bedeinkatuko, eta zure mirariak ditut zabalduko. Pazko aldian: Ant. Hain maite izan baitu Jaungoikoak mundua, bere Seme bakarra eman dio, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Guztien begiak Zuri begira daude, Jauna; bertan zaude deitzen zaituztenengandik. Pazko aldian: Gizaldien erregeari, hilezkor eta ikusi-ezina denari, ospe eta aintza guztia, alleluia. II Leiala da Jauna bere hitz guztietan, zintzoa, bere lan guztietan. Jaunak erortzear diren guztiak ditu sendotzen, eta konkortuak zutitzen. Guztien begiak daude Zuri begira, Zuk ematen diezu beren garaian janaria. Zabaltzen duzu zure esku hori, pozik ematen asea bizidun denei. Zuzena da Jauna bere bide guztietan, zintzoa, bere lan guztietan. Bertan dago Jauna deitzen dutenengandik, zintzoki deitzen duten guztiengandik. Beldur diotenen gogoa beteko du, haien oihua entzunik, salbatuko ditu. Jaunak zaintzen ditu maite duten guztiak, galduko ditu gaizto guztiak. Nire ahoak hitz egin beza Jaunaren gorespena, gizakume orok bedeinka betieran Haren izen gurena. Urtean zehar: Ant. Guztien begiak Zuri begira daude, Jauna; bertan zaude deitzen zaituztenengandik. Pazko aldian: Ant. Gizaldien erregeari, hilezkor eta ikusi-ezina denari, ospe eta aintza guztia, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak! Pazko aldian: Jauna da nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen, alleluia. Kantika: Apk 15, 3-4 Garaileen kantua Jauna, Jainko ahalguztiduna, handiak eta harrigarriak dira Zuk eginak! Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak zure bideak! Nor ez da izango zure beldur, Jauna? Nork ez du goretsiko zure izena? Zu bakarrik baitzara santua! Atzerriak etorri eta zure aurrean ahuspeztuko dira, zure erabaki zuzenak agertu baitira. Urtean zehar: Ant. Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak dira zure bideak! Pazko aldian: Ant. Jauna da nire indar eta kemen, Bera izan da nire salbamen, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Erm 8, 1-2 Jesukristorekin bat direnentzat, ez da kondenamenik. Izan ere, Jesukristorekin bat izateari esker, Espirituaren lege bizi-emaileak askatu nau, bekatuaren eta heriotzaren legetik. GALDERANTZUNA R/. Kristok heriotza jasan zuen bekatuengatik, * gu Jaungoikoarengana eramateko. Kristok. V/. Heriotza jasan zuen bere gorputzean, baina bizia hartu zuen berriro Espirituarengatik. * Gu. Aintza Aitari. Kristok. Magnificat, ant. Gogora ezazu, Jauna, zure errukia, gure gurasoei Zuk hitzemana. ESKARIAK Kristorengan itxaroten dute, Beraren izena ezagutzen duten guztiek; dei egin diezaiogun, bada, esanez: Jauna, erruki zakizkigu. Jesukristo Jauna, gure ahuleriaz erorkor garenok, - sendo gaitzazu zure laguntzaz. Geurenez bekatura errez makurtzen garenoi, - Zu, Jauna, errukior ager zaizkigu. Bekatuak nahigabetu eta damuak eztitzen zaituen Horrek, - aihena ezazu gugandik gure bekatuek merezi duten zigorra. Zuk barkatu zenion, damuturik etorri zitzaizun emakumeari, eta leporatu zenuen galdutako ardia; - ez aldendu guregandik zure errukia. Guregatik gurutzeko oinazeak hartu zenituen Horrek, - zabal iezazkiezu zeruko ateak, Zuregan itxaron zuten hildako guztiei. Jesukristoren erakutsiei jarraituz, esan diezaiogun zeruko Aitari: Gure Aita. Otoitza Jainko guztiz ahaltsu eta betikoa, zure Semeak nekeak jasatea nahi izan zenuen guztion salbamenerako; egizu, zure maitasunean beroturik, Zuretzat opari atsegingarri izan gaitezela. Zure Seme Jesukristo.