SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Guztiz harrigarria zait, Jauna, zure jakitea. Pazko aldian: Gauak argi egingo du egunak bezala, alleluia. 138 Salmoa, 1-18. 23-24 Alde guztietan dago Jainkoa, guztia ikusten Nork ezagutu ditu inoiz Jaunaren asmoak? Nor izan da Haren aholkulari? (Erm 11, 34) I Jauna, Zuk aztertzen nauzu eta Zuk ezagutzen: Zuk dakizu noiz esertzen naizen, noiz jaikitzen. Urrundik ulertzen dituzu nire gogorakizunak, noiz nabilen, noiz natzan, Zuk ikusten duzu, nire bide guztiak ezagunak dituzu. Nire hitza mingainera baino lehenago, ezaguna duzu zeharo. Atze eta aurre inguratzen nauzu, eskua gainean ezartzen didazu. Guztiz harrigarria zait holako jakitea, garaiegia: ezina zait buruz hartzea. Nora noake urrutira zure arnasatik? Nora ihes egin zure begitartetik? Ortzira igo banendi, han zaude, Leizean etzan banendi, han zaude. Joan banendi argi txintarekin hegalak hartzera, eta itsas muturreraino bizitzera; hara ere zure eskuak nau zuzenduko, han zure eskuinak niri helduko. Hau esan baneza: ĞIlunak bederen estaliko nau, argiaren ordez, gauak bilduko nauğ, iluna bera ez zaizu ilun, gauak egunak bezala argi egingo dizu. Urtean zehar: Ant. Guztiz harrigarria zait, Jauna, zure jakitea. Pazko aldian: Ant. Gauak argi egingo du egunak bezala, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Nik, Jaun honek, ikertzen dut bihotza eta aztertzen barrena; Nik ematen diot bakoitzari bere jokabideari dagokiona. Pazko aldian: Nik ezagutzen ditut nire ardiak, eta nireek ezagutzen naute Ni, alleluia. II Nire barrena Zuk antolatu duzu, amaren sabelean Zuk eho nauzu. Gora Zu, hain harrigarriro egin nauzulako, Zuk eginak hain miragarri direlako. Ederki ezagutzen zenuen nire barrua, nire izatea ez zitzaizun ezkutua. Ezkutuan sortzen ari nintzela, lur-barrenean ehotzen ari nintzela. Zure begiek nire ekintzak ikusi dituzte, idatzirik daude guztiak zure liburuan, nire egunak mugaturik, izaten hasi baino lehenagoan. Zure asmoak, ene Jainko, bai niri ezkutuak! Handia da haien kopurua: bat-banatzen baditut, hondarra baino gehiago, azkenera heldurik ere, oraindik Zurekin nago. Azter nazazu, ene Jainko, ikus nire gogoa, iker nazazu eta ezagutu nire asmoak. Ikus ote nabilen bide txarretik, naramazu betirako bidetik. Urtean zehar: Ant. Nik, Jaun honek, ikertzen dut bihotza eta aztertzen barrena; Nik ematen diot bakoitzari bere jokabideari dagokiona. Pazko aldian: Ant. Nik ezagutzen ditut nire ardiak, eta nireek ezagutzen naute Ni, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Gauza guztiak Beraren bidez dira eginak, eta guztiek Berarengan diraute. Pazko aldian: Handiz estaltzen du zerua, Haren gorespenez betea da lurra, alleluia. Kantika: Kol 1, 12-20 Sorkari guztietan seme nagusi eta hilen arteko lehenseme den Kristori goratzarrea Eskerrak ematen dizkiogu Aita Jainkoari, argian, santuen oinorde-lagun egin gaituenari. Ilunpearen menpetik atera baikaitu, eta bere Seme maitearen erreinura aldatu. Honengan dugu erospena, Honengan bekatuen barkamena. Hau, Jainko ikusiezinaren iduri da, sorkari guztietan lehensemea. Beronen bidez baitira eginak gauza guztiak, zeru-lurretakoak, ageri direnak eta ez direnak: Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak; gauza guztiak Beraren bidez eta Berarentzat dira eginak. Diren guztiak baino lehenago da Bera, eta guztiek Berarengan diraute. Gorputzaren buru ere Bera da, Elizaren buru, alegia. Bera da hasiera, hilen arteko lehensemea, diren guztietan Bera izan dadin lehenengoa. Jainkoaren gogoko izan baita betearen betea Harengan egotea, eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea; Haren gurutzeko odolaz bakeak eginik, zeru-lurretan diren guztiekin. Urtean zehar: Ant. Gauza guztiak Beraren bidez dira eginak, eta guztiek Berarengan diraute. Pazko aldian: Ant. Handiz estaltzen du zerua, Haren gorespenez betea da lurra, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 Jn 2, 3-6 Jesus ezagutzen dugula, honetatik dakigu: Haren aginduak gordetzetik. Hura ezagutzen duela esan, eta Haren aginduak betetzen ez dituena, gezurtia da, eta holakoarengan ez dago egia. Haren hitza betetzen duenarengan, berriz, Jaungoikoaren maitasun betea dago egi-egiaz. Horretatik dakigu Harengan gaudela. Harengan dagoela dioenak, ibili ere, Haren bidetik ibili behar du. GALDERANTZUNA R/. Gorde gaitzazu, Jauna, * begi-ninia bezala. Gorde. V/. Zure hegalen itzalpeak ezkuta gaitzala. * Begi-ninia. Aintza Aitari. Gorde. Magnificat, ant. Erabil, Jauna, zure besoaren indarra, suntsi buru-harroak, eta gora jaso ezerezak. ESKARIAK Egin diezaiogun otoitz Jainko Aitari, Hark bere herriari dion maitasuna, zerua baino handiagoa baita, eta esan diezaiogun: Poztu bitez, Jauna, Zuregan uste on duten guztiak. Jauna, zure Semea mundura bidali zenuen, mundua galtzeko ez, baino salbatzeko; - egizu, Haren heriotza ospetsuak ekar diezagula salbamena. Zure apaizak Kristoren zerbitzari eta zure misterioen zabaltzaile egin zenituen; - emaiezu bihotz leiala, jakintza eta maitasuna. Egizu, zeruko erreinuagatik garbitasun osora deitu zenituen guztiak, - zure Semeari zintzo jarrai diezaiotela. Hasieratik gizona, gizaseme eta emakume egin zenuen, - zaindu itzazu familia guztiak egiazko maitasunean. Jesukristoren opariaren bitartez gizonen bekatuak barkatu dituzun Horrek, - emaiezu hildako guztiei beren bekatuen barkamena. Espiritu Santuak eraginik eta Haren maitasunaz beterik, egin diezaiogun otoitz Aitari: Gure Aita. Otoitza Oroi zaitez zure errukiaz Jauna; eta gose direnak goiko ondasunez asetzen dituzun ezkero, emazkiguzu gure behar gorrian zure aberastasunak. Zure Seme Jesukristo.