SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Eskerrak Jaunari, Haren maitasuna betikoa baita. Pazko aldian: Kristorena dena, sorkari berri da, alleluia. 135 Salmoa Esker onezko pazko-goratzarrea Jainkoa gorestea, Haren ekintza harrigarriak aipatzea da (Kasiano) I Eskerrak Jaunari, ona baita: Haren maitasuna betikoa baita. Eskerrak jainkoen Jainkoari: Haren maitasuna betikoa baita. Eskerrak jaunaren Jaunari: Haren maitasuna betikoa baita. Mirarigilea Bera bakarra da: Haren maitasuna betikoa baita. Ortzia zuhurki egin du: Haren maitasuna betikoa baita. Lurra ur-gainean sendotu du: Haren maitasuna betikoa baita. Argi-zuzi handiak egin ditu: Haren maitasuna betikoa baita. Eguzkia, egunaren zaindari: Haren maitasuna betikoa baita. Ilargia eta izarrak, gauaren zaindari: Haren maitasuna betikoa baita. Urtean zehar: Ant. Eskerrak Jaunari, Haren maitasuna betikoa baita. Pazko aldian: Ant. Kristorena dena, sorkari berri da, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Handi eta harrigarriak dira Zuk eginak, Jauna, Jainko ahalguztiduna. Pazko aldian: Maita dezagun Jainkoa, Berak lehenago maite izan gaitu-ta, alleluia. II Egiptoko lehensemeak jo ditu: Haren maitasuna betikoa baita. Israel haien artetik atera du: Haren maitasuna betikoa baita. Esku bizkorrez eta beso zabalez: Haren maitasuna betikoa baita. Itsas Gorria bi zati egin du: Haren maitasuna betikoa baita. Israel herria tartetik ekarri du: Haren maitasuna betikoa baita. Itsas Gorrian Faraon bere gudariekin suntsitu du: Haren maitasuna betikoa baita. Bere herria basamortuan zehar eraman du: Haren maitasuna betikoa baita. Errege handiak jo ditu: Haren maitasuna betikoa baita. Errege bizkorrak hil ditu: Haren maitasuna betikoa baita. Sion, amortarren erregea: Haren maitasuna betikoa baita. Og, basandarren erregea: Haren maitasuna betikoa baita. Haien lurra ondare eman dio: Haren maitasuna betikoa baita. Ondare Israeli, bere morroiari: Haren maitasuna betikoa baita. Gure erorialdian gutaz oroitu da: Haren maitasuna betikoa baita. Etsaiengandik onez atera gaitu: Haren maitasuna betikoa baita. Bizidun guztiei janaria ematen die: Haren maitasuna betikoa baita. Eskerrak zeruko Jainkoari: Haren maitasuna betikoa baita. Urtean zehar: Ant. Handi eta harrigarriak dira Zuk eginak, Jauna, Jainko ahalguztiduna. Pazko aldian: Ant. Maita dezagun Jainkoa, Berak lehenago maite izan gaitu-ta, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Garaia etorri zenean, Jainkoak Kristogan, Berau buru zela, gauza guztiak bildu zituen. Pazko aldian: Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok, alleluia. Kantika: Ef 1, 3-10 Jainkoaren salbamen-asmoa Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesukristo gure Jaunaren Aita, Espirituaren era guztietako bedeinkapenez, zeruan Kristogan bedeinkatu gaituena. Harengan aukeratu baikintuen, mundua sortu baino lehen, bere aurrean, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen. Aurrez aukeratu gintuen bere seme-orde izateko, Jesukristoren bidez, bere nahiaren onberatasunez; bere Seme maitearengan hain ugari eman digun graziaren aintzak Bera gorespenez bete dezan. Seme honengan, bere odolaz dugu erospena, eta bekatuen barkamena; halakoa izan da Haren grazi aberastasuna. Oparo isuri baitigu bere grazia ezaguera osoz eta jakinduriaz: bere nahiaren misterioa ezagutarazi digu, bere onginahiez erabakita zeukana, garaia zetorrenean beteko zuena: Zeruko eta lurreko gauza guztiak Kristogan bilduko dituela, Berau buru dela. Urtean zehar: Ant. Garaia etorri zenean, Jainkoak Kristogan, Berau buru zela, gauza guztiak bildu zituen. Pazko aldian: Ant. Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 Ts 3, 12-13 Jaunak gehitu eta ugari dezala, zuek elkarrentzat eta denontzat duzuen maitasuna, ugaria den bezala guk zuentzat dugun maitasuna. Horrela sendo ditzala Berak zuen bihotzak; Jesus gure Jauna bere santuekin etortzen denean, santu eta esankizunik gabe aurkez zintezten, gure Aita Jaungoikoaren aurrean. GALDERANTZUNA R/. Betorkizu * nire otoitza, Jauna. Betorkizu. V/. Lurrina bezala. * Nire otoitza. Aintza Aitari. Betorkizu. Magnificat, ant. Handietsi zaitzala beti, ene Jainko, nire arimak. ESKARIAK Jesusek ez du, Berari dei egiten dionik, entzun gabe uzten; eska diezaiogun, beraz, uste osoan esanez: Jainko gure Jauna, entzun gaitzazu. Gure argi zaren Jauna, argi ezazu zure Eliza, - gizon eginez erakutsi duzun maitasunaren misterio handia zabal dezan sinesgabeen artean. Zaindu itzazu apaizak eta Elizaren zerbitzariak, - eta egizu, beren hitzez erakusten dutena beren bizian leialki bete dezatela. Zuk zeure gurutzeko odolaz baketu zenuen mundua: - ken gugandik, gorrotoa eta guduaren zigorra. Lagun iezaiezu, Jauna, ezkontzaz bat egin dituzunei, - haien batasuna eliz misterioaren ezaugarri izan dadin. Emaiezu, Jaun errukitsu, hildako guztiei, beren bekatuen barkamena, - zure Santuen artean sar daitezen. Jesukristorekin bat eginik, eska diezaiogun orain Aitari, Jainkoaren semeen otoitza esanez: Gure Aita. Otoitza Geldi zaitez gurekin, Jesus Jauna, iluntzen ari du eta; izan zaitez gure bide-lagun, argitu gure bihotzak, eta bizkortu gure itxaropen argala, gure senideekin batera ezagutu zaitzagun Liburu Santuan eta ogi-zatitzean. Aitarekin eta Espiritu Santuarekin.