SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Jerusalem, zutaz ahaztu banendi, nire eskua ihartua bedi. Pazko aldian: Abestu Siongo eresi batzuk, guk entzuteko, alleluia. 136 Salmoa, 1-6 Babiloniako ibai-ertzean Gorputzeko erbesteratze eta menpean egote hau gogo-menpetasunaren adierazgarri bezala hartu behar da (S. Hilario) Babiloniako ibai-ertzean negar egitera eseri ginen, Sionez oroitu baikinen. Lurralde hartako sahatsetatik, utzi genituen kitarak zintzilik. Atxilotuta eraman gintuztenek otoi zegiguten abesteko, nahigabetzen gintuztenek, alai egoteko: «Abestu Siongo eresi batzuk, guk entzuteko.» Nola guk abestu Jaunaren eresia, hemen atzerrian? Jerusalem, zutaz ahaztu banendi, nire eskua ihartua bedi. Nire mingaina aho-sabaian itsatsi bedi, zutaz oroi ez banendi; niretzat pozbiderik bikainena, Jerusalem ez bada. Urtean zehar: Ant. Jerusalem zutaz ahaztu banendi, nire eskua ihartua bedi. Pazko aldian: Ant. Abestu Siongo eresi batzuk, guk entzuteko, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Ene Jainko, eresi egingo dizut aingeruen aurrean. Pazko aldian: Larrialdian nabilela Zuk bizkortzen nauzu, alleluia. 137 Salmoa Errege baten esker onezko goratzarrea Lurreko erregeek beren aintza eramango diote (Apk 21, 24) Jauna, bihotz-bihotzez dizkizut eskerrak emango, eresi egingo dizut aingeruen aurrean, ahuspeztuko naiz zure jauretxe santuan. Eskerrak emango dizkiot zure izenari: ona eta leiala zarelako, zure hitzak baitu zure izena egin handiago. Hots egin nizunean, entzun ninduzun, eta nire bihotzean kemena indartu duzu. Eskerrak eman biezazkizue, Jauna, lurreko erregeek, zure ahoko hitzak entzutean. Ospa bitzate Jaunaren bideak: «Handia da Jaunaren dirdaia, benetan.» Benetan garai da Jauna, umilari dio begiratzen, harroa, berriz, urrunduk du ezagutzen. Larrialdian nabilela Zuk bizkortzen nauzu, nire etsaien haserreen aurka eskua didazu luzatzen, eta zure eskuinak nau salbatzen. Bukatuko du Jaunak nire alde hasia, betiko dago, Jauna, zure maitasuna, ez eskutik utzi zure eskuz egin duzuna. Urtean zehar: Ant. Ene Jainko, eresi egingo dizut aingeruen aurrean. Pazko aldian: Ant. Larrialdian nabilela Zuk bizkortzen nauzu, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Ospe eta aintza hartzeko bada nor, hila izan den Bildotsa. Pazko aldian: Zureak dituzu, Jauna, handitasuna eta agintaritza; Zureak, ospea eta garaipena, alleluia. Kantika: Apk 4, 11; 5, 9-10. 12 Berrerosien goratzarrea Aintza, ospea eta agintaritza hartzeko bazara nor, Jauna, gure Jainkoa; Zuk eginak baitira diren guztiak, zure nahi-izatez dira eginak. Liburua hartzeko eta siloak urratzeko bazara nor, hila izan baitzara, eta zure odolaz erosi dituzu Jainkoarentzat gizonak, leinu eta hizkuntza, herri eta enda guztietakoak; eta apaiz-erreinu egin dituzu gure Jainkoarentzat, eta errege izango dira lurrean. Indarra eta aberastasuna, jakinduria eta ahalmena, ospea, aintza eta gorespena hartzeko bada nor hila izan den Bildotsa. Urtean zehar: Ant. Ospe eta aintza hartzeko bada nor, hila izan den Bildotsa. Pazko aldian: Ant. Zureak dituzu, Jauna, handitasuna eta agintaritza; Zureak, ospea eta garaipena, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Kol 3, 16 Oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza: jakinduriarik osoenean elkar argituz eta berotuz; salmoak, goratzarreak, eta goi-arnasazko abestiak Jaungoikoari bihotzez eta esker onez kantari. GALDERANTZUNA R/. Alaitasunez beteko nauzu, Jauna, * zure aurrean. Alaitasunez. V/. Betiko atseginez zure eskuinean. * Zure aurrean. Aintza Aitari. Alaitasunez. Magnificat, ant. Egin, Jauna, gure alde ekintza handiak, Ahalguztiduna baitzara, eta Santua baita zure izena. ESKARIAK Otoitz egin diezaiogun, bere herriari indarra eta ahalmena ematen dizkion Kristori, esanez: Entzun gaitzazu, Jauna, eta goretsiko zaitugu beti. Kristo, gure indar, zure egiaren argitara deitu dituzun sinestedun guztiei, - emaiezu leialtasuna eta iraupena. Egizu, Jauna, munduko agintari guztiek, zure nahia bete dezatela, - eta hartzen dituzten erabaki guztiak, bakea lortzeko izan daitezela. Zuk bost ogiz ase zenuen gizatalde handia; - erakuts iezaguzu, gose direnei gure ondasunez laguntzen. Herrialdeen agintariek ez diezaiotela beren herrien onari bakarrik begiratu; - gainerako herrialde guztiak ere gogoan izan ditzatela. Emaiezu, Jauna, hildako gure senideei piztuera, eta zorionezko bizia, - Zugan sinesten dutenekin goraipatua izango zarenean. Familia bat eginez, esan ditzagun denok elkarrekin Jesusek erakutsitako hitzak, eta egin diezaiogun otoitz Aitari: Gure Aita. Otoitza Entzun, Jauna, gure otoitzak; eta egizu gure ezpainetako hitzak bat izan daitezela gure bihotzeko gogoekin. Zure Seme Jesukristo.