SALMOAK 1 Antifona Abenduan: Begira, badator herri guztiek opa dutena, eta Jaunaren etxea aintzaz beteko da, alleluia. Pazko aldian: Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan, alleluia. Urtean zehar: Eska itzazue Jerusalementzat bakerako direnak. 121 Salmoa Jerusalemgo hiri santua Zuek Sion mendira hurbildu zarete, Jaungoiko biziaren hirira, zeruko Jerusalema (Heb 12, 22) Hura poza nirea, esan zidatenean: «Bagoaz Jaunaren etxera.» Oraintxe gure oinak iritsi dira, Jerusalem, zure atarira. Jerusalem hiri bezala da altxatua, den-dena batean bildua. Leinuak, Jaunaren leinuak, hara igotzen dira, Israel-en lege denez Jaunaren izena ospatzera. Han dago jarririk auzi-mahaia, Dabideneko mahaia. Eska itzazue Jerusalementzat bakerako direnak: «Lasai bizi bitez zu maite zaituztenak. Izan bedi bake zure harresietan, lasaitasun zure jauregietan.» Nire anaien eta lagunen aldera, hau diot: «Zurekin bakea.» Jaunaren, gure Jainkoaren, etxea maite dudalako, ondasunak opa ditut zuretzako. Abenduan: Ant. Begira, badator herri guztiek opa dutena, eta Jaunaren etxea aintzaz beteko da, alleluia. Pazko aldian: Ant. Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan, alleluia. Urtean zehar: Ant. Eska itzazue Jerusalementzat bakerako direnak. 2 Antifona Abenduan: Zatoz, Jauna, eta ez luza; barka bekatuak Israel zure herriari. Pazko aldian: Zure odolaz erosi gaitzazu Jainkoarentzat, alleluia. Urtean zehar: Egunsentitik gaueraino, nire gogoa Jaunaren zain dago. 129 Salmoa Barnenetik Zuri dagizut oihu, Jauna Horrek salbatuko du bere herria bekatuetatik (Mt 1, 21) Barnenetik Zuri dagizut oihu, Jauna, entzun, Jauna, nire mintzoa. Beude erne zure belarriak, nire oihu-eskarira. Gure erruak gogoan badauzkazu, Jauna, nor dagoke zutik, Jauna? Baina barkamena Zugan daukazu, Zu begirunez zerbitza zaitzagun. Jaunagan itxaroten nago, nire barrena Haren hitzaren zain dago. Gau-mutila goiz-argiaren zain dago: nire gogoa are gehiago Jaunaren zain. Gau-mutila goiz-argiaren zain dago: Israel Jaunaren zain ala bego. Jaunagan baitago errukia, Harengan askatasun ugaria; Berak utziko du Israel askaturik, egin dituen hoben guztietatik. Abenduan: Ant. Zatoz, Jauna, eta ez luza; barka bekatuak Israel zure herriari. Pazko aldian: Ant. Zure odolaz erosi gaitzazu Jainkoarentzat, alleluia. Urtean zehar: Ant. Egunsentitik gaueraino, nire gogoa Jaunaren zain dago. 3 Antifona Abenduan: Hara, bete da garaia, eta Jainkoak bere Semea mundura bidaltzen du. Pazko aldian: Ez al zuen Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko? Alleluia. Urtean zehar: Jesusen izenera belaun guztiak makur bitez, zeruan eta lurrean, alleluia. Kantika: Flp 2, 6-11 Kristo, Jainkoaren zerbitzaria Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik, ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari; bestela baizik, bereaz hustu egin zen, morroi-izaera hartuz, eta beste edozein bezala azalduz. Eta gizon bezala agerturik, apaldu egin zuen bere burua, menpeko eginez heriotzaraino, gurutzeko heriotzaraino. Horregatik Jainkoak goratu egin zuen, eta izen guztien gaineko izena eman zion, Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen, zeruan, lurrean eta lurpean, eta mingain guztiek aitor dezaten: Jesukristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako. Abenduan: Ant. Hara, bete da garaia, eta Jainkoak bere Semea mundura bidaltzen du. Pazko aldian: Ant. Ez al zuen Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko? Alleluia. Urtean zehar: Ant. Jesusen izenera belaun guztiak makur bitez, zeruan eta lurrean, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 2 P 1, 19-21 Guzti honek sendotu egiten du gugan Profeten hitza; eta ederki egiten duzue zuek, hitz horri erne-erne egotean, toki ilunean argi egiten duen argi-ontziari bezala, harik eta eguna argitzen hasi arte, eta artizarra zuen bihotzetan sortu arte. Hau da lehenbizi jakin behar duzuena: Liburu Santuko profeta-hitzak ez direla nork bere gisara ulertzekoak; antzinako profeta-hitzik ez baita inoiz giza asmoz sortu; gizon haiek Jainkoaren izenean hitz egin zuten, Espiritu Santuak eraginda. GALDERANTZUNA R/. Eguzkia sortaldetik sartzen denera, * goretsia izan bedi Jaunaren izena. Eguzkia. V/. Haren ospea ortziaren gainean. * Goretsia. Aintza Aitari. Eguzkia. ESKARIAK Dei egin diezaiogun Kristori, Bera baita Harengan itxaro dutenen poza, eta esan diezaiogun: Begira iezaguzu, Jauna, eta entzun. Aitorle zintzo eta hilen arteko lehenseme, zure odolaz gure bekatuetatik garbitu gaituzuna, - egizu, gogoan izan ditzagula beti zure on-eginak. Zure Ebanjelioaren predikari egin dituzunak, - izan daitezela zure erreinuko misterioen zerbitzari zintzo eta leialak. Bakearen errege, eman oparo zure Espiritua herrialdeetako agintariei, - lur-jota dauden behartsuengana beren begiak itzul ditzaten. Izan zaitez laguntzaile, beren arraza dela eta, edo beren larru-azala, gizarte-maila, hizkuntza edo erlijioa dela eta, bazterturik bizi direnentzat, - eta egizu, denak ezagutu dezatela haien duintasuna eta aitortu haien eskubideak. Zure maitasunean hil direnei, emaiezu parte zure zorionean, - Andre Maria eta santu guztiekin. Jesus piztu delako, Jainkoaren seme gara guztiok; horregatik, beldur gabe esan dezagun: Gure Aita.