SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Handi da Jauna, jainko guztien aldean nagusi gure Jauna. Pazko aldian: Nik, Jaun honek, Nik zaitut salbatzen; Nik zaitut askatzen; alleluia. 134 Salmoa Jainkoari goratzarrea egintza harrigarriengatik Zuek... Jainkoak aukeratutako herria zarete, ilunpetatik atera eta argi zoragarrira dei egin dizuenaren ekintza harrigarriak oihuka ditzazuen (Ikus. 1 P 2, 9) I Gorets ezazue Jaunaren izena, goretsi hura, Jaunaren mirabeak. Jaunaren etxean zaudetenak, Jaunaren, gure Jainkoaren atarietan zaudetenak. Gorets ezazue Jauna ona delako, eresi egiozue Haren izenari gozoa delako. Jakob hautatu baitu Jaunak beretzat, Israel bere ondaretzat. Badakit handi dela Jauna, jainko guztien aldean nagusi gure Jauna. Nahi duen guztia egin du Jaunak zeru-lurretan, itsasoan eta ur sakon guztietan. Hodeiak lurraren bazterretatik ekartzen ditu, tximistez euria ekartzen du, haizea bere zokoetatik aterarazten du. Jo ditu Egiptoko lehensemeak, gizaki eta abereak. Mirari eta ikusgarriak egin ditu, Egipto, zure erdian, Faraonen eta haren morroi guztien kaltetan. Atzerri ugari jo ditu, errege bizkorrak hil ditu: Sijon, amortarrena, eta Og, basandarrena, Kanaango errege denak. Haien lurra eman dio ondaretzat, bere herri Israeli ondaretzat. Urtean zehar: Ant. Handi da Jauna, jainko guztien aldean nagusi gure Jauna. Pazko aldian: Ant. Nik, Jaun honek, Nik zaitut salbatzen; Nik zaitut askatzen; alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Israel etxe, bedeinka ezazu Jauna, eresi egiozue Haren izenari, gozoa baita. Pazko aldian: Bedeinkatua, gure aita Dabidengandik datorren erreinua, alleluia. II Jauna, zure izena betiko dago, zure oroipena, Jauna, gizaldietan eta areago. Jaunak zaintzen du bere herria, eta bere morroientzat badu errukia. Atzerriko jainko-iduriak zilar eta urre, gizonen esku-lan dituzte. Ahoa bai, eta hitzik ez dute, begiak bai, eta ez ikusten. Belarriak bai, eta ez dute entzuten, ahoan arnasarik ez dute. Horien antzeko izan bitez horiek egiten dituztenak, horiengan uste on dutenak. Israel etxe, bedeinka ezazu Jauna, Aaron etxe, bedeinka ezazu Jauna. Lebi etxe, bedeinka ezazu Jauna, Jaunaren beldur zaretenok, bedeinka ezazue Jauna. Bedeinkatua izan bedi Siondik Jauna, Jerusalemen dagoena. Urtean zehar: Ant. Israel etxe, bedeinka ezazu Jauna, eresi egiozue Haren izenari, gozoa baita. Pazko aldian: Ant. Bedeinkatua, gure aita Dabidengandik datorren erreinua, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Atzerriak etorriko dira, Jauna, eta zure aurrean ahuspeztuko. Pazko aldian. Kanta diezaiogun Jaunari, handia baita Haren garaipena, alleluia. Kantika: Apk 15, 3-4 Garaileen kantua Jauna, Jainko ahalguztiduna, handiak eta harrigarriak dira Zuk eginak! Atzerrien errege, zuzenak eta egiazkoak zure bideak! Nor ez da izango zure beldur, Jauna? Nork ez du goretsiko zure izena? Zu bakarrik baitzara santua! Atzerriak etorri eta zure aurrean ahuspeztuko dira, zure erabaki zuzenak agertu baitira. Urtean zehar: Ant. Atzerriak etorriko dira, Jauna, eta zure aurrean ahuspeztuko. Pazko aldian. Ant. Kanta diezaiogun Jaunari, handia baita Haren garaipena, alleluia. JAINKOAREN HITZA: St 1, 2-4 Senideok, direnak direla zuen tentaldiak, pozbide har itzazue, jakinik tentaldiak iraupena dakarkiola zuen sinesmenari. Eta azkenera arte irauten baduzue, on-onak eta beteak izango zarete errurik gabe. GALDERANTZUNA R/. Kristok maite izan gaitu * eta bere odolaz garbitu gaitu gure bekatuetatik. Kristok. V/. Erregu-leinu eta Jaungoiko bere Aitaren apaiz egin gaitu. * Eta bere. Aintza Aitari. Kristok. Magnificat, ant. Bere gain hartu gaitu bere morroi garenok, errukiaz gogoraturik. ESKARIAK Jaungoiko gure Aitak, gure bekatuengatik heriotzara eraman zuen bere Semea, eta gu zeruratzeagatik piztu egin zuen; dei egin diezaiogun Berari, esanez: Erruki, Jauna, zure herriari. Entzun, Jauna, otoizlarien eskariak, eta barka errudun direla aitortzen dutenen bekatuak, - barkamena eta bakea iritsi ditzagun. Apostoluaren ahoz esan zenigun, bekatua ugaritu zenean ugariago izan zela grazia: - barka itzazu, bihotz zabalez, gure bekatu ugariak. Bekatu asko egin dugu, Jauna, baina zure neurrigabeko errukian itxaroten dugu: - itzul zaitez guregana, gu Zuregana itzul gaitezen. Aska ezazu zure herria, bere bekatuetatik, Jauna, - eta izan bihotz onekoa gurekin. Zu salbatzaile aitortu zintuen lapur onari zeruko atea ireki zenion Horrek, - ez itxi ate hori gure hildakoei. Tentaldian ez erortzeko indarra Jainkoagandik datorkigula aitortuz, esan dezagun uste osoz: Gure Aita. Otoitza Jauna, Aita guztiz santu, zure Seme bakarra jarri zenuen gure salbamenaren ordain; egizu, gure bizitzan Kristoren nekaldian parte hartzen dugunok, Beraren aintzan ere sar gaitezela. Zurekin eta Espiritu Santuarekin.