SALMOAK 1 Antifona Abenduan: Jo ezazue turuta Sionen, hurbil baita Jaunaren eguna. Begira, badator gu salbatzera, alleluia. Pazko aldian: Hil ez, baino bizi naiz egingo, Jaunaren eginak nik oihu egingo, alleluia. Urtean zehar: Eskerrak Jaunari, Haren maitasuna betikoa baita, alleluia. 117 Salmoa Iritsitako garaipenagatik eskerrak ematea Jesus da zuek etxegileok baztertu duzuen harria; baina orain giltzarri egina dago (Ap Eg 4, 11) Eskerrak Jaunari, ona baita, Haren maitasuna betikoa baita. Israel etxeak hau esan beza: «Haren maitasuna betikoa». Aaron etxeak hau esan beza: «Haren maitasuna betikoa». Esan bezate Jaunaren beldur direnak: «Haren maitasuna betikoa». Deitu nuen larrialdian Jauna, entzun ninduen eta onez atera. Jauna dut nirekin: ez dut beldurrik, gizonak zer egingo didanik. Nirekin Jauna, niri lagun egiteko, nik etsaiak lotsatuak ikusteko. Hobe da Jaunagana biltzea, eta ez gizonengan uste on izatea; hobe da Jaunagana biltzea, eta ez handizkiengan uste on izatea. Atzerri-jende guztiak inguratu ninduten: Jaunaren izenean xehatu nituen. Alde guztitik jendeek inguratu ninduten: Jaunaren izenean xehatu nituen. Erleek bezala inguratu ninduten, piztu ziren sua sasian bezala: Jaunaren izenean xehatu nituen. Gogor bultzatu ninduten erortzeko, han zegoen Jauna ni laguntzeko. Nire indar eta nire kemen Jauna, Hura gertatu da nire salbamena. Poz eta garaipen-oihuak zintzoen etxolan: «Jaunaren eskuina bizkor jokatu da, Jaunaren eskuinak nau altxatu, Jaunaren eskuina bizkor da jokatu». Hil ez, baino bizi naiz egingo, Jaunaren eginak nik oihu egingo. Zigortu nau Jaunak, zigortu, baina ez nau heriotzaratu. Ireki niri zintzotasunaren ateak, hortik sarturik eman diezazkiodan Jaunari eskerrak. - Hau da Jaunaren atea, zintzoak sartuko dira aurrera. - Eskerrak Zuri, entzun nauzulako, salbamen gertatu zatzaizkidalako. Etxegileek baztertutako harria, berori gertatu da giltzarria. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri. Hau da Jaunak egin duen eguna, gu pozteko eta alaitzeko eguna. Eman, Jauna, salbamena, eman, Jauna, zoriona. - Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena, bedeinkatzen zaituztegu Jaunaren etxean. Jainkoa da Jauna, guri argi egin diguna. - Antola ezazue jende-lerroa abar-hostoak eskuetan dituztela, aldarearen ertzetaraino doazela. Zu zara nire Jainko, eskerrak ematen dizkizut; ene Jainko, goresten zaitut. Eskerrak Jaunari, ona baita, Haren maitasuna betikoa baita. Abenduan: Ant. Jo ezazue turuta Sionen, hurbil baita Jaunaren eguna. Begira, badator gu salbatzera, alleluia. Pazko aldian: Ant. Hil ez, baino bizi naiz egingo, Jaunaren eginak nik oihu egingo, alleluia. Urtean zehar: Ant. Eskerrak Jaunari, Haren maitasuna betikoa baita, alleluia. 2 Antifona Abenduan: Badator Jauna, irten zakizkiote bidera eta esan: Handia zara sortzez, eta zure erreinuak ez du azkenik izango: Jainko indartsu, garaile, bake-errege, alleluia. Pazko aldian: Bedeinkatua zure izen santu eta aintzagarria, alleluia. Urtean zehar: Alleluia, Jaunak egindako guztiak, bedeinka ezazue Jauna. Kantika: Dn 3, 52-57 Gorets bezate Jauna izaki guztiek Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, gauza guztien egilea (Erm 1, 25) Bedeinkatua Zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua zure izen santu eta aintzagarria: aintza eta gorespen Berari gizaldietan. Bedeinkatua Zu, jauretxe santu eta aintzagarrian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua Zu, zure erreinuko aulkian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua Zu, kerubin-gainean eseriz, leizeak ikusten dituzuna: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Bedeinkatua Zu, zeru-sabaian: aintza eta gorespen Zuri gizaldietan. Jaunak egindako guztiak, bedeinka ezazue Jauna: goretsi eta ospatu gizaldietan. Abenduan: Ant. Badator Jauna, irten zakizkiote bidera eta esan: Handia zara sortzez, eta zure erreinuak ez du azkenik izango: Jainko indartsu, garaile, bake-errege, alleluia. Pazko aldian: Ant. Bedeinkatua zure izen santu eta aintzagarria, alleluia. Urtean zehar: Ant. Alleluia, Jaunak egindako guztiak, bedeinka ezazue Jauna. 3 Antifona Abenduan: Zure hitz ahalguztiduna, Jauna, etorriko da bere errege-aulkitik, alleluia. Pazko aldian: Emaiozue gure Jainkoari aipamenik onena: Haren lanak on-biribilak dira, Haren bideak oro zuzenak dira, alleluia. Urtean zehar: Arnasa duen guztiak Jauna beza goretsi, alleluia. 150 Salmoa Gorets ezazue Jauna Eresi egizue bihotz-bihotzez, eresi egizue gogo-gogoz, hau da, gorets ezazue Jainkoa gorputz eta arimaz (Hesikio) Gorets ezazue Jauna bere jauretxean, gorets ezazue bere zeru ospetsuan. Gorets ezazue, Berak egin-lan handiengatik, gorets ezazue bere handiaren handiagatik. Gorets ezazue turutaren hotsez, gorets ezazue salteriz eta kitara-hotsez. Gorets ezazue zaldabai eta dantzarekin, gorets ezazue zurda-soinu eta txistuarekin. Gorets ezazue txilin ozenekin, gorets ezazue txilin alaiekin. Arnasa duen guztiak Jauna beza goretsi. Abenduan: Ant. Zure hitz ahalguztiduna, Jauna, etorriko da bere errege-aulkitik, alleluia. Pazko aldian: Ant. Emaiozue gure Jainkoari aipamenik onena: Haren lanak on-biribilak dira, Haren bideak oro zuzenak dira, alleluia. Urtean zehar: Ant. Arnasa duen guztiak Jauna beza goretsi, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 2 Tm 2, 8. 11-13 Gogora ezazu Jesukristo Jauna, Dabiden odolekoa, hilen artetik piztua. Benetako hitza: Harekin hiltzen bagara, bizi ere, Harekin biziko gara; nekeetan irauten badugu, errege ere izango gara Harekin; ukatzen badugu, Hark ere ukatu egingo gaitu; gu leialak ez bagara, beti leial izango da Hura; ez baitezake bere burua uka. GALDERANTZUNA R/. Ospatzen zaitugu, Jauna, ospatzen, * zure izena dugu zabaltzen. Ospatzen. V/. Zure mirariak adierazten. * Zure. Aintza Aitari. Ospatzen. ESKARIAK Jainko ahalguztidunak maite gaitu, eta badaki zer behar dugun; otoitz diezaiogun, beraz, esanez: Gora Zu, Jauna, Zugan dugu uste ona. Bedeinkatua Zu, Jainko guztiz ahaltsu, zeru-lurren errege, bihurri eta bekatari garenok egiaren argitara deitu gaituzulako; - egizu, santu eta zuzen zerbitza zaitzagula. Zure errukiaren atea zabaldu diguzun Jauna, - egizu, behin ere ez dezagula alde egin bizira daraman bidetik. Egizu, gaur zure Seme guztiz maitearen piztuera ospatzen dugunok, - egun hau bihotz alaiz igaro dezagula. Eman, Jauna, zure fededunoi, otoitzerako eta gorespenerako gogoa, - nonahi eta beti Zuri eskerrak eman diezazkizugun. Kristo berpiztuaren Espirituak eraginik, hurbil gaitezen orain guztiok Jainkoarengana, Haren egiazko seme baikara, eta esan diezaiogun: Gure Aita.