SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: On da zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea, eta goizean zure maitasuna iragartzea. Pazko aldian: Bai handi direla, Jauna, Zuk egindakoak, alleluia. 91 Salmoa Gauza guztien egile den Jainkoari goratzarrea Salmo honetan, Jainkoak Kristogan egindako harrigarriak aipatzen dira (S. Atanasio) On da Jaunari eskerrak ematea, eta zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea; goizean iragartzea zure maitasuna, eta gauez zure leialtasuna; hamar hariko salteri eta lirarekin, kantuz eta kitararekin. Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen naute, zure esku-lanek pozetan naukate. Bai handi, Jauna, Zuk egindakoak, bai sakon direla zure asmoak! Ez ditu sumatzen burugabeak, ez ulertzen zentzugabeak. Gaiztoak belarra bezala hazten badira ere, eta gaizkile guztiak loratzen, betiko hondamendia izango dute azken. Jauna, Zu, ostera, betieren beti garai zara. Hara, zure etsaiak, Jauna, galduko dira, gaizkileak sakabanatuko dira. Baina niri basa-idiaren indarra eman didazu, olio oso garbiz gantzutu nauzu. Nire etsaiak lotsaturik ikusi ditut, nire aurka jaiki diren gaiztoen hondamena entzun dut: «Loratuko da zintzoa palmondoa bezala, haziko da Libango izaia bezala; Jaunaren etxean landatua, gure Jainkoaren atarietan loratua. Emango dute uzta zahartzaroan ere, mardul eta gordin egongo dira. Iragarriko dute zein zuzena den Jauna, nire Harkaitza, Beregan gaiztakeriarik ez daukana». Urtean zehar: Ant. On da zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea, eta goizean zure maitasuna iragartzea. Pazko aldian: Ant. Bai handi direla, Jauna, Zuk egindakoak, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Bihotz berria emango dizuet, eta barnean arnasa berria ezarriko. Pazko aldian: Ur garbiz zipriztinduko zaituztet, alleluia. Kantika: Ez 36, 24-28 Jainkoak berrituko du bere herria Haiek izango dute bere herri; eta Jaungoikoa haiekin izango da (Apk 21, 3) Nik hartuko zaituztet atzerrietatik, lur guztietatik bilduko, eta zuen lurraldera ekarriko. Ur garbiz zipriztinduko zaituztet: eta garbituko zarete zikin guztitik; garbituko zaituztet zuen sasi-jainkoetatik. Bihotz berria dizuet emango, eta barnean arnasa berria ezarriko. Kenduko dut zuen haragitik harrizko bihotza, jarriko dizuet haragizko bihotza. Nire arnasa zuen barnean ipiniko dut eta nire lege bidean ibilaraziko zaituztet, nire aginduak zaindu ditzazuen eta bete. Nik zuen arbasoei emandako lurrean biziko zarete. Nire herri zarete zuek izango eta Ni zuen Jainko. Urtean zehar: Ant. Bihotz berria emango dizuet, eta barnean arnasa berria ezarriko. Pazko aldian: Ant. Ur garbiz zipriztinduko zaituztet, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Umetxoen eta haur bularrekoen ahotik, Jauna, atera duzu gorespena. Pazko aldian: Dena zuena da; zuek Kristorenak, eta Kristo Jaungoikoarena, alleluia. 8 Salmoa Jaunaren handitasuna eta gizonaren duintasuna Gauza guztiak oinpean jarri zizkion, eta Bera, guztien gainetik, buru ezarri dio Elizari (Ef 1, 22) Jauna, gure Jauna, bai miragarria zure izena, lurbira osoan! Zeruen gainetik gora, zure handitasuna! Umetxoen eta haur bularrekoen ahotik atera duzu gorespena, arerioak isil erazteko, etsaiak eta aurkakoak zentzatzeko. Zure behatzen lana den ortzia ikustean, han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean: Zer da gizona, Zu hartaz oroi zaitezen? Edota gizasemea, Zu hartaz axola zaitezen? Aingeruak baino doi-doi txikiago egin duzu, ospez eta aintzaz koroitu duzu. Zure eskulan guztien buru ipini duzu, guztia oinperatu diozu: Ardi eta idi guztiak, gainera lurreko abere guztiak; eguratseko hegazti eta itsasoko arraiak, itsas bidexketan dabiltzanak. Jauna, gure Jauna, bai miragarria zure izena, lurbira osoan! Urtean zehar: Ant. Umetxoen eta haur bularrekoen ahotik, Jauna, atera duzu gorespena. Pazko aldian: Ant. Dena zuena da; zuek Kristorenak, eta Kristo Jaungoikoarena, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 2 P 3, 13-15a Guk, Jaunak agindu bezala, zuzentasunaren bizileku diren zeru berriak eta lur berria itxaroten ditugu. Beraz, hauek itxaroten dituzuela, senide maiteok, ahalegin zaitezte, Jainkoak bere aurrean garbi eta errurik gabe bakean aurki zaitzaten. Gogoan izan ezazue, gure Jaunaren luzapena salbamenerako dela. GALDERANTZUNA R/. Zuri goratzarre egitean, Jauna, * ezpainok pozik egongo dira. Zuri. V/. Nire mingainak aitortuko du zure zuzentasuna. * Ezpainok. Aintza Aitari. Zuri. Benedictus, ant. Israelgo Jainko, zuzendu gure oinok bake-bidean. ESKARIAK Dei egin diezaiogun Jainkoari, bere Semearen bitartez munduari bizia eta itxaropena eman dizkiolako, eta esan dezagun: Entzun gaitzazu, Jauna. Jauna, guztion Aita, Zuk erakarri gaituzu egun honen hasierara; - egizu, gure bizitzan Kristorekin bat egin dezagula zure ospe eta aintzarako. Egizu, Jauna, bizi gaitezela beti, - Zuk, bihotzetan isuri dizkiguzun sinesmen, itxaropen eta maitasunean oinarriturik. Egizu, Jauna, gure begiak Zuri begira egon daitezela beti, - zure deiari berehala erantzun diezaiogun. Atera gaitzazu, gaitz guztien maltzurkeria eta liluretatik, - eta babes gaitzazu bekatu guztietatik. Jainkoaren seme izateak ematen digun pozez beterik, egin dezagun otoitz: Gure Aita. Otoitza Jainko ahaltsu eta betikoa, argi distiratsu eta itzal gabeko eguna, ager zakizkigu zure argiarekin, eta ken gugandik gure bekatuen iluna. Zure Seme Jesukristo.