SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Alai ezazu morroi honen anima, Zugana baitago, Jauna, nire anima. Pazko aldian: Atzerri guztiak etorriko dira Jauna gorestera, alleluia. 85 Salmoa Ezbeharretan dagoen behartsu baten otoitza Bedeinkatua Jaungoikoa, Berak pozten baikaitu saminaldi guztietan (2 Kor 1, 3. 4) Makur ezazu, Jauna, belarri hori, entzun nazazu, gizagaixo eta behartsu bainauzu. Zintzo bainaiz ni Zurekin, zaindu nazazu; Zugan uste on duen morroi hau salba ezazu. Nire Jainko zaitut: erruki nitaz, Jauna, Zuri deiez atergabe ari bainaiz. Alai ezazu morroi honen anima, Zugana baitago, Jauna, nire anima. Ona baitzara, Jauna, eta sentibera, deitzen zaituzten guztientzat onginahiez betea. Entzun, Jauna, nire otoitza, adi nire eskariaren hotsa. Egun larrian deika ari nauzu, entzungo bainauzu. Zure kidekorik ez da, Jauna, jainkoetan, Zuk eginen antzekorik ez da eginetan. Egin dituzun atzerri guztiak etorriko dira, Jauna, Zu jaurestera, eta zure izena ospatzera. «Handia zara eta mirarigile, Zu bakarrik zara Jainko.» Zure bidea erakuts iezadazu, Jauna, zure egian ibil nadin; emaiozu leialtasuna nire bihotzari, zure izenaren beldur izan dadin. Goretsiko zaitut bihotz osoz, Jauna, ene Jainkoa, beti ospatuko dut zure izena. Erruki handia izan baituzu nirekin, atera baituzu nire bizia Leize sakonetik. Harroak jaiki zaizkit, ene Jainko, badabil gizon zakarren taldea ni hil-nahian, ez zauzkate Zu begien aurrean. Zu, ordea, Jauna, Jainko errukior zaitut eta onbera, Berant haserre, guztiz maitekor eta leiala. Begira iezadazu eta erruki zakizkit, emaiozu morroi honi zure kemena, salba ezazu zure neskamearen semea. Emazu nire alde ezaugarri bat, gorroto nautenek lotsaturik ikus dezatela, Zuk, Jauna, lagundu eta poztua naizela. Urtean zehar: Ant. Alai ezazu morroi honen anima, Zugana baitago, Jauna, nire anima. Pazko aldian: Ant. Atzerri guztiak etorriko dira Jauna gorestera, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Bai dohatsu, zuzen jokatzen duena eta leial mintzo dena. Pazko aldian: Gure begiek ikusi dute Erregea bere aintzatan, alleluia. Kantika: Is 33, 13-16 Zuzentasunez epai egingo du Jainkoak Zuentzat da agintzaria, eta zuen seme-alabentzat, eta gure Jaungoiko Jaunak deitu ditzakeen guztientzat, urrutikoak badira ere (Ap Eg 2, 39) Entzun Nik egina, urrun zaretenok; ezagutu nire indarra, hurbil zaudetenok. Beldur dira Sionen, hobengileak, ikarak hartu ditu gaizkileak. Guretatik nor bizi daiteke su ireskorretan? Guretatik nor bizi daiteke betiko garretan? Zuzen jokatzen duena eta leial mintzo dena; indarkeriaren irabaziak uxatzen dituena eta eskupekoa arbuiatuz eskua astintzen duena; belarriak estaltzen dituena odolkeria ez entzuteko, begiak ixten dituena gaiztakeria ez ikusteko. Holakoa, toki goietan biziko da, harkaitz-gaineko gazteluan babestua; emango zaio ogia eta izango du ura. Urtean zehar: Ant. Bai dohatsu, zuzen jokatzen duena eta leial mintzo dena. Pazko aldian: Ant. Gure begiek ikusi dute Erregea bere aintzatan, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Egin txalo, errege den Jaunaren aurrean. Pazko aldian: Gizaki guztiek ikusiko dute Jaungoikoaren salbamena, alleluia. 97 Salmoa Jauna, epaian garaile Salmo honek Jaunaren lehenengo etorrera aipatzen du eta atzerritarren bihotz-berritzea (S. Atanasio) Kanta Jaunari kantu berri, egin baititu hainbat harrigarri. Bere eskuinak eman dio garaipena, bere beso santuak. Ezagutarazi du Jaunak Beregandiko garaipena, agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna. On eta leial izan dela gogoratu du, Israel etxeari buruz. Ikusi dute lur-muga denek, gure Jainkoagandiko garaipena. Lur osoa, egiozu txalo Jaunari, egin oihu eta irrintzi, egin eresi. Eresi Jaunari kitararekin, kitara eta salteri ozenarekin: turuta eta adar-hotsean, egin txalo errege den Jaunaren aurrean. Orro egin beza itsasoak bertako guztiekin, lehorrak ere bertan bizi direnik. Txalo jo bezate ibaiek, pozez oihu egin mendiek. Jaunaren aurrean, badatorrelako, lurbira epaitzera datorrelako. Zuzenbidez epaituko du lurbira, eta zuzentasunez herriak. Urtean zehar: Ant. Egin txalo, errege den Jaunaren aurrean. Pazko aldian: Ant. Gizaki guztiek ikusiko dute Jaungoikoaren salbamena, alleluia. JAINKOAREN HITZA: Jb 1, 21; 2, 10b Larru hutsik atera nintzen amaren sabeletik, eta larru hutsik naiz hara itzuliko. Jaunak eman dit, Jaunak kendu; bedeinkatua Jaunaren izena. Jainkoaren eskutik gauza onak hartzen baditugu, zergatik ez hartu gaitzak ere? GALDERANTZUNA R/. Eragin iezaiozu, Jauna, nire bihotzari * Zuk hots eginera. Eragin iezaiozu. V/. Emadazu bizia zure bidetik. * Zuk hots eginera. Aintza Aitari. Eragin egiozu. Benedictus, ant. Erruki zakizkigu, Jauna, erruki; oroi zaitez zure elkarte santuaz. ESKARIAK Kristok Elizaren alde bere burua eman zuen, eta orain jana eta beroa ematen dizkio; eska diezaiogun Berari, esanez; Begira iezaiozu, Jauna, zure Elizari. Bedeinkatua Zu, Jauna, Elizaren artzaina, gaur ematen dizkiguzun argia eta biziagatik; - egin gaitzazu esker oneko, emaitza bikain horiengatik. Begira iezaiozu maitekiro, zure izenean bildu duzun artalde honi, - egiozu, Aitak emandakoetatik bat ere ez dadila galdu. Zuzen ezazu zure Eliza, zure aginduen bidetik, - eta egizu, Espiritu Santuak gorde dezala leialtasunean. Biziarazi ezazu zure Eliza, zure hitzaren eta ogiaren mahaian, - janari horrek indarturik pozez jarrai diezazun. Buka dezagun gure otoitza, Jesus gure Irakaslearen hitzak elkarrekin esanez: Gure Aita. Otoitza Sor ezazu, Jauna, gure arimetan, zure argi santua; eta egizu, zure jakinduriaz egin eta zure arduraz zaintzen gaituzunok, gure bizitzaz eta egitez zureak izan gaitezela. Zure Seme Jesukristo.