SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Zure maitasunaz, Jauna, ase gaitzazu goizean. Pazko aldian: Gugana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, ontasuna, alleluia. 89 Salmoa Gugana bedi gure Jaunaren ontasuna Jaunarentzat mila urte bezala da egun bat, eta egun bat bezala mila urte (2 P 3, 8) Jauna, gure ihesleku Zu izan zara, gizalditik gizaldira. Mendiak erne baino lehen, lurbira sortu baino lehenago, bazara Zu, Jainko, betidanik betidaino. Hauts bihur erazten dituzu gizakiak, hau esanez: «Itzul zaitezte gizasemeak.» Zure begientzat mila urte, atzo igaro zen eguna haina, gau-txanda bat haina. Amets gertatzen dira Zuk eramatean, goizeko belar eze antzean: goizean ezer da garatzen, arratsaldean zimeltzen da eta ihartzen. Zure haserreaz baikaude akiturik, zure suminaz izuturik. Begi-aurrean ipini dituzu gure bekatuak, zure aurpegiaren argitan gure txarkeria ezkutuak. Gure egun guztiak zure haserretan igaro zaizkigu, gure urteak intziri batean bukatu zaizkigu. Gure egunak oro hirurogei eta hamar urte, bizkor izanean laurogei urte; eta gehienak neke eta huskeria, berehala baitoaz, gu hegan goaz. Nork ezagutu du zure haserrearen indarra? nork zure sumina, zor zaizun ikaraz? Gure egunak bat-banatzen erakuts iezaguzu, bihur dakigula bihotz hau zuhur. Itzul zakizkigu, Jauna; noiz arte? Jar zaitez zure morroien alde. Zure maitasunaz ase gaitzazu goizean, gure egun guztietan poztu eta alai gaitezen. Poztu gaitzazu, goibeldu gaituzun egunen ordez ikusi ditugun gaitz-urteen ordez. Zure lana ager bedi zure morroiengan, eta zure aintza zure semeengan. Gugana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, ontasuna, gure esku-lanean lagun gaitzazu, eta gure eskuen lana lagun ezazu! Urtean zehar: Ant. Zure maitasunaz, Jauna, ase gaitzazu goizean. Pazko aldian: Ant. Gugana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, ontasuna, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Lur-bazterretik Jaunaren ospea. Pazko aldian: Argi bihurtuko diet iluna, alleluia. Kantika: Is 42, 10-16 Jainko garaile eta salbatzaileari kantu berria Kantu berri bat kantari ari ziren aulkiaren aurrean (Apk 14, 3) Kanta Jaunari kantu berri, Haren gorespena lurraren bazterreraino iritsi bedi. Ekin orroka itsaso eta itsas barne, uharte eta hango biztanle. Alai bitez basamortu eta hango hiriak, Kedar-zelaietan bizi direnak. Petratarrak, oihuka ekin, mendi-gainean irrintzi egin. Jaunaren aintza kanta bezate, uharteetan eman biezaiote ospe. Badoa Jauna indartsu bat bezala, sutan doa gudari bat bezala. Irrintzia bota oihu oihuka eta badoa ausarta etsaiaren aurka. Isilik egon naiz aspaldi honetan, hitzik gabe dut dena jasan. Haurgina bezala ari naiz garrasika, ito zorian arnasestuka. Idortuko ditut mendi eta mendixkak, ihartuko belarrak, lehortuko ditut ibaiak, xukatuko aintzirak. Gidatuko ditut itsuak bide harrotzetan, eta eramango bidexka ez-ezagunetan. Argi bihurtuko diet iluna, eta zelai, malkarrak. Urtean zehar: Ant. Lur-bazterretik Jaunaren ospea. Pazko aldian: Ant. Argi bihurtuko diet iluna, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Gorets ezazue Jaunaren hitza, Jaunaren etxean zaudetenak. Pazko aldian: Nahi duen guztia egin du Jaunak, alleluia. 134, Salmoa, 1-12 Jainkoari goratzarrea ekintza harrigarriengatik Zuek... Jainkoak aukeratutako herria zarete, ilunpetatik atera eta argi zoragarrira dei egin dizuenaren ekintza harrigarriak oihuka ditzazuen (Ikus. 1 P 2, 9) Gorets ezazue Jaunaren izena, goretsi hura, Jaunaren mirabeak. Jaunaren etxean zaudetenak, Jaunaren, gure Jainkoaren, atarietan zaudetenak. Gorets ezazue Jauna ona delako, eresi egiozue Haren izenari gozoa delako. Jakob hautatu baitu Jaunak beretzat, Israel bere ondaretzat. Badakit handi dela Jauna, jainko guztien aldean nagusi gure Jauna. Nahi duen guztia egin du Jaunak zeru-lurretan, itsasoan eta ur sakon guztietan. Hodeiak lurraren bazterretatik ekartzen ditu, tximistek euria ekartzen du, haizea bere zokoetatik aterarazten du. Jo ditu Egiptoko lehensemeak, gizaki eta abereak. Mirari eta ikusgarriak egin ditu, Egipto, zure erdian, Faraonen eta haren morroi guztien kaltetan. Atzerri ugari jo ditu, errege bizkorrak hil ditu: Sijon, amortarrena, eta Og, basandarrena, Kanaango errege denak. Haien lurra eman dio ondaretzat, bere herri Israeli ondaretzat. Urtean zehar: Ant. Gorets ezazue Jaunaren hitza, Jaunaren etxean zaudetenak. Pazko aldian: Ant. Nahi duen guztia egin du Jaunak, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Jdt 8, 21b-23 Gogora ezazue, gure gurasoak aztertuak izan zirela, beren Jainkoa egiten gurtzen ote zuten ikusteko. Gogora ezazue, Abraham gure aita aztertua izan zela; eta estualdi asko jasan ondoren, Jainkoaren adiskide egin zela. Horrela baita Isaak, Jacob, Moises eta Jainkoari atsegin izan zitzaizkion guztiek ere, estualdi askoren artean leialki jarraitu zioten. GALDERANTZUNA R/. Poztu zaitezte, zintzoak, Jaunagan, * zuzenak direnei dagokie Hura gorestea. Poztu. V/. Kanta iezaiozue kantu berri. * Zuzenak. Aintza Aitari. Poztu. Benedictus, ant. Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa, agertu eta askatu gaituena. ESKARIAK Kristok entzuten eta salbatzen ditu Berarengana hurbiltzen direnak; hurbil gaitezen, beraz, Harengana, esanez: Gora Zu, Zugan dugu uste ona. Eskerrak Zuri, errukian aberats zaren Horri, - hainbeste maite gaituzulako. Munduan beti Aitarekin ari zaren Horrek, berri itzazu gauza guztiak, - zure Espiritu Santuaren indarrez. Argi itzazu, Jauna, gure begiak eta gure senideenak, - gaur zure harrigarriak ikus ditzagun. Gaur zure zerbitzura deitzen gaituzun Horrek, - egizu, gure senideen onerako erabil ditzagula zure grazia ugariak. Jesukristok erakutsiari jarraituz, hurbil gaitezen Jainko Aitarengana: Gure Aita. Otoitza Jauna, Zuk eman zenion gizonari lurra, zaindu zezan eta landu, eta eguzkia sortu zenuen, berari lagun ziezaion; egizu, egun honetan zure argiarekin lan egin dezagula zure aintzarako eta lagun hurkoaren onerako. Zure Seme Jesukristo.