SALMOAK 1 Antifona Abenduan: Adierazi eta esan hau herriei: Hara, badator Jainko gure Salbatzailea. Pazko aldian: Betorkigu, Jauna, nire esku-altxatzea, arratsaldeko opari bezala, alleluia. Urtean zehar: Betorkizu, Jauna, nire otoitza lurrina bezala. 140 Salmoa, 1-9 Arriskuan dagoenaren otoitza Aingeruaren eskutik igo zen Jainkoaren aurrera usai gozoen gozoa, santuen otoitzekin batean (Apk 8, 4) Jauna, oihuka nagokizu, zatozkit berehala, entzun nire otoitza deitzen zaitudanean. Betorkizu nire otoitza lurrina bezala, nire esku-altxatzea, arratsaldeko opari bezala. Ipini, Jauna, jagolea nire ahoari, zaintzaile bat nire ezpainetako ateari. Ez utzi nire bihotza makurtzen gaitzera, gaiztakeria gaiztoz egitera. Ezta gaiztakeria ari dutenekin, ez dezadala jan haien janari gizenik. Jo nazala zintzoak bere ontasunean, eta zentzatu, baina gaiztoaren olioak ez du nire burua igurtziko, haien txarkeriapean, beti dut otoitz egingo. Haien handizkiak harkaitzetik amildu ziren, entzun zuten nire hitzak zein leun ziren. Haien hezurrak Leize-ahoan barreiatu dira, lurra urratu eta hausten denean bezala. Zugana bihurtzen dira, Jauna, nire begiak, Zugana biltzen naiz: ez galdu nire bizia. Gorde nazazu ezarri didaten hedetik, gaiztaginen saretik. Abenduan: Ant. Adierazi eta esan hau herriei: Hara, badator Jainko gure Salbatzailea. Pazko aldian: Ant. Betorkigu, Jauna, nire esku-altxatzea, arratsaldeko opari bezala, alleluia. Urtean zehar: Ant. Betorkizu, Jauna, nire otoitza lurrina bezala. 2 Antifona Abenduan: Hara, etorriko da Jauna, eta Harekin bere santu guztiak: egun hartan argi handia izango da, alleluia. Pazko aldian: Giltzapetik atera nauzu, horregatik zure izena esker onez aipatuko dizut, alleluia. Urtean zehar: Nire ihesleku Zu zara, Jauna, nire ondare bizien lurrean. 141 Salmoa Nire ihesleku Zu zara Salmoan esaten den guztia Jaunaren nekaldian bete zen (S. Hilario) Oihuka hots egiten diot Jaunari, oihuka eskatzen Jaunari. Haren aurrean isurtzen dut nire kezka guztia, Haren aurrean zabal aipatzen nire larrialdia. Nire barrena estutzen denean. Zuk badakizu nire bidea. Nire ibilerako bidean, jarri didate sarea. Eskuinera begira, eta ikusi: ez da nitaz axoladunik, nora ihes eginik ez daukat, nire biziaren arretarik inork ez dauka. Zuri ari natzaizu oihuka, Jauna, hau diot: «Nire ihesleku Zu zara, nire ondare bizien lurrean.» Entzun ezazu nire oihua, oso dohakabe bainaiz bihurtua. Etsaien eskutik atera nazazu, ni baino bizkorrago baitituzu. Giltzapetik atera nazazu, eta zure izena esker onez aipatuko dizut. Zintzoek hartuko naute inguruan, ongi egiten didazun orduan. Abenduan: Ant. Hara, etorriko da Jauna, eta Harekin bere santu guztiak: egun hartan argi handia izango da, alleluia. Pazko aldian: Ant. Giltzapetik atera nazazu, horregatik zure izena esker onez aipatuko dizut, alleluia. Urtean zehar: Ant. Nire ihesleku Zu zara, Jauna, nire ondare bizien lurrean. 3 Antifona Abenduan: Jauna indartsu etorriko da, eta gizaki guztiek ikusiko dute. Pazko aldian: Kristok, Jainkoaren Semea izanik ere, neke-artean ikasi zuen esaneko izaten; eta Haren esaneko direnentzat betiko salbamen-iturri egin zen, alleluia. Urtean zehar: Jesus Jaunak apaldu egin zuen bere burua; horregatik Jainkoak goratu egin zuen gizaldien gizaldietan. Kantika: Flp 2, 6-11 Kristo, Jainkoaren Zerbitzaria Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik, ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari; bestela baizik, bereaz hustu egin zen, morroi-izaera hartuz, eta beste edozein bezala azalduz. Eta gizon bezala agerturik, apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino, gurutzeko heriotzaraino. Horregatik Jainkoak goratu egin zuen, eta izen guztien gaineko izena eman zion, Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mingain guztiek aitor dezaten: Jesukristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako. Abenduan: Ant. Jauna indartsu etorriko da, eta gizaki guztiek ikusiko dute. Pazko aldian: Ant. Kristok, Jainkoaren Semea izanik ere, neke-artean ikasi zuen esaneko izaten; eta Haren esaneko direnentzat betiko salbamen-iturri egin zen, alleluia. Urtean zehar: Ant. Jesus Jaunak apaldu egin zuen bere burua; horregatik Jainkoak goratu egin zuen gizaldien gizaldietan. JAINKOAREN HITZA: Erm 11, 33-36 Bai handia Jaungoikoaren eskuzabala, jakinduria eta ezaguera! Bai ezin aztertuak Haren erabakiak, eta ezin ezagutuak Haren bideak! Nork ezagutu ditu inoiz Jaunaren asmoak? Nor izan da Haren aholkulari? Nork eman dio Berari lehenbizi, Berak gero bihurtzekotan? Harengandik dira gauza guztiak, beraren bidez eta Harentzat. Berari aintza gizaldietan. Amen. GALDERANTZUNA R/. Bai handi, Jauna, * Zuk egindakoak! Bai handi. V/. Zuhurtasunez eginak zeharo. * Zuk egindakoak. Aintza Aitari. Bai handi. ESKARIAK Gorets dezagun Jainko bakarra, Aita, Semea eta Espiritu Santua, eta apalki eska diezaiogun: Lagundu Jauna, zure herriari. Jaun santu, Aita guztiz ahaltsu, sor bedi gure lurrean zuzentasuna, - zure herriak bakearen ederra goza dezan. Sar bitez, Jauna, herri guztiak zure erreinuan, - denak salba daitezen. Senar-emazteek iraun bezate, Jauna, zure bakean, - eta bizi bitez elkarrenganako maitasunean. Emaiezu, Jauna, zure saria gure ongile guztiei, - eta eraman itzazu betiko bizitzara. Begira errukiz, gorrotoak, guduak edo indarkeriak hil dituenak: - har itzazu zeruko atsedenean. Espiritu Santuak eraginik, esan diezaiogun gure Aitari Jaunak erakutsi zigun otoitza: Gure Aita.