SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Entzunarazi niri goizean, Jauna, zure maitasuna. Pazko aldian: Zure izenagatik, Jauna, nire bizia zaindu, alleluia. 142 Salmoa, 1-11 Negar-otoitza eta eskaria estualdian Gizonak ez du bere zuzentasuna Legea betetzeagatik iristen, baizik Kristo Jesusengan sinesteagatik (Ga 2, 16) Entzun, Jauna, nire otoitza, har ezazu nire eskaria zure leialtasunez, entzun nazazu zure zuzentasunez. Ez deitu morroi hau auzitarako, gizon zintzorik zure aurrean ez baitago. Etsaia nire atzetik dabil, lur jorik utzi du nire bizia, ilunpetan ipini nau, aspaldi hilen antzera. Barrengo kemena ahuldu zait, bihotza barnean dardaratu zait. Behinolako egunak ditut gogoan, zure lan guztiak ari naiz hausnartzen, zure esku-lanak ari naiz gogo ematen. Nire eskuok Zugana zabaltzen dira, nire gogo hau, lur helkor, Zutaz egarri da. Entzun laster ni Jauna, arnasa baitut joana. Ez ezkuta niri zure aurpegia, ez nadin herio-leizera eroriak bezala. Entzunarazi niri goizean zure maitasuna, Zugan baitut itxaropena. Adieraz iezadazu hartu behar dudan bidea, Zugana baitut jasoa bihotza. Atera nazazu, Jauna, etsaien menpetik, Zugana bainator ihesi. Zuk nahia egiten erakuts iezadazu, nire Jainkoa Zu baitzaitut. Zure arnasa ona da, zabaldira atera nazala. Zure izenagatik, Jauna, nire bizia zaindu, zure zuzentasunez larrialditik atera nazazu. Urtean zehar: Ant. Entzunarazi niri goizean, Jauna, zure maitasuna. Pazko aldian: Ant. Zure izenagatik, Jauna, nire bizia zaindu, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Ibaia bezala isuriko du Jaunak bakea Jerusalemen gainera. Pazko aldian: Laster ikusiko zaituztet berriro, eta poztuko da zuen bihotza, alleluia. Kantika: Is 66, 10-14a Hiri santuagatik poza eta atsegina Goiko Jerusalem librea da; hau da gure ama (Ga 4, 26) Poztu zaitezte Jerusalemekin, maite duzuen guztiok, egin jai harekin; alaitu eta poztu harekin, dolu egin zenutenak harengatik. Asetzeraino edoskiko baituzue haren bularren gozoa, atseginez xurgatuko, haren bularren oparoa. Honela mintzo baita Jauna: ibaia bezala isuriko dut haren gainera bakea, eta gainezka doan ibaia bezala, herrien ondasuna. Haren haurrak besoetan eramango dituzte, belaunetan maiteki hartuko dituzte. Amak bere haurra gozatzen duen bezala, hala zaituztet Nik gozatuko, eta zuen gozamena Jerusalemen duzue izango. Poztuko da zuen bihotza hori ikustean, loratuko dira zuen hezurrak belardi baten antzean. Urtean zehar: Ant. Ibaia bezala isuriko du Jaunak bakea Jerusalemen gainera. Pazko aldian: Ant. Laster ikusiko zaituztet berriro, eta poztuko da zuen bihotza, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Gozoa da, gure Jainkoari dagokion gorespena ematea. Pazko aldian: Jerusalem Jaunak eraikitzen du, eta bihotz urratuak sendatzen ditu, alleluia. 146 Salmoa Jaunaren indarra eta ontasuna Goresten zaitugu, Jainko; aitortzen zaitugu, Jauna. Gorets ezazue Jauna, ona baita gure Jainkoari eresi egitea, gozoa, Hari dagokion gorespena ematea. Jerusalem Jaunak eraikitzen du, Israeldik banatuak biltzen ditu. Bihotz urratuak Berak sendatzen, eta haien zauriak lotzen. Izarrak bat-banaka ditu zenbatzen, bakoitza bere izenez izendatzen. Handi da gure Jainkoa, indarrez indartsu, Hark dakienak neurririk ez du. Jaunak umilak altxatzen ditu, gaiztoak lurrera egozten ditu. Kanta iezaiozue eskerrak emanez Jaunari, kitaraz egin eresi gure Jainkoari. Hark estaltzen baitu hodeiez ortzia, lurrari ematen dio euria. Hark ateratzen du mendietan larrea, gizonarentzako landarea. Hark ematen die jana abereei, eske dagozkion belekumeei. Ez du aintzat hartzen zaldiaren indarra, ez du gogoko giza belaunaren azkarra. Gogoko ditu Jaunak beldur diotenak, Haren ontasunean itxaron dutenak. Urtean zehar: Ant. Gozoa da, gure Jainkoari dagokion gorespena ematea. Pazko aldian: Ant. Jerusalem Jaunak eraikitzen du, eta bihotz urratuak sendatzen ditu, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Erm 8, 18-21 Oraingo neke-lanak ezer gutxi dira, gero gugan azalduko den aintzaren aldean. Izadia bera ere zain-zain dago, Jaungoikoaren seme-alaben agerkunde betea itxaroten. Hutsaren menpeko egina baitago; ez, ordea, bere nahiez, menperatu zuen harengatik baizik. Baina, beti ere, izadiak berak badu itxaropen, ustelkeriaren morrontzatik atera eta, Jaungoikoaren seme-alaben aintzazko askatasunera iritsiko dela. GALDERANTZUNA R/. Gauean, Jauna, * Zu gogo ematen zaitut. Gauean. V/. Zu gertatu baitzara nire laguntzailea. * Zu gogo ematen. Aintza Aitari. Gauean. Benedictus, ant. Erakuts, Jauna, zure herriari salbamena, eta barka gure bekatuak. ESKARIAK Jainkoarengandik datorkio bere herriari salbamena; aitormen egin diezaiogun, esanez: Zu zara, Jauna, gure bizia! Bedeinkatua Zu, Jainko, Jesukristo gure Jaunaren Aita, Zuk, zeure erruki handiz itxaropen berrira sortu gaituzulako, - zure Semearen piztueraren bitartez. Zure antzera egindako gizona Kristorengan berritu duzu: - egin gaitzazu zure Semearen iduriko. Isuri, Jauna, zure Maitasun-Espiritua, - gorrotoz eta bekaizkeriaz hondatuta dauden gure bihotzetara. Emaiezu gaur lana, lanik gabe daudenei, ogia gose direnei, poza nahigabetuei; - eta guztiei, grazia eta salbamena. Jesusi esker, Jainkoaren seme eginak izan gara; horregatik, beldur gabe esan dezagun: Gure Aita. Otoitza Emaguzu, Jauna, salbamenaren ezaguera argia; gure etsaien eskuetatik aterata, beldurrik gabe, zintzo eta zuzen zerbitza zaitzagun, gure egun guztietan. Zure Seme Jesukristo.