SALMOAK 1 Antifona Urtean zehar: Zure lurrarekin, Jauna, onbera agertu zara, barkatu diozu zure herriari gaiztakeria. Pazko aldian: Zuk pizten gaituzu berriro, Jauna, eta herria Zugan pozten da, alleluia. 84 Salmoa Hurbil dugu salbamena Salbatzailea bidaliz bedeinkatu zuen Jainkoak gure lurra (Origenes) Zure lurrarekin, Jauna, onbera agertu zara, on bihurtu duzu Jakoben zoria. Barkatu diozu zure herriari gaiztakeria, estali dizkiozu hoben guztiak. Eman diozu galga zure sumin handiari, atzera eragin diozu zure haserre-minari. Berpiztu gaitzazu, Jainko gure salbatzailea, utzi ezazu gugana daukazun haserrea. Gurekin betiko haserretu al zara? Zabalduko al duzu haserre hori gizaldi guztietara? Ez al gaitzazu berriro piztuko? Ez al da zure herria Zugan poztuko? Jauna, zure onginahia erakuts iezaguzu, zure salbamena emaguzu. Entzungo dut Jainko Jaunak dioen hitza: «Bakezkoa da Jainkoaren hitza, bere herri eta bere zintzoentzat, bihotzez Harengana itzulientzat.» Hurbil zaie Haren beldur direnei salbamena: gure lurrean Haren aintza biziko da. Onginahia eta leialtasuna elkarren bidera aterako dira, zuzentasuna eta bakea laztanka biziko dira. Lurretik erneko da leialtasuna, zerutik begira egongo zuzentasuna. Jainkoak on dena emango du, gure lurrak bere uzta ekarriko du. Zuzentasuna ibiliko da Haren aurrean, eta salbamena Haren urratsen bidean. Urtean zehar: Ant. Zure lurrarekin, Jauna, onbera agertu zara, barkatu diozu zure herriari gaiztakeria. Pazko aldian: Ant. Zuk pizten gaituzu berriro, Jauna, eta herria Zugan pozten da, alleluia. 2 Antifona Urtean zehar: Nire bihotzak irrikatzen zaitu gauean, nire gogoa zure bila dabil goizean. Pazko aldian: Itxaron dugu Jaunagan; Hark emango dizkigu argia eta bakea, alleluia. Kantika: Is 26, 1-4. 7-9. 12 Etsaiak garaitu ondorengo goratzarrea Hiriaren harresiak hamabi oinarri zituen (Ikus. Apk 21, 14) Bai sendo gure hiria! Harresi eta harresi-aurreko babes jarri dizkio. Zabal itzazue ateak, sar dadin herri zintzo eta leiala. Sendo dauka bihotza eta zaintzen du bakea, Zuregan baitu itxarobidea. Itxaron beti Jaunagan, Jauna baita Harkaitz menderen mendetan. Zintzoaren bidea zuzena da, Zuk zelaitzen duzu zintzoaren bidexka. Zure epaien bidean, Jauna, zain gaituzu, zure izena eta oroipena irrikatzen ditugu. Nire bihotzak irrikatzen zaitu gauean, nire gogoa zure bila dabil goizean; argitzen baitute lurra zure epaiek, eta zuzentasuna ikasten, lur osoan bizi direnek. Jauna, Zuk emango diguzu bakea, gure egite guztiak Zuk eginak baitira. Urtean zehar: Ant. Nire bihotzak irrikatzen zaitu gauean, nire gogoa zure bila dabil goizean. Pazko aldian: Ant. Itxaron dugu Jaunagan; Hark emango dizkigu argia eta bakea, alleluia. 3 Antifona Urtean zehar: Ager iezaguzu, Jauna, zure aurpegi alaia. Pazko aldian: Lurrak bere uzta eman du: poztu bitez kantari atzerriak, alleluia. 66 Salmoa Ospa bezate Jauna herri guztiek Jakin ezazue, atzerritarrei bidaltzen diela Jainkoak bere salbamena (Ap Eg 28, 28) Erruki bekigu Jainkoa, bedeinka gaitzala, ager diezagula aurpegi alaia; ezagutu dezaten lurrean zure bidea, herri guztietan Zugandiko salbamena. Ene Jainko, ospa zaitzaten herriek, ospa zaitzaten herri guztiek. Poztu bitez kantari atzerriak, zuzenbidez baitaramazu izadia; zintzo baitituzu gidatzen herriak, eta zaintzen lurrean atzerriak. Ene Jainko, ospa zaitzaten herriek, ospa zaitzaten herri guztiek. Lurrak bere uzta eman du, Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu. Jainkoak bedeinka gaitzala, lur-bazter guztiek beldur diotela. Urtean zehar: Ager iezaguzu, Jauna, zure aurpegi alaia. Pazko aldian: Lurrak bere uzta eman du: poztu bitez kantari atzerriak, alleluia. JAINKOAREN HITZA: 1 Jn 4, 14-15 Guk ikusi dugu eta aitortzen, Aitak bere Semea bidali zuela munduaren salbatzaile. Norbaitek aitortzen badu Jesus Jaungoikoa Semea dela, Jaungoikoa harekin dago, eta bera Jaungoikoarekin. GALDERANTZUNA R/. Zu zaitut, Jauna, * ihesleku eta gaztelu. Zu zaitut. V/. Ene Jainko, Zugan nago sendo. * Ihesleku. Aintza Aitari. Zu zaitut. Benedictus, ant. Eman digu Jaunak salbamen-indarra, bere Profeten bidez hitzeman bezala. ESKARIAK Gurtu dezagun Kristo, bere odolaz itun berriko herria erosi duena, eta eska diezaiogun: Gogoan izan, Jauna, zure herria. Gure errege eta erosle, entzun, egun honen hasieran, zure Elizak zuzentzen dizun gorespena, - eta emaiozu beti eta beti zure handitasuna gorestea. Jauna, Zu zaitugu gure uste eta itxaropen; - ez gaitezela horregatik lotsagarri geldi behin ere. Begira samurkiro gure ahuleriari, - eta Zu gabe ezer ez dezakegun ezkero, zatozkigu lagun. Oroi zakizkie, behartsu eta laguntzarik gabe daudenei; - eta egizu, orain hasten den egun honek ekar diezaiela lasaipena eta poza. Kristoren argiak gizon guztiei argi egin diezaien, eska diezaiogun Aitari etor dadila guztiengana bere erreinua: Gure Aita. Otoitza Jainko guztiz ahaltsua, Zuregandik datoz izaki guztien ondasunak eta edertasunak; emaguzu, bihotz alaiez egun hau hastea, eta zure eta senideenganako maitasunez lan eginda bukatzea. Zure Seme Jesukristo.