SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Bihotz garbi bat, Jainko, sor ezazu niregan, arnasa bizkorra berri ezazu nire barnean. Pazko aldian: Kristok bere burua gurutzat eman zuen, eskain gai eta opari bezala, alleluia. 50 Salmoa Erruki zakizkit, Jainko Berri zaitezte zuen burubideetan Espirituaren eraginez, eta jantzi zaitezte gizon berriaz (Ef 4, 23-24) Erruki zakizkit, Jainko, duzun maitasun handiaz, suntsi ezazu nire makurra zure amaigabeko errukiaz. Garbi nazazu zeharo nire hobenetik, ikuz nazazu nire gaiztakeriatik. Nire bihurrikeria ezagutzen baitut, nire hobena beti begien aurrean baitut. Zuri egin dizut bekatu, Zuri bakarrik, zure begietan oker dena egin dut nik. Zuzen agertuko zara auzian, zintzo zure epaian. Hobendun sortua naiz izan ere, bekatuan ninduen amak erne. Zuri, ordea, bihotz leiala atsegin zaizu, bihotz-mamian zuhurtasuna irakasten didazu. Busti nazazu isipuz, eta garbi geldituko naiz, ikuz nazazu, eta elurra baino zuriago geldituko naiz. Entzun erazi poza eta atsegina niri; xehatu dituzun hezurrok egin bezate jauzi. Aurpegi hori nire hobenetatik aldera ezazu, nire makurkeria guztiak suntsi itzazu. Bihotz garbi bat, Jainko, sor ezazu niregan, arnasa bizkorra berri ezazu nire barnean. Ez nazazu urrun zure aurretik, zure arnasa santua ez kendu niri. Zure salbamenaren poza bihur iezadazu, zure arnasa zabalez senda nazazu. Erakutsiko dizkiet gaiztoei zure bideak, Zugana bihurtuko dira bekatariak. Atera ni odol zigorpetik, Jainko, Jainko, ene salbatzaile; eta nire ezpainek zure zuzentasuna pozetan zabalduko dute. Irekiko dizkidazu ezpainok, Jauna, eta nire ahoak iragarriko du zure gorespena. Ez baitzaizu atsegin oparirik, erre opariak ez zenituzke hartuko, nik emanik. Nire oparia, Jainko, bihotz damutua: ez duzu arbuiatuko, Jainko, bihotz damutu eta umildua. Ager zaitez, Jauna, onbera Sionekin, Jerusalemgo harresiak egin itzazu berri. Orduan onartuko dituzu legezko opari, emari eta erre opariak; orduan izango dira zekorrak zure aldarean eskainiak. Urtean zehar: Ant. Bihotz garbi bat, Jainko, sor ezazu niregan, arnasa bizkorra berri ezazu nire barnean. Pazko aldian: Ant. Kristok bere burua gurutzat eman zuen, eskain gai eta opari bezala, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Poztu eta alai zaitez, Jerusalem, zugan bilduko baitira herri guztiak. Pazko aldian: Jerusalem, Jainkoaren hiri, zafiro-harriz eta esmeraldaz egingo duzu argi, alleluia. Kantika: Tob 13, 10-15. 17-19 Herriaren askatasunagatik esker onezko otoitza Jerusalem hiri santua erakutsi zidan, Jaungoikoaren aintza berekin zuela (Apk 21, 10-11) Bedeinka ezazue Jauna, Haren aukeratuak, abestu Jerusalemen Haren gorapenak. Jerusalem, Jainkoaren hiri, zigortu zaitu Jaunak zure semeen eginengatik, baina herri zintzoarentzat izango du berriro erruki. Gorets ezazue Jauna, dagokionez, eta bedeinka gizaldietako erregea, berriz ere pozez, zugan eraiki dadin Haren jauretxea; atxilotu guztiak zugan alai ditzan, dohakabe guztiak, gizaldiz gizaldi, zugan maita ditzan. Argi bizi batek argituko ditu lurreko bazter guztiak; herri asko etorriko zaizkizu urrundik; lurreko bazter guztietatik etorriko dira zure izen santuaren bizilekura, zeruko erregeari esku-erakutsiak ekartzera. Gizaldiz gizaldi pozetan egongo dira zuregan, hiri hautatuaren izenak iraungo du betieran. Poztu eta alai zaitez zintzoen semeengatik, denak zugan bilduko baitira, eta bedeinkatuko dute gizaldien Jauna. Dohatsu, zu maitatzen zaituztenak, dohatsu, zure bakeaz pozten direnak. Ene arima, bedeinka ezazu Jauna, errege handia, Jerusalem berreraikia izango baita, gizaldi guztietarako Haren bizilekua. Urtean zehar: Ant. Poztu eta alai zaitez, Jerusalem, zugan bilduko baitira herri guztiak. Pazko aldian: Ant. Jerusalem, Jainkoaren hiri, zafiro-harriz eta esmeraldaz egingo duzu argi, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Sion, gorets ezazue zure Jainkoa, bidaltzen baitu lurrera bere mintzoa. Pazko aldian: Jerusalem berria ikusi nuen zerutik jaisten, alleluia. 147 Salmoa Jerusalemen berpizteagatik esker onezko otoitza Zatoz, andregaia erakutsiko dizut, Bildotsaren emaztea (Apk 21, 9) Jerusalem, ospa ezazu Jauna, Sion, gorets ezazu zure Jainkoa. Zure ateen sarrailak indartu baititu, zure semeak zure barnean bedeinkatu ditu. Zure mugetan bakea ezarri baitu, gari-mamiz ase zaitu. Bidaltzen du lurrera bere mintzoa, eta Haren hitza bizkor eta arin doa. Ematen du elurra artilea bezala, zabaltzen du antzigarria hautsa bezala. Ogi-apurraren gisa jaurtitzen du bere izotza: Nork jasan dezake haren hotza? Bidaltzen du bere hitza, eta harekin urtzen dira, bere haizeari eraginez urak doaz isurika. Iragarri dio bere hitza Jakobi, bere erabaki eta aginduak Israeli. Ez dio egin holakorik beste herriri, bere aginduak ez dizkio agertu besteri. Urtean zehar: Ant. Sion, gorets ezazue zure Jainkoa, bidaltzen baitu lurrera bere mintzoa. Pazko aldian: Ant. Jerusalen berria ikusi nuen zerutik jaisten, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Ga 2, 19b-20 Kristorekin gurutzean josita nago; bizi naiz; ez ni, ordea; Kristo bizi da nigan. Oraingo gorputzean bizi naizela, Jainkoaren Semeagan dudan sinesmenetik bizi naiz, bere bizia niretzat emateraino maitatu bainau. GALDERANTZUNA R/. Oihu dagiot Goi-goiko Jainkoari, * ongi egiten didan Jainkoari. Oihu. V/. Bidal biezait zerutik salbamena. * Ongi. Aintza Aitari. Oihu. Benedictus, ant. Gure Jainkoaren errai errukitsuengatik, agertuko zaigu Goiz-eguzkia gainetatik. ESKARIAK Jainkoak, Berak egin eta bere Semearen odolaz berrerositako guztien ardura handia dauka; hots egin diezaiogun, beraz, uste osoz esanez: Sendo ezazu, Jauna, gugan egin duzuna. Jainko errukitsu, eraman gaitzazu egiazko santutasunaren bideetatik, - on, zuzen eta maitagarri dena bila dezagun. Zure izenaren maitasunagatik, ez gu utzi betiko, - eta ez urratu gurekin egindako zure elkartea. Begira, Jauna, gure bihotz damutuari eta espiritu apalari, eta onar gaitzazu, - Zuregan itxaron duenik ez baita galduko. Kristorekin batean, profeta izatera deitu gaituzun Horrek, - egizu, mundu guztian zabal ditzagula zure miragarriak. Hurbil gaitezen Aitagana, eta esan diezaiogun Jaunak berak erakutsi zigun otoitza: Gure Aita. Otoitza Emaguzu, Jauna, zure grazia ugaria, zure aginduen bideetatik ibiliz, lor dezagun mundu honetako bakea eta besteko atsedena. Zure Seme Jesukristo.